Ikerketa proiektu honek aurrerapen nabarmena suposa dezake endekapenezko gaixotasun neurologikoen azterketan, bereziki, Alzheimer gaitzaren diagnostiko eta tratamenduaren arloan. Dagoeneko patentatu duten bio-markagailu berri baten bitartez gaitza jasateko arriskua detektatu daiteke, pazientearen listua aztertuta, sintoma argiak azaldu aurretik. Testa 700 pertsonen artean frogatu dute eta kasu positiboak zein negatiboak identifikatzeko baliagarria dela ikusi dute.
Ikerketa oso garrantzitsua da tratamendu berriak sortzeko aukera zabaltzen duelako. Hurrengo pausua, diana terapeutikoak ikertzean datza, etorkizunean gaitzaren tratamendua lehenago hastea posible egingo duten farmakoak garatzeko. Geroa enpresak ahalik eta azkarren gizarteratzea nahi du test hau eta hori lortzeko lankidetza bila ari da gaur egun.
Geroa Diagnostics enpresa 2015ean sortu zen Eva Carro eta Gorka Orive ikertzaileak eta Juan Carlos del Castillo enpresa bioteknologikoen kudeaketan aditua elkartu zirenean. Alzheimer gaitza ikertzea eta gaitz hau sufritzen duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko bideak aztertzea du helburutzat Arabako Parke Teknologikoan kokatzen den startup honek. Gaur egun, Parkinson gaitza ere ikertzeko proiektu bat ere badute.