Jose Manuel Ruiz de Cenzano: "Formazioa eta sare sozialak indartzea dira helburuak"

Mireia Bikuña 2017ko ots. 10a, 12:00
Jose Manuel Ruiz de Cenzano, Zubikoa kiroldegian.

Oñatiarra da eta Euskal Eskubaloi Federazioko presidente kargurako berretsi dute. Bigarren agintaldia beteko du eta garbi ditu hurrengo lau urteetarako helburuak: formazioa eta sare sozialak indartzea.

Euskal Eskubaloi Federazioko presidente berretsi zaituzte. Zorionak!

Eskerrik asko! Hori zen gure helburua. Zortzi urtez egotea federazioan. Hortaz, helburua bete dugula esango nuke.

Lehen agintaldiari dagokionez, ze balorazio egiten duzu?

Aurreikusitako asmoen %80 bete ditugula esango nuke. Bukatu barik geratu diren horiek hauteskundeetara aurkeztutako proiektuan sartu ditugu.

Bereziki pozik zaude formazioari eman diozuen bultzadarekin.

Kirol elkarteen eskaera zen formazioari indarra ematea. Euskadiko titulazioa atera ahal izateko ikastaroak egin ditugu, baita nazional mailako titulua ateratzeko ikastaroa ere. Titulazio hori duten entrenatzaile oso gutxi daude eta beharrezkoak dira taldeak aurrera eramateko. 39 ikasle egon ziren, eta 35 euskaldunak ziren.

Epaileen formazioan ere badiharduzue lanean.

Bereziki, epaileen kalitatea hobetu gura dugu. Epaileak egon badaude. Lau urteotan zazpi bikote igora dira nazional mailara, eta hori seinale ona da. Formazioa euren maila hobetzeko bideratzen dugu. Formazioa eta partiduak zuzentzea dira maila hobetzeko bideak.

Beste lau urte dituzue aurretik, beste hainbat helburu betetzeko. Adibidez?

Sare sozialak. Hori da gure erronka nagusietako bat. Kirol elkarteek asko erabiltzen dituzte eta gu geu behartzen gaituzte bide horretara. Informazio iturri azkarrak dira. Hortaz, pertsona bat ipini beharko dugu horretara, buru-belarri.   Garai berriak datoz eta gu ezin gara atzean geratu arlo horretan.

Boluntarioekin egiten duzu lan.

Hala da. Bestela, ezinezkoa litzateke. Diru apur bat kobratzen dute, baina euren lanbideetatik kanpo egiten duten lana da.

Nolakoa da euskal eskubaloiaren egungo panorama?

Ona. Asko hobetu da egoera azken 35 urteetan.

Eta bailarakoa?

Lan handia egiten da. Indartsuen Oñatiko eskubaloia dago. Akaso, tradizio handia izan duelako beti. Arrasaten lan handia egiten dabiltza talde berriak osatzeko, eta Bergaran beste horrenbeste. Txalogarria da egiten duten lana.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak