Vinux: ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat egokitutako sistema operatiboa

Ubuntun oinarritutako distribuzio egokitua da Vinux, ikusmen behar bereziak dituzten pertsonentzat bereziki diseinatua.

Sistema operatibo gehienek ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat funtzio bereziak dituzte, nahiz eta gehienak konfiguratu edo eskuz instalatu beharra dagoen. Linux distribuzioen mundu zabalean hala ere, behar eta nahi askotara egokitu diren sistemak aurkitu daitezke, lehen momentutik eta funtzio gehigarririk instalatu gabe erabili daitezkeenak. Horien artean aurkitzen da Vinux izeneko distribuzioa.

Distribuzio hau Ubuntu gainean eraikitako distribuzioa da, nolabait esateko, Ubunturen bertsio egokitu bat. 2008an garatu zen Erresuma Batuko Royal National College for the Blind-en proiektu bat bezala, ikusmen arazoak dituzten pertsonei zuzenduriko unibertsitate batean hain zuzen. Distribuzio honen helburua ordenagailuaren erabilera erraztea da ikusmen arazoak dituzten pertsonei, baita itsuak diren pertsonei ere. Hainbat pantaila irakurle ditu sistemaren barnean, teklatu bidezko nabigazioa, lupak eta Braille hizkuntza era natural batean integratuz, erabilera errazago bat posible eginez. Gainera, irisgarritasuna hobetzeko beste hainbat aplikazio era natiboan barneratzen ditu distribuzio honek.

Bestalde, Vinuxek barneratzen dituen tresna guztiak Ubuntun ere instalatu daitezke arazo gabe, eskaintzen duten errepositorio publikoari esker. Gainera, proiektuaren wikian ataza desberdinak pausuz pausu nola egin azaltzen duten hainbat gida eskuragarri daude.

Distribuzioaren azken bertsioa, Vinux 5.1, dohain eskuratu daiteke proiektuaren webgunean bertan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.