"Adostasun politikoa bete beharrekoa da programan aritzeko"

Ubane Madera 2017ko ots. 3a, 12:50
Maribel Vaquero, Bake eta Bizikidetzako zuzendaria.

Eguaztenean Debagoienean izan zen Maribel Vaquero, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendaria. Bergarako eta Oñatiko udaletxeak bisitatu zituen. 

Programa aurkeztean, diozue azken hamarkadan egindako lanaren jarraipena dela; zergatik?
Gipuzkoako Foru Aldundiak 12 urteotan izan du Giza Eskubideen zuzendaritza. Haren bitartez, edo diruz lagundu dira edo programak egin dira bakegintzaren edo bizikidetzaren inguruan. Legealdi honetan, ildo horretatik jarraitzeaz gainera, programa berezi bat egin dugu, oinarri jakinekin eta lan eremu jakinei zuzenduta. Bi lan ildo proposatzen dizkiegu udalei: batetik, hitzarmen bat egin dezatela urte guztirako programa jarraitu bat egiteko, eta horretarako dirulaguntza deialdia dute –datorren astean publikatuko da, aurten 210.000 eurokoa–; eta bestetik, aukera dute urteko programa egiteko aukerarik ez duten udalek, diputazioak berak udalerri horietan bizikidetzaren aldeko ekimenak sustatzeko.

Zergatik da garrantzitsua udalekin elkarlanean egitea?
Udalak dira herritarrek gertuen duten administrazioa. Agente aktibo dira. Lidergoa dute eta erreferentziazkoak dira. Askoz gertuago dago udal bat Diputazioa baino. Nahi duguna da aliantza egin udalerriekin, udalak lagundu, adostasun politikotik abiatuta, herri horietan bizikidetzaren aldeko lanketa egiteko.

Zela lantzen da zuen eta udalen arteko harremana?
Iaz hasi genuen programa. Aurkezpen formal bat egin genuen diputatu nagusiarekin eta gonbidatu genituen lan hauetan historiko diren hiru udalerri: Elgoibar, Irun eta Errenteria. Gero, bi jardunaldi egin ditugu alkate eta zinegotzi guztiei zuzenduta, eta ekarpenak jaso ditugu. Beraz, programa ez da ezerezetik abiatu. Esperientzia bat badago, printzipio batzuk ezarri zaizkio eta konpartitu dugu nola garatu prozesu hau udalekin. Neu udaletxeetara joaten naiz, eta bertan elkarrizketak egiten ditut, ez bakarrik gobernuan dagoen taldearekin, baita gainontzeko alderdi politikoekin ere, guztiekin batera; eta programa aurkezten zaie. Zergatik? Oso inportantea delako adostasun politikoa. Zauri asko ditugu euskal gizartean, Gipuzkoan, bereziki, eta konfiantza asko galduta dago alderdi politikoen artean eta ordezkaritza daukatenen artean. Ze urte askotan elkarrekin bizi izan gara, baina elkarri begiratu gabe, eta konfiantza hori ere landu egin behar da. Hortaz, joan egiten naiz, esplikatu egiten dut eta interesa sortzen da, orokorrean. Adibidez, urte batetik bestera zazpi udalerri gehiago dabiltza bizikidetza lanketan.

Ze motatako lanketa egiten da?
Adostasun politikoa lantzea bete beharrekoa da. Interesgarria da adostasun/lanketa politikoa egitea udal barruan, baina baita bizilagunek parte hartzeko foroak lantzea, epe honetan sufritu dugun indarkeriarekin sortutako zauriekin lanketa egingo duen herritar taldeak sortzea, ideologikoki ahalik eta anitzena. Giza eskubideak ere landu behar dira: eskoletan, pedagogikoki, eskoletatik kanpo… udalerri bakoitzak erabakitzen du nola egin. Ekitaldi memorialistak lantzea ere garrantzitsua da: terrorismoaren biktimekin, –ETAkoak, GALekoak, Batallon Vasco Españolekoak…– Beste aukera bat da biktimak erreparatzea eta ikustea udalerri horietan zein den euren egoera. Presoen birgizarteratzea ere landu behar da… Gutxieneko marko horretan mugitu behar dugula iruditzen zaigu. Ze indarkeria edo gatazka urte hauetako ondorioak latzak izan dira, eta badugu mahai gainean memoriaren gaia, baina baditugu biktimak ere –guztiak–, baita presoen gaia ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak