2016ko pasahitz erabilienak

Argazkia: Wikimedia.org

Keeper Security enpresak bere blogean 2016an erabilienak izan diren pasahitzak argitaratu eta segurtasun gabezia nabarmenak agerian uzten ditu.

Keeper Security Interneteko pasahitzen segurtasuna bermatzera dedikatzen den enpresa bat da eta mundu osoko 10 milioi kontuetako pasahitzak aztertu ditu ikerketa honetan. Listako lehenengo postuan 123456 aurkitzen da %17 batekin, 123456789, qwerty, 12345678, 111111, 1234567890, 1234567, password, 123123 eta 987654321-ez jarraituta. Pasahitz hauen segurtasun maila oso baxua dela esan daiteke, edozein motako eraso baten aurrean oso ahulak direlako eta segundo gutxi batzuetan asmatu daitezkeelako. Listan seguruak diruditen beste pasahitz batzuk ere agertzen dira, 18atcskd2w adibidez, baina botek (giza jarrerak simulatzen dituzten programazio hutseko robotak) sortutakoak direla uste da, ziurrenik spam eta phising ekintzatarako.

Pasahitz hauek gogoratzeko errazak direlako erabiltzen dira gehien, etxeko telefonoa, N.A.N. zenbakia, urtebetetze data eta beste halako asko bezala, baina ez dute segurtasun neurri minimoak betetzen. Erraz gogoratzeko eta asmatzen zaila den pasahitz bat egiteko letra larriak eta xeheak, zenbakiak eta karaktere bereziak tartekatu behar dira gutxienez 8 karaktereko luzera izango duen pasahitz batean. Horretarako, karaktere multzo aleatorio bat sortu daiteke, X5t26&g3bu71@WE adibidez, pasahitz seguru eta asmatzeko zaila dela pentsatuz, baina gogoratzeko ia ezinezkoa izango da inolako zentzurik ez duelako. Aldiz, esaldiak erabiltzen badira pasahitz seguruak eta gogoratzeko errazak sortu daitezke: (123456)EzDaPasahitzOna adibidez, karaktere multzo aleatorio bat bezain segurua da eta askoz errazagoa da gogoratzen. Bi edo hiru hitz eta zenbaki bat lotzen dituen esaldi zentzudun bat pentsatuz gero, gogoratzeko erraza eta segurua izango den pasahitz bat sortu daiteke.

Beste aukera bat pasahitz kudeatzaile bat erabiltzea da. Kudeatzaile hauek pasahitz desberdinak gordetzeko balio dute pasahitz bakarraren segurtasunaren azpian, eta oso erabiliak dira kontu eta zerbitzu asko kudeatzen dituzten pertsonen artean. Hala ere, pasahitz bakarraren azpian egotearen arriskua dute.

Azken gomendio bezala, sarean zerbitzu bat baino gehiagorentzat pasahitz berdina erabiltzea ez da oso segurua, behin asmatuta zerbitzu guztietarako sarbidea izatea suposatzen baitu. Pasahitz berdinaren bariazio desberdinak erabili daitezke leku bakoitzean. Adibidez, Plazan7tan[Posta], Plazan7tan[Txio] eta Plazan7tan[Argazkiak] bezalako bariazioak erabili daitezke pasahitz desberdinak eta gogoratzeko errazak sortzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.