Adingabekoak eta Internet: nola hasi etxean?

Interneti lotutako teknologiari, “teknologia berriak” deitzen jarraitzen zaio; baina gaur egungo haur gehienek txikitatik ezagutzen dute “berri” deitzen zaion teknologia mota hori. Adingabekoentzat, sarea informazio iturri garrantzitsua bilakatu da, baina baita arrisku askoren sorburua ere.

Haurrek, guraso eta hezitzaileen aholku eta informazioei esker ikasten dute txikitatik arriskuei aurre egiten: bidea gurutzatu aurretik ea autorik datorren begiratzen, suak erre egiten duela, oinetakoetako hariak lotu ezean erori egin daitezkeela, garbitasuna garrantzitsua dela, etab. Arrisku bat agertzen denean, hori arriskutsua dela esango dion norbait behar du haurrak alboan, eta teknologiarekin ez litzateke ezberdina izan beharko.

Nola babestu seme-alabak sareko mehatxuetatik?

Lehenik eta behin, gurasoek ezagutza behar dute izan. Ikertu eta frogatu egin behar dira webgune mota ezberdinak eta sare sozialak. Honekin lotuta, eguneratuta mantentzea funtsezkoa da; teknologia etengabe doa aurrera, eta garrantzitsua da sare sozial eta tresna berriak ezagutzea. Gai honi buruz hitz egiten duten webgune eta blogak identifikatu eta jarraitu ditzakete aita-amek.

Bestalde, garbi izan behar da helburua arriskuei buruz informatzea dela, eta ez beldurtzea. Internet ongi erabiliz gero, onura asko izan ditzake. Hasieran, haurrarekin batera nabigatu dezakete gurasoek, bakarrik ibiltzeko jakintza eta gaitasuna duela erabaki arte.

Internet mundu errealaren parte da

Internet mundu fisikoa ez dela ikusteak, erreala ez dela pentsarazi dezake eta beraz, leku oso segurutzat hartzea. Horregatik, arriskuak, zerbait oso larria gertatu arte, zailagoak dira identifikatzeko haurrentzat. Honen aurrean, kasu errealak erakustea izan daiteke aukera bat: ziberbullyinga jasan duen haur batena, mila euroko erosketa egin duenarena, erabiltzailea lapurtu diotenarena, eta abar.

Interneten sarri erabiltzen diren ezizen edo izen faltsuek ere ez dute laguntzen sarea errealitatearen parte ikusten. Sareko hainbat webgunetarako (adib. jolasak, txatak) nickname bat sortzeak ez du edozer egin eta esateko baimena ematen. Izen faltsuek ez dituzte erabiltzaileak beste pertsona baten bilakatzen. Gainera, garrantzitsua da haurrak jakitea, ezizen bat erabili eta daturik eman ez arren, jarrera desegokia duen pertsona nor den jakiteko bidea dagoela.

Arriskuen zerrenda

Haurrak sarean bilatu ditzakeen mehatxuen zerrenda bat egin daiteke. Ostean, garrantzia eta adinaren arabera sailkatu daitezke, gai bakoitza gurasoak egokia deritzon momentuan azaltzeko.

Sare sozial bakoitza ezberdina da, eta denentzako baliagarriak diren aholkuak lantzeaz gain, interesgarria da bakoitza banaka aztertzea.

Akordioa

Adingabearen adinaren arabera kontratu bat adostu daiteke guraso eta gaztetxoaren artean: Sarean egin dezakeena eta ez, ordutegiak, gurasoak izan dezaketen kontrola nolakoa izango den eta adingabearen pribatutasunaren errespetua, sare sozialen erabilera arduratsua eta abar. Akordioa bete ezean egongo diren ondorioak zehaztu eta betetzen direla ziurtatu behar da beharrezkoa den kasuetan. 

Guraso-kontrola

Zoritxarrez, informazio guztia emateak, ez ditu arrisku guztiak desagerrarazten. Horregatik, guraso-kontrola izeneko ezarpenak ezartzea, interneteko erabilerari segurtasun barrera bat gehitzeko modua izan daiteke: webgune mota batzuetarako sarbidea mugatu, orrialde zurien eta beltzen zerrendak sortu, ikusi diren webguneen laburpenak atera, … Aukerak anitzak dira, eta kasua eta adinaren arabera, bata edo bestea aukeratu dezake gurasoak. Beti ere, kontrola eta espioitzaren arteko muga begi bistatik ez galtzen saiatuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.