Amaitu ez dute pozik egin Mondrakoek

Julen Iriondo 2017ko urt. 21a, 19:29
Mondrakoak gola ospatzen.

Partidu kaxkarra izan da arratsaldean Mojategin jokatutakoa, eta Mondra markagailuan aurretik jarri bada ere, atsedenaldiaren aurretik lortu du Elgoibarrek berdintzea. Bigarren zatian ez da golik izan.

Joko gutxiko norgehiagoka izan da Mondraren eta Elgoibarren artekoa. Aukera garbirik apenas, nahiz eta etxekoak izan diren aurkariaren area inguruan gehiago ibili direnak. Elgoibarrek ez du gol aukerarik sortu, eta egin duena arrasatearren huts baten ondorio izan da.

Lehen zatiko erdi aldera hartu du aurrea markagailuan Josu Zubiaren taldeak. Elgoibarren area ertzean baloia berreskuratu, eta eskuin hegaletik egindako erdiraketa ondo aprobetxatu du Iker Uribarrenek gola egiteko. 42. minutuan, baina, zelai erditik ateratako falta batean bide erdian geratu da Mondrako atezain Ander Ruiz de Azua, eta burukada buruz gain pasata berdindu du Elgoibarrek.

Bigarren zatian ere aukera gutxi. Garbiena, Mondrak; etxekoen gola ekarri duen jokaldiaren oso antzerako batean, Asier Santxok ez du baloiari ematen asmatu, dena alde zuenean.

Azkenean puntu bakarra etxekoentzat, eta horixe murriztu diote Anaitasuna liderrari –pena, hiru izan zitezkeen-eta–, hark galdu egin baitu etxean Ordiziaren kontra. Hain justu, Ordizian jokatuko du Mondrak hurrengo jardunaldian.

Ohorezko Erregional mailan jarraituz, Aloña Mendik 1-0 galdu du Real Unionen zelaian. Erregional Preferentean, berriz, Bergarak 2-0 irabazi dio Zumaiakori, eta lider sendo jarraitzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak