8.100 landun gehiagorekin bukatu zen urtea

Leire Kortabarria 2017ko urt. 21a, 08:00

2016an, langabezia-tasa %2,2 jaitsi da Euskadin (%14,7tik %12,5 izatera pasa da), eta 8.100 biztanle okupatu gehiagorekin bukatu zen urtea, Eustatek emandako datuen arabera.

Euskadiko biztanle okupatuak 8.100 gehiago dira, 2015eko laugarren hiruhilekoaren aldean. Emakumeei eragin die batik bat okupazio-handitzeak, 5.500 gehiago baitira; gizonen kasuan, 2.600 gehiago.
Hiruhilekoen arteko aldeak bistarazten ditu Eustatek. Hala, 2016ko laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 2.400 langabe gutxiago zeuden. Okupatuak 903.000 ziren, aurreko hiruhilekoan baino 8.300 gutxiago.

Udan, aldi baterako okupazioa asko hazi zen, ohi bezala; laugarren hiruhilekoan 16-24 urte bitartekoen artean zegoen okupazio jaitsierarik handiena (-5.700, okupazio jaitsieraren %69). Gizonei eragin die batik bat okupazio-jaisteak, aurreko hiruhilekoan baino 11.100 gutxiago; 2.800 emakume okupatu gehiago zeuden. Bizkaian 6.600 okupatu gutxiago zeuden; Gipuzkoan, 4.200 gutxiago; Araban, aldiz, 2.400 gehiago.

Sektore guztietan jaitsi da okupazioa

Jarduera sektore guztietan dago okupatu gutxiago. Hala, Industrian 5.900 okupatu gutxiago zegoen urte bukaeran; zerbitzuetan, 2.000; lehen sektorean, 400. Eraikuntzak lehengoan jarraitzen zuen.

Okupazio-tasa, 16tik 64 urtera bitarteko biztanle-kopuruaren gainean landunek duten ehunekoa, %65,9 zen urte bukaeran, aurreko hiruhilekoan baino %0,3 gutxiago. Gizonentzat %69; emakumeentzat %62,7.
Okupazio-tasarik altuena Gipuzkoak zuen: %67,6, aurreko hiruhilekoaren aldean 0,6 puntu gutxiago; %66,9, Arabak, 1,3 puntu gehiago; Bizkaiak, %64,5, 0,7 puntu gutxiago.

Familien erdiek baino gehiagok kide guztiak lanean dituzte

2016ko laugarren hiruhilekoan 872.300 familia-etxe zeuden EAEn; 591.800etan bazen pertsona aktiborik (-4.800 aurreko hiruhilekoaren aldean). Erdiak pasatxoan pertsona aktibo guztiak okupatuta zeuden, aurreko hiruhilekoan bezalatsu; 49.900 familia etxetan ez zegoen landunik, +1.900 aurreko hiruhilekoaren aldean. Aktiborik gabeko familia etxeak 280.500 ziren, +4.800.

2.400 langabe gutxiago; langabezia, %12,5; aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gutxiago
Langabeak, hots, lan bila aktibo aritu eta lanerako prest daudenak, 2016ko laugarren hiruhilekoan 129.300 ziren, 2.400 gutxiago aurreko hiruhilekoan baino. Emakume langabeak 63.200 ziren, 4.000 gutxiago. Gizonak, 1.500 gehiago, 66.100.

Emakume langabe gutxiago

2016ko laugarren hiruhilekoko langabezia-tasa, %12,5, aurreko hiruhilekoaren aldean 0,1 puntu txikiagoa da. Emakumeen langabezia %12,8ra jaitsi da (ehuneko 0,8 puntu gutxiago); gizonena 0,5 puntuz gehitu, %12,2ra. Gazteen langabezia-tasak altuena izaten segitzen du, %24,8 (ehuneko 0,8 puntu gutxiago); 16-24 urte bitarteko 9.400 gazte aktibo langabezian.

Langabe-jaitsierarik handiena, Araban (-5.000); langabezia-tasa, %10,8, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 3,1 puntu gutxiago. Bizkaian %14, lehengoan; 1.000 pertsona gutxiago, 75.700 guztira. Gipuzkoan %10,9ko tasa dugu; 3.500 langabe gehiago, ehuneko puntu bat gehiago.
EUROSTATen arabera (Europar Batasuneko Estatistika Bulegoa), 2016ko azaroan, 28-EBko langabezia-tasa %8,3 zen; Espainiakoa, %19,2.

Landunen eta langabeen bilakaeren ondorioz, jarduera-tasa %56,4 da 2016ko laugarren hiruhilekoan, aurrekoan baino %0,6 azpitik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak