Jakiberri proiektuaren helburu nagusia da urrirako martxan izatea euskal janari lasterra eta osasungarria ekoizten duen enpresa bat.
Horretarako, proposamen eta ideia desberdinak jasotzen ari da lantaldea, bide ezberdinak erabiliz. Zehazki, hiru dira proposamenak jasotzeko erabiltzen ari diren bideak edo lan-lerroak, Aitor Orobengoa Isea kooperatibako kidearen arabera.
Lehenik, lehiaketa bat dago, edozeinek parte hartu eta bere proposamen edo kontzeptua aurkeztu dezakeena. Martxoaren amaierara arte egongo da indarrean lehiaketa. "30 prototipo ezberdin jaso ditugu dagoeneko", adierazi du Orobengoak.
Bigarrenik, azkeneko 10 urteetan pintxo lehiaketa ezberdinetan sari gehien jaso dituzten lau sukaldari aukeratu ditu lantaldeak. "Hauei proposatu diegu kontratu bat, euren kabuz prototipo edo kontzeptuak garatu ditzaten. Bakoitzak lauzpabost proposamen ekarriko dizkigu idatziz eta gure oniritzia jasotzen badute, bakoitzaren prototipo bat egingo lukete, diru kantitate baten truke.
Azkenik, Basque Culinary Center-ek aukeratutako bost sukaldari daude, "etorkizun handikoak izan daitezkeenak". Haiei ere gauza bera eskatu die lantaldeak. "Sukaldari hauek, dagoeneko, beren jatetxeak dituztenak dira, profesionalak direnak, baina oraindik ez direnak iritsi euskal sukaldari handi horien izena edukitzera", dio Orobengoak.
Hiru bide hauetatik jasotako prototipo guztiak batu egingo dira eta dastatze publiko bat egingo da, Basque Culinary Center-en, Donostian. "Agian, beste bat Debagoienean ere egingo dugu, uda inguruan, baina ez daukagu ezer zehaztuta".
Ondoren, bi pauso
Dastatzearen ostean, bi pauso geratuko lirateke egiteko. Batetik, prototipoen hobekuntza. "Prototipoa merkaturatzeko hobetu egin behar da, benetan izan dadin euskalduna, benetan lasterra eta benetan osasuntsua. Hori ekainetik aurrera egingo dugu", onartu du Orobengoak.
Azkenengo urratsa euskal janari lasterra eta osasuntsua lantzen duen enpresa bat sortzea izango litzateke. "Enpresa hori martxan jartzeko plangintza bat behar da, hau da, produktu horiek non egingo diren, nola salduko diren, salmenta eredua zein izango den, ze salneurritan salduko diren, eta abar".
Gaur egun, sei enpresa ari dira proiektu horretan lanean. Hala ere, beste sei enpresek ere nahi dute parte hartu. "Hori da nahi duguna, ahalik eta enpresa gehienek parte hartzea, ahalik eta irekiena izatea".