Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak abiarazi zuen iaz Bertsotruk ekimena, herri ezberdinetako helduen bertso eskolen arteko harremana sustatzeko asmoarekin.
Iazkoak izan zuen harrera onak bultzatuta abiarazi dute bigarren edizioa. 27 talde ari dira, bederatzi multzotan banatuta, ezaugarri ezberdinak dituzten bertso saioak egiten.
Aretxabaletan, etzi
Debagoieneko, Lasarte-Oriako eta Larrabetzu-Mungiako bertso eskolen arteko topaketa egingo dute. "Debagoienean hainbat bertso eskola daude, baina talde bakarrean batuta gaude; hori horrela, Aretxabaletako, Bergarako eta Arrasateko bertsolariekin osatuko dugu etziko taldea. Herriko Plazan elkartuko gara, 19:00etan, eta erdiguneko tabernetan zehar bertso-poteoa egingo dugu gaiteroek lagunduta. Ondoren, Muru-alde elkartean afalduko dugu elkarrekin, bertsotan jarraitzeko asmoarekin. Abenduan Mungian elkartu ginen, eta Udaberrian gonbidatuko gaituzte Lasartera", azaldu du Martin Berrizbeitiak, Aretxabaletako Lekaixoka bertso eskolako kideak.
Txinparta gazte taldeak antolatuta
Txapelketa formatukoa izango da Antixena gaztetxean (19:00) bihar egingo duten saioa, eta publikoak erabakiko du zein den irabazlea. "Saioak bi zati izango ditu: lehenengoan, taldeka jardungo dute, eta talderik onena pasatuko da bigarren fasera; buruz buruzkoa egin beharko dute talde horretako kideek gero, eta hortik aterako da irabazlea. Hiru talde izango dira lehian: Oñatikoan, Bittor Zubiagirre eta Aitor Tatiegi; Eskoriatzakoan Haizea Arana eta Oihana Arana; eta Zarautz-Getariako Libe Goenaga eta Ane Peñagarikano", azaldu du Urko Arregik, Txinparta gazte taldeko kideak eta bertso saioko antolatzaileak.
Sarrera doan da eta saioaren ostean luntxa prestatuko dutela iragarri dute antolatzaileek.