Igor Elortza: "Sendabide kultural kolektiboa da, gurea"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko urt. 15a, 12:15
Igor Elortza bertsolari eta gidoilaria, bulegoan lanean.

Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek idatzi dute Francoren bilobari gutuna antzezlanaren gidoia. Errautsak (2010) idazteko enkargatu zieten aurrez, eta orduko oroitzapen onak gogoan, samur eman zioten baiezkoa egitasmo berriari. Debagoienera dator urtarrilean antzerki lana.

Artedramak, Dejabu Panpin Laborategiak eta Le Petit Theatre de Pain taldeen lana, Oñatiko Santa Ana aretoan egingo dute urtarrilaren 22an eta, urtarrilaren 29an, Amaia antzokian. Bibe.me eta Arrasate.eus-en eskura daitezke sarrerak.

Zer moduz moldatu zarete?
Errautsak antzezlanean gure lana, aktoreen inprobisazioetako bideoetan oinarrituta, dialogatzea izan zen, batez ere. Edonola ere, gaia oso landuta zegoen aurretik. Oraingoari dagokionez, antzezlanaren oinarrizko ideia eta pertsonaia eta eszena gutxi batzuk besterik ez zeudenean sartu ginen. Gehiago hartu dugu parte bai gaiaren bai tramaren osaeran, eta urte eta erdian zehar aktoreen hainbat egonalditara joan izan gara, eta, batez ere Ximun Fuchs zuzendariarekin, apurka-apurka joan gara obra osatzen talde-lanean. Oso aberasgarria izan da profesionalki eta ederra benetan lana zelan joan den eraikitzen bizitzea.

Antzezlana sortzeko hainbat gogoeta egin dituzue.  
Kontakizunaren oinarrizko ideia hori zen: frankismoak euskaldunongan, gerra bizi izan zuten zein gaur egungo euskaldunongan, izan duen eta duen eragina komunitate moduan zelan bizi izan dugun; eta zelan sendatu dezakegun elkar, ez dira-eta auzi pertsonalak.

Dokumentazio lan handia dago.  

Hainbat liburu irakurri ditugu: Günter Andersek Eichmannen semeari idatzitako gutuna jasotzen duen Gu, Eichmannen seme-alabak, horien artean. Eichmann izan zen juduen sarraskiaren arduradun nagusietako bat, eta Andersek haren ondorengotzaz gogoeta proposatzen digu bai haren semeari, bai nazismoaren ondorengo munduan bizi garen Eichmannen seme guztioi. Nathalie Zadge etnosikiatraren Bizirik iraun dutenak ere irakurri eta aztertu dugu. Zadgek gertakari traumatikoak bizi izan dituzten gizataldeen eta trauma horien belaunaldiz belaunaldiko transmisioa aztertu izan ditu, eta horien sendabideaz gogoetatu, sendabide horrek kolektiboa eta kulturala izan behar duela ondorioztatuz. Pertsonaiak eraikitzeko, berriz, Oliver Sacksen hainbat lan irakurri ditugu; eta hainbat pelikula, dokumental eta erreportaje ere partekatu ditugu.

Ximun Fuchs zuzendariak dio, Franco ez zaiola interesatzen, baizik eta haren arrastoak.

Horixe da hain zuzen antzezlanaren gaia. Trama, berriz, amaraun bat da, Espainiako Gerrako zein gerraosteko hainbat gertaerek eta gertaera horiek gaur egun kokatutako ospitale batean batzen diren pertsonaiengan eragiten dituzten bizipenek osatua. Zinta-dantza bat da; ardatz berean korapilatzen doazen istorioak dira, elkarrekin askatu behar direnak.

Diozue, ez dela, atzera begiratzeko lana, orainaldira baizik. Epaitegiek egin ez duten moduan, antzezlanarekin justizia egitea da helburua?

Buff. Epaitegiak… Alde horretatik, Andersengana baino Zadgerengana joko dut. Frankismoak gugan duen eraginaren sendabide kultural kolektibo bat proposatzen dugu. Eta gauza bat atera dut garbi: gaur-gaurkoz behintzat, artearen lengoaia da eraginkorrena horretarako gurean; ikusleen bizipenak eta gogoetek erakusten dute politikoki edo judizialki, are lekukotzen bitartez ere, adierazi ezin direnak indar handiz komunikatu ditugula.

Zergatik kokatu ospitale batean?

Ospitalea metafora bat da, neurri batean. Gaixorik dagoen jendarte baten metafora, baina baita gertaleku atenporal samar bat ere, orainalditik iraganera joan-etorriak egitea ahalbidetzen diguna. Eszenikoki, gainera, oso ondo landu dute hori dramaturgia aldetik, eta horrexek ematen dio egitura ikuskizunari: denbora, pertsona, bizipen eta gogoeten amaraun bat da.

Zein izan da jarraitu duzuen lan-prozesua?

Talde-lan handia izan da. Oinarrizko ideia horrek egitura zatikatua berarekin zekarrenez, Unai eta bion artean pertsonaiak eta eszenak banatzen joan ginen hasieran. Ondoren dena partekatzen genuen, eta egitura zatikatu horren loturak josten joan. Prozesu ezin aberasgarriago horren gidaritza Ximunek izan du beti, baina lasai eztabaidatu eta adostu dugu. Uztailean bidali genien azkeneko bertsioa aktoreei eta irailean egin genituen azken orraztuak.

Euskal Herriko hiru antzerki taldek elkarlanean egindakoa da. Ze garrantzia ematen diozu?

Handia. Azken urteetan egiten dabiltzan lana izugarria da: euskaraz sortu, euskaldunon auziez, gaurtik begira iraganari zein etorkizunari, eta hori guztia egitura profesional bat emanez prekarietate guztien gainetik, eta, gainera, aldiro jende berria formatuz lan artistikoan zein kudeaketan... Alde batetik, mina eta lotsa ematen dit, ze oraindik ere eskean eta baldintza eskasetan lan egin behar dugu halakoak atera ahal izateko. Bestetik, poza eta harrotasun handia, neu honen guztiaren zatitxo bat gehiago izateagatik.

Gustura emaitzarekin?

Oso. Esango nuke ikuslea tripatatik harrapatzen duen lana dela, eta barre-algaratik negarrera oso tarte txikian pasatzen dela. oso intentsua da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak