Presoen eskubideen aldeko manifestazioak Bilboko kaleak bete ditu

Maite Txintxurreta 2017ko urt. 14a, 19:58
Manifestazioaren burua, atzean milaka lagun dituelarik (argazkia: Dani Blanco, Argia)

Naiz eta Gara hedabideen arabera, 78.000 lagun bildu dira gaur arratsaldean Sare antolakundeak deituta Bizkaiko hiriburuan egin duten mobilizazioan, tartean, hainbat eta hainbat debagoiendar. Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde. Euskal presoak Euskal Herrira izan da leloa.

Goizetik hasi da jendea Euskal Herriko leku desberdinetatik Bilbora iristen. Tartean, bailarako herri guztietako milaka debagoiendar, gaurko mobilizaziorako propio antolatutako autobusetan zein euren kabuz joan direnak. Esaterako, Oñatitik sei autobus eta Bergaratik zazpi atera dira.

Deialdia 17:30erako bazen ere, hogei minutu beranduago abiatu da manifestazioa La Casilla plaza ondotik, espetxeetara joan-etorriak egiten dituzten Mirentxineko furgoneten, presoen senideen eta Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde. Euskal presoak Euskal Herrira zioen pankartaren atzetik.

Martxak aurrera egin ahala, Autonomia kalea jendez betetzen joan da ezker-eskuin. Martxa Zabalburu plazatik igaro da eta Hurtado de Amezaga kalean behera egin ostean Plaza Biribiletik pasa eta udaletxeko zubia zeharkatu du. "Euskal presoak etxera!" bezalako aldarrikapenak oihukatuz joan da jendea ibilbide osoan zehar, harik eta udaletxera iritsi arte. Abiatzean Bilbon ateri zegoen arren, euripean egin behar izan dute manifestazioaren zati handi bat.

Antolaketa taldeko kideek manifestariei banatutako kartoizko atzamar erraldoiak, Salatzen dut leloa zeramatenak, bide osoan zehar ikusi ahal izan dira. Gainera, hainbatek Justizia Jauregiko sarreran utzi ditu atzamarrok, mezua helarazteko asmotan.

Lehenengo senideak iluntzeko zazpiak baino minutu batzuk lehenago hasi dira udaletxera ailegatzen. Geroxeago, bertan, bukaerako ekitaldia egin dute.

Mezu baikorra amaieran

Manifestazioaren burua Bilboko udaletxe parera heltzean, Nerea Aliasek eta Andoni Aizpuruk komunikatua irakurri dute bukaerako ekitaldiaren baitan. Gaurkoan Bilbon bildutakoen aldarrikapenak Madrilen, Parisen, frantziar zein espainiar Estatuetako kartzeletan eta erbestean entzun daitezela eskatu dute: "Entzun gaitzaten nahi dugu; orain, momentu honetan, euskal presoen eskubideak urratzen dihardute".

Hala, Bilboko kaleak bete dituzten manifestariei zorionak eta esker ona luzatu diete, aldarrikapenak oihartzuna izan dezan laguntzearren: "Berriz ere Bilboko kaleak bete ditugu, beste behin ere hemen herri oso bat dagoela erakutsi dugu, isilik egoteko prest ez dagoen herria, etxean geratuko ez den herria. Bere izenean presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak urratzen utziko ez duen herria".

Baikortasunez, aurtengoa giza eskubideak, konponbidea eta bakea, manifestazioaren leloak jaso dituen hiru eskabideak erdiesteko "urte erabakigarria" izango dela esan dute Aliasek eta Aizpuruk. Era berean, babesa helarazi diete presoen senideei, "euskal jendartearen gehiengoaren laguntza eta elkartasuna" dutela esanez.

"Sarea ehuntzen" jarraitzeko garaia

Gaurko erakustaldiak jarraipena izan dezan "sarea ehuntzen" segi dezaten animatu dituzte herritarrak, datozen belaunaldiei "gizarte hobe bat" lagatze aldera. Hala, "politikan ez, baizik eta mendekuan oinarritutako jarrerak" mantentzen dituztenak salatu dituzte, baita mendekuan oinarritutako justizia horrek inposatu nahi duen garaileen eta garaituen "logika perbertsoa" ere.

Horren harira, dispertsioak presoen senideengan eragindako "eskubide urraketak" salatu dituzte, eta espainiar eta frantziar gobernuei legea errespetatzeko eskatu diete. Era berean, "beharrezkoa den botere banaketa suntsitu duen justiziaren parte hori" ere salatu nahi izan dute. Larriki gaixo dauden presoen egoera eta euren kondena jada beteta dutenena ere jarri nahi izan dute mahai gainean, horiek berehalakoan etxeratzeko beharra nabarmenduz. Horrez gain, ezohiko legedia aplikatzeak euskal presoen bizi osoko zigorrei atea irekitzen diela adierazi dute.

Bestalde, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa gauzatzen ari den eztabaidaz ere berba egin dute: "Begi onez ikusten dugun eztabaida da, konponbidearen norabidean doazen ekimen guztiak bezalaxe".

Bukatzeko, azpimarratu dute "justua eta behin betikoa izango den bakea" dutela helburu, eta gogorarazi dute horra heltzeko bidea elkarlana dela. Irakurketaren amaieran jendeak txalotu egin ditu, eta presoen etxeratzearen aldeko oihu artean bukatu da ekitaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak