Bost, eta denak hemengoak

Xabier Urtzelai 2017ko urt. 13a, 18:50

Debagoienak bost ziklista izango ditu lehenengoz pelotoi profesionalaren barruan, nahiz eta Markel Irizar den World Tour barruko talde batean lehiatuko den bakarra; egunotan denak daude aurre-denboraldiko azken prestaketa lanetan murgilduta, etxetik kanpora.

Kirol modalitatea edozein dela ere, bailaran inoiz ez dira aldi berean bost profesional batu. Eta horren errua, neurri handian, aurten urteurrenak bete dituzten Oñatiko Aloña Mendi ziklismo sailak eta Bergarako Lokatzak dute, harrobian egindako lanaren emaitza direlako bost protagonista horiek.

Markel Irizar da beteranoena. Norbaitek pentsatuko du 36 urterekin Oñatikoa kirol ibilbidearen amaieran dagoela, baina ustela da uste hori: "Helburu nagusia kirol ibilbidea ahalik eta gehien luzatzea da, izugarri gustatzen zaidalako egiten dudana". Aurten egokitu egin beharko da taldean izan diren aldaketetara: "Ez dakit Iparreko klasikoetan izango naizen taldearen rola asko aldatuko delako proba horietan. Cancellararekin gu ginen erreferenteak, eta beste taldeen erasoen aurrean liderra defendatzeko taldea eramaten genuen. Orain taktikaz aldatuko dugu; jende ona dugu –Degenkolb eta Stuyven–, baina beste batzuk izango dira erreferenteak, eta gure taldeak jarrera erasokorragoa izango du".

Baliteke taldeko arduradunek beste ziklista batzuen aldeko apustua egitea –oraindik ez daki–, eta horrela bada, Irizarrek eskatu du Euskal Herriko Itzulian egotea: "Ilusioa egiten dit etxean lehiatzeak, azken urteotan ez naizelako Itzulian egon". 

Taldearendako baliagarri izatea 

Azken urteotan Trek-ek egutegiko hitzordu nagusietara eraman du Oñatikoa. Aurten ere egutegi oso ona izango du, baina konziente da atzetik gazteak indartu datozela; bizitzaren legea: "Ez dut gazteendako traba izan gura, beterano marmarti bat, oso argi daukat hori. Badakit zein den egin behar dudan lana, eta helburu nagusia taldearendako baliagarri izaten jarraitzea da. Eta, uste dut zeregin horretan oraindik ibilbide polita egin dezakedala. 

Osasuna izatearen garrantzia  

Haur baten ilusioarekin harrapatu du GOIENAk Mikel Aristi Katalunia aldean entrenatzen: "Olentzero etorri izan balitzait moduan nago, bizikleta berria, arropa... Pasa dudan urtearen ostean sekulako ilusioarekin nago", dio gazte bergararrak. 2016an ikasi du ez dagoela osasuna izatea baino garrantzitsuagorik: "Benetan, ez dut gehiago eskatzen. Urte oso txarra pasa dut mononukleosis birusarekin, eta abuztura arte ez ginen jabetu gaitza nuenik. Ordura arte dena izan zen buru-jana, lasterketetan txarto, ezin ondo entrenatu, ezin errekuperatu...". 

Neguan ondo sentitu da, eta bigarren urtean Marseillako taldeko arduradunei erakutsi gura die bere alde egindako apustua ez zela txarra izan: "World Tourra beste maila bat da, baina sinistuta nago hemen ondo ibil naitekeela, eta hori erakutsi gurako nuke".  

Inflexio puntua Muriasen 

Talde euskaldunarendako urte garrantzitsua izango da hau, 2018an Continental Pro mailan egoteko ondo egin beharko dituztelako gauzak, bai bulegoetan eta baita errepidean ere. Bigarren zereginean izango dira Eneko Lizarralde eta Julen Irizar. 

Lizarraldek ardura gehiago izango ditu aurten, besteak beste, lasterketetan taldea bistara jartzea izango du eginbeharretako bat; aurten mendiko sariekin edo tarteko helmugekin ahalegindu da zeregin horretan. Eta badaki 2017a urte garrantzitsua izango dela: "Datorren urtean Euskal Herriko Itzulian edo Espainiako Vueltan egoteko taldeak fitxaketak egin beharko ditu. Horrek esan gura du batzuk etortzeko beste batzuek taldea utzi beharko dutela, horrenbestez, gogor egin beharko dugu lan". 

Julen Irizarri, berriz, ezin zaio lehen urtean miraririk egiterik eskatu: "Ikastera nator, eta taldearendako lan egitera, baina ez dut atzean geratzeko tarterik izango; eskatzen didaten horretan neurria eman gura dut". 

Etxabe, lehen sentsazioak onak 

Jokin Etxabe egunotan dabil Aevolo Cycling Team taldea barrutik ezagutzen, Las Vegasen: "Materiala prestatzen, gure gustura jartzen eta taldekideak ezagutzen nabil egunotan. Oso gertuko jendearekin egin dut topo, eta harremana azkar ari gara egiten, lehenengo inpresioa oso ona izan da", dio. Egun gutxi batzuk egingo ditu han, baina otsailean itzuliko da, orduan Los Angelesera. Martxorako, berriz, indartsu egoteko eskatu diote, orduan hasiko da lehian.

Ziklistak, banan-banan:

Markel Irizar: 

• Egungo taldea: Trek-Segafredo.

• Zenbat urte profesional moduan: 14. urtea egingo du.

• Aurreko taldeak: Lizarralde, Ulma, Ulma-Cegasa, Olarra, Orbea, Euskaltel Euskadi, Radioshack, Trek-Segafredo.

• Non dabil egunotan entrenatzen: Mallorcan, talde kontzentrazioan. 

• Non hasiko du denboraldia: Dubain, urtarrilaren 31tik otsailaren 4ra arte.

Aldaketak talde barruan

Fitxaketa asko egin ditu Trek-Segafredok, eta maila onekoak. Horrekin batera, Cancellarak ziklismoa utzi du, eta horrek ere eragina izango du Irizarren egutegian, Oñatikoak suitzarraren ondoan egiten zuelako urteko zati handi bat. Egoera berrira egokitu gura du, badaki-eta taldean ondo baloratutako ziklista dela.

Mikel Aristi:

• Egungo taldea: Delko-Marseille Provence KTM.

• Zenbat urte profesional moduan: Laugarren urtea egingo du.

• Aurreko taldeak: Sumofic-Lokatza, Euskadi, Delko-Marseille Provence KTM.

• Non dabil egunotan entrenatzen: Lloret de Marren, talde kontzentrazioan.

• Non hasiko du denboraldia: Laigueglian (Italia). Otsailaren 12an.

Osasuna izatea, lehentasun

Kirol arloan ahazteko moduko urtea izan du Mikel Aristik 2016an, mononukleosis izeneko birusak jota Bergarakoaren errendimendua ez delako izan nahiko lukeena modukoa, ezta gutxiago ere. Arazo horiek atzean utzi eta Marseillako taldean egingo duen bigarren urtea baliatu gura du benetan daukan maila erakusteko. 

 

Eneko Lizarralde:

• Egungo taldea: Euskadi Basque Country Murias.

• Zenbat urte profesional moduan: Hirugarren urtea egingo du.

• Aurreko taldeak: Sumofic-Lokatza, Debabarrena, Eki-Gipuzkoa. 

• Non dabil orain entrenatzen: Benidormen, talde kontzentrazioan. 

• Non hasiko du denboraldia: Mallorkako Challengean, urtarrilaren 26tik 29ra arte.

Aurrerapausoa ematera

Lizarralderendako hirugarren urtea izango da Odriozolaren ondoan. Lehen urtean taldeak asko zaindu zuen, gazteena zelako, eta iaz ez zuen nahi moduko urte ona izan, bronkitis batek denboraldiko zati handi bat baldintzatu ziolako. Taldean ardura gehiago hartzeko urtea izango du hau, eta prest dago horretarako.

Julen Irizar:

• Egungo taldea: Euskadi Basque Country Murias

• Zenbat urte profesional moduan: Lehenengo urtea izango da.

• Aurreko taldeak: Sumofic-Lokatza, Debabarrena, Ampo.

• Non dabil orain entrenatzen: Benidormen, talde kontzentrazioan. 

• Non hasiko du denboraldia: Mallorkako Challengean, urtarrilaren 26tik 29ra arte.

Maila duela erakutsi du

Iazko udan taldean 'stagiaire' moduan egindako lanak lagundu dio aurten berdez janzteko, eta baita amateur mailan egindako urte onak ere. Ikasteko urtea izango du, kategoria berriari neurria hartzeko urtea, baina badaki azkar moldatu beharko dela, taldeak 2018an koska bat gora egiten badu hor egon gura duelako. 

Jokin Etxabe:

• Egungo taldea: Aevolo Cycling Team.

• Zenbat urte profesional moduan: Lehenengo urtea izango da.

• Aurreko taldeak: Sumofic-Lokatza, Debabarrena, Seguros Bilbao.

• Non dabil orain entrenatzen: Las Vegasen, talde kontzentrazioan.

• Non hasiko du denboraldia: AEBtan izango ditu lasterketa gehienak, martxoan hasiko da.

Esperientzia bizitzera

Jokin Etxaberendako dena izango da berria: Kategoria, ziklismo mota, lurraldea, hizkuntza... Denboraldia amaitu eta mahai gainean hainbat proposamen bazituen ere, gura baino gehiago atzeratu zen eskaintza formala. AEBtan puntako lasterketa batzuetan lehiatzeko aukera izango du, besteak beste, Kaliforniako Itzulian. 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak