Energiaren Euskal Erakundeak 2015eko Euskadi Energia txosteneko ondorioak argitaratu ditu.
Txostenean, honako alderdi hauek jasotzen dira:
• Energia-kontsumoak gora egin du sektore guztietan –ez soilik garraioaren sektorean, aurreko urteetan bezala–, industriaren sektorean izan ezik; industriaren kasuan, kontsumoa %2,8 jaitsi da, siderurgiaren eraginez.
• Elektrizitate-eskaria %0,8 txikiagoa izan da, eta ia %40 tokiko produkzioarekin estali da.
• Gas naturalaren kontsumoa %3 murriztu da, batik bat, industrian eta energia elektrikoa sortzen kontsumitzen baita.
• Energia-iturri berriztagarrien aprobetxamendua %4,9 handitu da; ekarpen handiena biomasak egin du, eta haren atzetik datoz bioerregaiak, energia hidroelektrikoa, eolikoa eta, azkenik, eguzki-energia. Euskadiko energia-eskariaren guztizkoaren %6,9 osatzen dute berriztagarriek.
• Gas naturalak energiaren azken kontsumoaren %25,6 osatzen du, eta petrolioak eta haren deribatuek %42,4. Ikatza dagoeneko ez da erabiltzen energia-kontsumorako.
• Energia-intentsitatea (energia-kontsumoaren eta Barne Produktu Gordinaren arteko erlazioa) zertxobait hobea da: 2014. urtean baino 2 puntu hobea eta 2007. urtean baino hamaika puntu hobea.