Aste honetan bertan justiziak ebatzi du aurreko errauskailuaren kontratua eteteko Bildu eta ABEEk adostutako akordioa, zeinen arabera enpresek 11 milioi euro jaso zituzten lanak etetearen truke, "zuzenbide osoz ezereza dela", eta honen harira egin ditu adierazpenak Imanol Lasak.
"Aurreko foru Gobernuak hartutako erabakiek eragiten ari diren ondorio negargarriak” aipatu ditu bozeramaileak, "lurraldeari ekonomia, legedi eta ingurumen arloetan kalte larriak eragiten ari baitira".
"Gauzatu zituzten norabide gabeko politikek 40 milioi euro inguru kostatu zaizkie Gipuzkoako herritarrei eta, legedi ikuspuntutik, ez zituzten bete behin eta berriz mota guztietako zuzentarau eta araudi forala”, adierazi du. “Hau dena gutxi balitz, lurraldeko hondakinen kudeaketa kinka larrian jarri dute: ez zuten zabortegirik itxi aurreikusitako datetan, ezta azpiegitura berriak prestatu ere. Kili-kolo utzi zuten dena eta edozein etorkizuneko irtenbide oztopatzen saiatu dira”, salatu du foru bozeramaileak.
Zentzu honetan, Lasak nabarmendu du legealdi honetan hondakinen kudeaketaren inguruko afera "konponbidean" dagoela," irtenbideak mahai gaineratzen ari baitira Europak zehazten duen norabidean eta gehien birziklatzen duten herrialdeen ereduari jarraiki".
“Orain arte erabilitako gezurrak, gobernu eta udaletxe, mankomunitate eta partzuergoetako gehiengo demokratikoak hartutako erabakiak epaitegietara ematea beste planteamendu batzuk inposatuz ez da bidea. Ezer abertzaleko ordezkariek errotik aldatu behar duten jarrera da”, azaldu du, nabarmenduz Gipuzkoak jada atzean utzi duela aurreko legealdiko “inposizio eredua” eta gaur egun lurraldeko hondakinen osoko kudeaketa konponbide, ziurtasun eta zorroztasunaren bidetik dabilela.