Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantza Tapiak bilera izan du Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateekin, Juan Mari Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran, hurrenez hurren, joan den eguenean Sustapen ministro Iñigo de la Sernarekin izandako bileraren berri emateko eta beste bilera bat eskatzeko. Helburua izango da Sustapen ministroarekin aztertzea AHTk hiriburuetan izango dituen sarbideak.
Hiriburu bakoitzerako formula bat
Sailburuak eta alkateek elkarrekin aztertu dituzte De la Sernak egindako jakinarazpenak, AHTk hiriburuetan izango dituen sarbideen inguruan. Ados agertu dira hiriburu bakoitza desberdina dela, izango dituen erabiltzaile kopuruarengatik, morfologiarengatik eta lurperatzeko aukerak izango duen bideragarritasunarengatik.
Izan ere, Sustapen Ministerioak AHTren sarbidea lur-azpikoa izan dadin nahi du Bilbon eta Gasteizen; bada, bi alkateak eta sailburua formula horien bideragarritasun ekonomikoa aztertzera konprometitu dira.
Bestalde, Donostiari dagokionez, Goia eta Tapia pozik azaldu dira Sustapen Ministerioak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi izanagatik sarbidea egiteko obrak. Atotxa inguruan egin nahi da sarrera, eta Tabakalera inguruko tren eta autobus geltokien sinergiak hari batu nahi dizkiote.
Bergarako lotuneko obrekin batera
Sailburua eta hiru alkateak ados daude ere sarbide-proiektuak “estrategikoak” direla “hiriburu bakoitzarendako eta Euskadi osorako”, eta horregatik, De la Sernarekin batzarra eskatu dute eta AHTri bultzada emango dioten Erakunde arteko Batzordeak “lehenbailehen aktibatzen” ahaleginduko dira.
Helburua da 2017. urtean batzorde horiek hiriburu bakoitzerako eraikitze-proiektu bat bukatuta eta lizitatzeko gertu edukitzea, obra horiek Bergarako lotuneko obrekin “batera” egin daitezen.