2017ko aurrekontu proiektua onartu dute Batzar Nagusiek

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko abe. 23a, 14:25

Gipuzkoako Batzar Nagusiek gaur onartu dute Aldundiaren 2017rako aurrekontu proiektua. "Foru erakundeak inoizko aurrekonturik sozialenak izango ditu datorren urtean, sekula baino baliabide gehiago bideratuko baitira esparru honetara", Markel Olano diputatu nagusiak azaldu duenez.

Goizean egin den Osoko Bilkuran jaso du Foru Aldundiak aurkeztutako proiektuak batzarkideen gehiengoaren babesa. Oposizioaren ekarpenei dagokionez, Markel Olano diputatu nagusia "penatuta" agertu da “ezinezkoa” izan baita EH Bildu eta Ahal Duguren batzarkide taldeekin adostasunetara iristea "jarrera kontua medio": “Argi ikusi dugu ez dela borondaterik egon ezer aurrera ateratzeko, beraiek ere onartu dute argazkia ekiditea nahi zutela”.

Aldundiaren 2017ko aurrekontuek lau zutabe nagusi dituzte: gizarte politika, ekonomia sustapena, zerga iruzurraren aurkako borroka eta azpiegituren garapena. Gizarte politikari dagokionez, "inoizko zuzkidurarik handiena" izango du Maite Peña diputatuak zuzentzen duen departamentuak, "hazten ari diren herritarren beharrei erantzun ahal izateko". "Zehazki, 2016an baino 19 milioi euro gehiago bideratuko dira esparru honetara, 364 milioi euro guztira. Biztanleko gastua ere nabarmen igotzen da: aurten gipuzkoar bakoitzeko 480 inbertitu badira alor honetan, datorren urtean 507 euro inbertituko ditu foru erakundeak".

Ekonomia sustapenean pasa den urtean jazotako hazkundea (%50 inguru hazi zen departamentuaren aurrekontua) mantentzen da, diputatu nagusiak gogoratu duenez, "Aldundiaren lehentasun nagusia" izaten jarraitzen baitu. “Ekonomia Sustatzeko Planak datorren urtean ere beste 50 milioi euro izango ditu, lurraldeko enpresa ehuna indartu eta jarduera ekonomikoa bultzatzera bideratuak”, esan du. Zerga iruzurraren aurkako borrokaren kasuan, "giza baliabide eta euskarri informatikoetan inbertsioak areagotuko dira, eraginkortasuna irabaztea xede".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak