"Gipuzkoako herritarren erdia alboratu eta aurrekontuak PPrekin negoziatu" dituzela dio EH Bilduk

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko abe. 23a, 14:35

EH Bilduk eta Podemosek osoko bilkuran 2017ko aurrekontuei aurkeztutako hobekuntza guztiei muzin egin diete "EAJ-PSEren Gobernuak, PPrekin adostu" dituelako aurrekontuak, "eskuin joera indartuz". Gainera, EH Bilduk "ekonomia sustapenean eta gizarte politiketan aurrera urratsak egiteko 21 hobekuntza" aurkeztu ditu.

Xabier Olano EH Bilduko bozeramaileak adierazi du "behin eta berriro atzemandako gabeziak zuzentzen saiatu" arren "aferrikakoa" izan dela, aurkeztutako 111 zuzenketa edo hobekuntzak baztertuak izan baitziren abenduak 16ko Ogasun Batzordean.

Hala ere, nabarmendu nahi izan du “21 zuzenketa edo hobekuntza eraman dituztela eztabaidagai jarri eta bozkatu ahal izateko”. EH Bilduk "hiru norabidetan egin ditu bere hobekuntzak, enplegu duina sortu eta ekonomia berpizteko proposamenak, Gizarte Politikak hobetzeko proposamenak eta baita Osasuna, ingurumenaren eta hondakinen kudeaketaren ingurukoak”.

Horien artean, ekonomia sustapenari dagokionean, "Gipuzkoako industria eraldatzeko programan enpresa txiki eta ertainen osasun egoera aztertzeko eta onbideratzeko programa abiarazteko miloi bat euroko inbertsioa egitea" eskatu du EH Bilduk. Horrekin batera, nabarmendu nahi izan du “Aldundiak aurkeztu duen aurrekontuen proiektuan enplegua mantentzen duten enpresa txiki eta ertainek dituzten zailtasunak ez dira behar bezala kontuan hartzen”.

Gizarte Politikei dagokionean Xabier Olanok “Txoke Plana abiatzea” eskatu du, "adineko egoitza zerbitzuetan dauden itxaron zerrenda luzeak murrizteko, 100 plaza berri hitzartuz". Hondakinen kudeaketaren atalean EH Bilduko bozeramaileak “Europako zuzentaruak eta hondakinen kudeaketaren hierarkiak agindutakoa betez”, konpost planta berrietan Aldundiak “sei milioi” inbertitu behar lituzkeela azaldu du.

PNV eta PSE taldeek ordea ez dute “herritarren erdia ordezkatzen dugun taldeen iritzia aintzat hartu eta nahiago izan dute PPrekin adostu, lehendik eskuindarrak ziren aurrekontu batzuk, are eskuindarragoak bilakatuz”. "Beste behin rodiloa pasatu” izana salatu du Xabier Olanok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak