Zabor eta hondakin ez-arriskutsuak tratatu eta ezabatzeko zerbitzuen eta konposta ekoizteko zerbitzuen kudeaketa lizitaziora atera ditu Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK-k). Bestela esanda, Epeleko plantaren kudeaketaz arduratzeko zerbitzua esleitu gura du, azpiegitura horrek urteotan izandako arazo tekniko "izugarriak" konpondu ondoren.
Lau urterako kontratua izango du lizitazioa eskuratuko duen enpresak, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Prezioa: 4.908.000 euro da, 5.398.800 euro BEZa gehituta.
6.000 tona, Debagoienetik
Epeleko konpost planta diseinatuta dago urtean 10.000 tona bio-hondakin –organikoak– tratatzeko. Bertara bideratuko dira, beraz, Debagoienean urtero sortzen diren 6.000 tona organiko eta gaur egun Elgoibarren dagoen tratamendu plantara bideratzen dituztenak. Beraz, Epeleko planta zabaltzeak onura ekarriko dio Debagoieneko Mankomunitateari, 6.000 tona organiko garraiatzeari utziko dio-eta, Lander Arregik, Mankomunitateko Ingurumen Sailaren arduradunak, azpimarratutako moduan.
Epelen tratatuko diren gainontzeko 4.000 tona organiko Gipuzkoako bestelako udalerrietatik bertaratuko dituzte, gaur egun Funesera eta Kaparrosora (Nafarroa ) eta Itsasura (Iparralde) eramaten dituzten 30.000 tona horietatik 4.000, hain justu.
Konposta, saltzeko
Tratatutako bio-hondakinekin konposta produzituko dute Epeleko plantan. Eta hori saldu egingo dute. Gehienez jota, tonako 23 eurotan saldu ahalko da konpost hori. Eta lizitazioa eskuratzen duen enpresa arduratuko da salmentaz.
Konposta baliagarria izango da ongarri moduan erabiltzeko: lorategietarako, nekazaritzarako… eta halako guneetarako.
Hain justu ere, eta Epeleko zerbitzuari balio handiagoa emateko, konpost hori ahalik eta kalitaterik handienekoa izan dadin –A mailakoa– lortzeko tramiteak egiten dihardute, GHK-k adierazitako moduan.
Apiril amaierarako
Bada, azpiegitura horren kudeaketarekin interesa duten enpresek otsailaren 28ra arteko epea dute eskaintzak aurkezteko. Abenduaren 16an argitaratu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak lizitazio deia, "baina oraindik ez da enpresarik aurkeztu; normalean, azkeneko egunean aurkezten dira gehienak", esplikatu dute. Behin eskaintzak esku artean, hilabetean erabaki beharko dute zeini esleitu kudeaketa. Gauzak horrela, "eta dena ondo bidean", aurreikuspena da apirilaren amaierarako martxan izango dela Epeleko konpost planta.
Plantaren kudeaketa martxan jarrita, bertan lanean jarduteko bederatzi lagun kontratatzeko prozedura abiatuko dute.