Gastuek behera eta inbertsioek gora Mankomunitateko aurrekontuetan

M.A. / T.M. 2016ko abe. 22a, 16:00

Debagoieneko Mankomunitateak hamabi milioi euro pasatxoko aurrekontua onartu du 2017rako. Iazkoarekin alderatuta %11,75 egin du gora ezohiko bi inbertsio sartu dituztelako; gastuetan, ostera, 1.014.000 euro murriztu dituzte hondakinen gestioan.

Martitzenean onartu zuen 2017ko aurrekontua Debagoieneko Mankomunitateak, 12.092.321 eurokoa hain zuzen ere. Iazkoarekin alderatuta %11,75 handiagoa da ezohiko inbertsio bi egingo dituztelako; bestelakoan, 2016koa baino txikiagoa izango litzatekeela jakinarazi zuen Unai Elkoro presidenteak.

Epeleko hirugarren fasea

Epeleko industria isurtegian lanak egiteko milioi bat euro bideratu dute eta partidak %67ko igoera izan du. Horixe da hain zuzen ere inbertsiotako bat: "Isurtegiko bigarren gelaxka edo zelda, gaur egun erabiltzen dena, itxi egingo da uda inguruan. Hori ixteko eta hirugarrena gertatzeko obrak egin behar dira derrigorrean. Ez da izan ezusteko kontua, epe luzerako planean sartuta zegoen hori eta aurrez finkatutako epeak beteko ditugu. Ekarpen berezia eskatzen du, baina urte batzuetarako behintzat, Epele finkatuta geratuko da", zioen Lander Arregik, Mankomunitateko Ingurumen batzordeburuak.

Ezohiko beste inbertsioa 1.719.560 eurokoa da eta argiteria publikoaren instalazioak berritzeko IDAE proiektuari dagokio: "Bost herri sartu dira programa horretan, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara eta Oñati, eta bakoitzean argiteriaren %20 inguru aldatuko da", argitu zuen Elkorok.

Garapen Agentziaren gastuak gora egingo du 2017an, %9,30. "Aldunditik diru gutxiago iritsiko dela aurreikusten da baina guk garapenaren aldeko apustua egin dugu eta uste dugu enplegua bultzatzeko egiten diren programetan ez litzatekeela murrizketarik egon beharko", zioen presidenteak.

Udalek ekarpen gutxiago

Gastuetan murrizketa handia iragarri zuten Mankomunitateko Gobernu Juntako ordezkariek, "hondakinen gestiotik etorri den murrizketa" hain zuzen ere. Elkororen esanetan, sisteman emandako aldaketei esker izan da: "Aurten egin diren aldaketak kontuan hartuta, hau da, edukiontzi bidezko bilketara itzulera Bergaran, Eskoriatzan eta Aretxabaletan, lortu den murrizketa izan da %13koa, 1.014.000 euro ingurukoa". Arregik gaineratu zuen Cespa enpresak eta hango langileek egindako esfortzua eskertu beharrean daudela.

Murrizketa horren eraginez udalek Mankomunitateari egin beharreko ekarpena datorren urtean txikiagoa izango dela iragarri zuten, %5,91 txikiagoa, hau da, 442.684 euro gutxiago jarri beharko dute guztira. "Diru kantitate polit bat gutxiago eskatuko diegu udalei eta horren zati bat dator zabor bilketaren murrizketatik", zioen Arregik, eta gaineratu zuen: "Hiru alderdi aipatuko nituzke. Eraginkortasuna handitu da bilketan; %80an mantentzen gabiltza eta emaitza bikaina da. Eraginkortasuna ekonomian, zabor gestioan milioi bat euro aurreratuko dugulako. Eta hirugarren, satisfazio puntua dago herritarren artean gustura dabilelako sistema horrekin". Horregatik guztiagatik eskerrak eman gura izan zizkioten herritarrei: "Egunero herritarrek egiten duten lanari esker lortu dira emaitza horiek, eta ondorioz, gastuek behera egin dute eta etekinek gora". Debagoienean oso sistema ezberdinak izan arren hondakinak biltzeko "emaitza onak" ematen dabiltzala guztiak onartu zuten, eta jakinarazi, datorren urtean ez dela aldaketarik aurreikusten egun indarrean dauden ereduetan.

EH Bildu kezkatuta

Kontrako boto barik onartu zuten 2017ko aurrekontua martitzenean. Dena den Iraitz Lazkano Elgetako alkateak, EH Bilduren izenean, kezka adierazi du Zubietan eraiki nahi duten erraustegia dela eta herritarrek ordaindu beharreko dirutzaren inguruan: "Aurrekontuetan ez du islarik abenduaren 27an esleitu eta 1.000.000.000 eurotik gorako kostua izango duen zentzugabekeriak. Horietatik 87.827.633,65 dagozkio Debagoienari. 2019tik aurrera hasiko omen gara ordaintzen, inork nola eta zeren arabera ez dakien arren".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak