Debagoienean istripu gehien non eta zergatik?

Ubane Madera 2016ko abe. 14a, 16:58
Auto-istripua Kanpantzarren, aurtengo azaroaren amaieran.

Hiru dira istripu kopuru handienak batzen dituzten tarteak eskualdean: Mugarri-Epele, Gi627, AP1eko sarreraino (Aretxabaleta-Arrasate); Uzarragatik Bergarako bidegurutzera eta Osiñurdinetik Elorregiko biribilgunera arteko tartea. Horiez gainera, kontuan hartzekoa da, baita ere, Arrasateko Eroskiko biribilgunea, eskualdeko okerrena delako. 

Mugarri-Epele, Gi627, AP1eko sarrerarainoko tarteari dagokionez (goiko argazkian), "5,5 kilometro daude. 47 istripu daramatzagu. Pasatzen dena da zirkulazio handia dagoela eta jendea azkar dabilela. Gauza biak nahasten dira. Errepidea ona da, baina azkarregi ibiltzen gara", esplikatu du Deba-Urola ertzain-etxeko ordezkari batek.

 

Uzarragatik Bergarako Urteaga kaleko bidegurutzera arteko tarteari dagokionez (goiko argazkia), "hark 2,2 kilometro ditu. 35 istripu gertatu dira han. Oso tarte txarra du. Sekulako kamioi piloa ditu; zati batzuk añubean daude beti, itzalean, beti bustita, ez dago bazterbiderik, ez dago marjinarik…", esan du.

 

Eta Osiñurdin-Elorregiko biribilguneari dagokionez, Ertzaintzak jakinarazi du izan direla "11 istripu, 1,8 kilometrotan. Errebuelta asko dago eta bide zuzen zati txiki bat ere bai. Ematen du aurreratu egin daitekeela, baina nahiko zirkulazio dauka, jendea azkar joaten da, gehienak oñatiarrak dira, eta jendea konfiantzarekin joaten da", gaineratu du.

Bestalde, berez ez da istripu askoko bide tarteen artean kokatzen, baina eskualdeko biribilgunerik txarrena ere aipatzekoa da: Kaskonategi edo Arrasateko Eroskikoa, goiko argazkian. Izan ere, bi errei izatetik Aretxabaletarako irteeran bat izatera pasatzen da, eta horrek asko zailtzen du zirkulazioa.

Istripuen arrazoiak

Orokorrean begiratuta, euriarekin abiadura ez jaistea, aurreko ibilgailuarekiko distantzia ez errespetatzea, gerrikoa oker ipinita erabiltzea, maniobrak ez seinaleztatzea… gidatzeko orduan halako jokabideak izatea da Debagoienean gertatzen diren istripuen eta ondorengo zaurien edo kolpeen eragile nagusia.

Bestela esanda, gidatzeko orduan arinkeriaz jokatzen da uste baino sarriago. "Gidatzea jarduera oso ohiko bihurtu da. Eta ahaztu egiten dugu jarduera arriskutsua dela", azaldu du Peñakoba autoeskolako ugazaba Iban Peñakobak. "Adibidez, euriarekin, eguzkiarekin, hotzarekin… berdin gidatzen dugu. Ez dugu egokitzen abiadura klimatologia egoera desberdinetara", gaineratu du.

Zaurituekin %30 gehiago

Azaroaren 30era arteko datuen arabera, Debagoienean –Zumarragarainoko errepideak barne– 431 istripu izan dira. Handitu egin da kopurua iazkoarekiko, %10-15ean.

"Zauritudun istripuak joan den urtean baino askoz ere gehiago izan dira, %30 gehiago. Joan zen urtean 127 izan ziren eta aurten 159 daramatzagu. Zauriturik gabeko istripuei dagokienez, berriz, joan zen urteko zifraren azpitik gaude. 280 inguru izan ziren joan zen urtean, eta aurten oraindik ez gara horra heldu. Seguru aski, helduko gara; beraz, parra egingo dugu. Eta hildakoak dituzten istripu kopurua iazko berbera da: bi", jakinarazi dute Deba-Urola ertzain-etxetik –Bergarako ertzain-etxea–.

"Gertatzen diren lau istriputatik hirutan, arrazoiak hiru dira: bat, bi edo hirurak batera. Alkohola eta drogak; abiadura desegokia eta hutsegiteak. Zergatik handitu den zauritu kopurua? Trafikotik esaten dutena da hiru faktore horiei gehitu behar zaiela beste bat, istripua larria izateko. Esaten dute jendeak gerrikorik ez duela eramaten edo gaizki eramaten duela. Izan ere, gerrikoari ez zaio behar beste arretarik jartzen, eta gerrikoak baditu bere neurriak. Bakoitzak gerrikoa egokitu behar du bere gorputzera. Jarlekua mugitzen den moduan, edo bolantea ere erregulatu egin daitekeen moduan, gerrikoa ere erregulatu egin daiteke, eta ez diogu kasurik egiten, eta batzuetan ipinita eramanda ere, kalteak eragin ditzake, gaizki eramatearren. Hori bai, kalte larriago batetik salbatzen zaitu, baina…", gaineratu du Ertzaintzak.

Euriaren faktorea

Istripuak artatzen eskarmentu luzea duten Gurutze Gorriko Elorregiko boluntarioek ere bat egiten dute gidarien arreta falta azpimarratzerakoan: "Azken batean, automatak bezala gidatzen dugu. Larregiko konfiantza dugu. Eta, adibidez, horregatik handitzen da istripu kopurua euria egiten duenean".
Izan ere, egoera horretan –euriarekin– nabarmen okertzen dira errepidearen baldintzak.

"Euria egiten duen lehen orduetan pasatzen dena zera da: egun lehorretan ibilgailuetatik jausi den olioa, erregaia edo ihes-tututik irteten diren hautsak gelditzen dira errepidean, eta, errepidea asfaltoa denez, barrura sartzen dira. Euria egitean, elementu horiek baino dentsoagoa da ura, eta olioak-eta azaleratu egiten dira. Horiek labainkorrak direnez, autoak labaindu egiten dira. Horrez aparte, euria egiten jarraitzen badu, asfaltoak ez du ur guztia xurgatzen, bazterrera eramaten du, baina neurri batean; azalean ere geratzen da ur-pelikula; horrek ere errepidea labainkor bilakatzen du. Eta ez dugu abiadura jaisten. Bost minutu lehenago ez irtetearren presaka goaz alde guztietara", esplikatu dute ertzain-etxetik.

Ausarkeria ez, arinkeria bai

"Zenbat gutxitu abiadura? Ez dago formula zehatzik, baina, argi eta garbi, murriztu egin behar da. Eta handitu egin behar da aurrekoarekiko distantzia. Esan daiteke, hain zuzen, hori dela gehien errepikatzen den arinkeria gidari gehienen aldetik; eta kasu askotan, gainera, gidari horiek beti honela gidatzen dute: aurrekoarekiko gertuegi, errepidearen zein eguraldiaren baldintzak kontuan hartu barik", gaineratu du autoeskolako irakasleak.

Azken batean, oro har, "erdipurdikoak" dira Debagoieneko errepideetan dabiltzan gidariak. "Gidari arruntak ez du ausarkeriaz gidatzen, baina bai arinkeriaz (…) Gidari ona izateko, ez gara teknikoki oso onak izan behar. Ezta txarrak ere. Izan behar dugu teknikoki konpetenteak, eta, jarrera aldetik, espazioa konpartitzen dugula kontuan hartuta, zibilizatuak. Hortaz, zer gertatzen da? Gidatzea errutina dela. Ikasten gabiltzanean motibazioa dugu eta ikasten ahalegintzen gara, baina 5-7 urte gidatzen goazenean errutina bilakatzen da, eta gidari horrek ez du onera egiten. Adibidez, esaten duenari 'nik 40 urteko esperientzia daukat gidatzen', nik hari esaten diot 'ez, akaso duzu hiru urteko esperientzia eta 37 urteko errutina'. Ze, 37 urte horietan ze aldatu duzu? Zer hobetu? Ze zuzentzen ahalegindu zara? Ezertxo ere ez. Esperientzia irabazi duzu hainbat gauzatan; baina, adibidez, hasieratik keinukariak erabiltzen ez dituenak ez du hori esperientziarekin barneratuko, ez da jabetu ere egingo huts horretaz", esan du Peñakobak.

Biribilguneak eta txirrindulariak

Gidariek partekatzen duten espazioaren erabilera desegokiaren erakusle dira biribilguneen erabilera eta ziklistekiko jokabidea.

Lehen kasuan, araua argia da: "Bi auto biribilgune barrura sartuz gero, bata biribilgunearen kanpotik eta bestea barrutik, kanpoko aldean dagoenak du lehentasuna. Eta barrukoak irteeraren bat hartu nahi badu, lehenengo, kanpoko erreira pasatu beharko litzateke (kanpoko aldean dabilen inori traba egiteke), eta gero hartu beharko luke berak nahi duen irteera", esplikatu du Peñakobak. Arau horren urraketa, baina, erraz ikusten da biribilguneetan, eskualdeko okerrena den Arrasateko Eroskikoan, bereziki.

Txirrindularien kasuan, "haiek aurreratzeko 1,5 metroko distantzia utzi behar da, betiere, paretik ibilgailurik edo txirrindularirik ez badator, nahiz eta txirrindularia bazterbidetik etorri (…) Eta errei nagusitik doan txirrindulari bat aurreratzeko, gidaria derrigortuta dago kontrako noranzkoa inbaditzeko, etengabeko lerroa izan arren, eta ikusgaitasun nahikoa baldin badu (…) Txirrindulariekin orokorrean ez dugu hain txarto jokatzen, baina batek oker egiten badu, ondorioak oso handiak izan daitezke".

Istripu kopurua, behera urteetan

Zorionez, baina, istripu kopurua eta haien eraginak asko txikitu dira 15 urtetik hona. Arrazoi bat baino gehiago dago: ibilgailuak teknologikoki asko hobetu dira, gidarien kontzientziazioa handitu egin da, zirkulazioa normaldu –ez daude horrenbeste auto zahar eta kamioi pisutsu–, puntuen sistema ezarri… Hori bai, hobetzen segitzea norberaren esku dago. "Arreta galdu ezean, seinaleak eta zirkulazio arauak errespetatuz gero, istripuen %70-80 saihestu ahalko lirateke", da Gurutzeko Gorrikoen konklusioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak