Orain zortzi urte pasatxo, 2008ko udan, abiatu zen Azpitituluak.com proiektua, euskaldunei pelikulak bertsio originalean ikusteko aukera eskaintze aldera, euskarazko azpidatziekin; tartean, gazte euskaldunak. "Gero eta jende gehiago hasi da pelikulak euskaratzen, eta gaur egun erreferentziazko toki bihurtu da euskarazko azpidatzien alorrean", azaldu dute.
Datuek hori erakusten dute: gaur egun, osotara, 540 film luze daude Azpitituluak.com-en euskaratuta. Eta horietatik 37 dira animaziozkoak, gehienak publiko gazteari bideratuak. Hor jendeak denetik aurkituko du: Disney konpainiaren klasikoak, Japoniatik etorritako filmak, Pixar faktoriaren pelikula esanguratsuenak, Laika eta Illumination konpainiek eginikoak, eta aurten bertan kaleratutakoak, besteak beste.
Hauek dira, oraingoz, 10 pelikula ikusienak:
- Frozen (285 lagunek jaitsi dute)
- Brave (275)
- Up (234)
- Mononoke Hime (209)
- Mulan (208)
- Arriety (191)
- Wall-E (189)
- Hauru no igoku shiro (174)
- Finding Nemo (171)
- Ratatouille (152)
Gonbita gurasoei eta gaztetxoei
"Denek izan beharko lukete kontuan film hauek bertsio originalean eta euskarazko azpidatziekin ikusita, gaztetxoak, ondo pasatzeaz gain —film hauetako gehienak zoragarriak baitira—, irakurketa ari direla lantzen, euskarazkoa, eta belarria ohitzen ingelesez entzutera, elementu bat oso praktikoa ingelesa errazago ikasteko, beste herrialde batzuetan frogatu den moduan: Eskandinabian, Herberehetan, Portugalen, etab", azpimarratu dute.