"Munduko onenak etortzen ziren Aretxabaletara"

Xabier Urtzelai 2016ko abe. 9a, 10:00
Gorka Etxabe, dokumentalaren egilea.

UDAren 70. urteurrena borobiltzeko, Aretxabaletak lokatz gaineko ziklismoarekin izan duen harreman estua erakusten duen dokumentala egin dute. Gaur, egubakoitza (19:30), aurkeztuko dute lana, Arkupen.   

Aretxabaletako ziklo-krosak bizi izandako urrezko urteen gaineko dokumentala aurkeztuko dute gaur Arkupen –hurrengo emanaldiak 21ean eta 26an–. Artemaneko Gorka Etxabe kazetariak burutu du lana; UDAko zuzendaritzako kide ere bada Etxabe, eta dokumentalaren nondik norakoak aurreratu ditu:

Ze helbururekin egin duzue lana? 

Aretxabaletako Nazioarteko Ziklo-krosak sekulako oihartzuna izan zuen 60ko hamarkadaren amaieratik 1990era arte Europa osoan. Munduko txirrindulari onenak etortzen ziren Aretxabaletako lasterketara eta TVEk zuzen-zuzenean eskaintzen zuen. Urrezko urteak izan ziren UDA taldearen Txirrindularitza Sailarentzat, eta aurten, klubaren 70. urteurrenean, moduren batean edo bestean ziklo-krosa berreskuratu beharra geneukala pentsatu genuen. Aukerarik aproposena dokumental historikoa egitea iruditu zitzaigun.

Gaitza izan da garai hartako material grafikoa lortzea? Zer da gehien kostatu zaizuena? 

Ez pentsa. Argazki asko daude eta irudiak ere eskuratu ditugu. TVEk 1970ean eginiko emanaldiaren irudiak lortu ditugu Youtube sareari esker, Arrasate Telebistak 80ko hamarkada amaieran grabatutakoak ere eskuratu ditugu, eta argazki zein beste era bateko dokumentu grafiko asko digitalizatu ditugu. Era berean, Abel Saez aretxabaletarrak grabatutako irudiak ere eskuratu ditugu. Aipatu nahiko nuke herritar batek baino gehiagok eman dizkigula irudi eta argazkiak: Joserra Intxauspe, Abel Saez, Aitor Antxia, Txusti, Manolo Zubillaga, Otxoak...

Zelan osatu duzue dokumentala?  

Dokumentalaren haria orduko protagonisten adierazpenak dira, ziklo-krosaren sustatzaileen adierazpenak. Gainera, bi txirrindulari handiren adierazpenak ere grabatu ditugu. Jose Maria Basualdo arabarrak Aretxabaletan Espainiako Kopako lasterketa irabazi zuen eta Iñaki Maiora ormaiztegiarrak ere irabazi zuen Aretxabaletan, Nazioarteko Kriteriuma irabazteko gai izan zen euskal txirrindulari bakarra bilakatuta. Adierazpen horiek guztiak josi ditugu kronologikoki eta irudiak gaineratu dizkiegu.

Ikustekoa da Aretxabaleta moduko herri txiki batean zelako indarra hartu zuen kirol horrek. Erreferente bilakatu zen Estatuan. Zein izan zen motiboa?  

UDA taldeko txirrindularitza saileko pertsonak aitzindariak izan ziren. Eloy Uriarte, Manolo Zubillaga eta haien kolaboratzaileek sekulako lana egin zuten. Lasterketa erreferente bilakatu zuten, bai Estatuan eta baita Europan ere. Arrazoiak asko izan daitezke, baina azpimarratuko nituzke bereziki, lan egiteko modua, antolakuntza gestionatzeko abilezia, TVEn egindako gestioak, Europako Federazio ezberdinekin izandako harremanak... txirrindularitza modalitate hori masa espektakulua izan zitekeela ulertu zuten eta tentuz eta mimoz eginiko lanak emaitza bikainak izan zituen.

Oker ez banabil, 50eko hamarkada hasierara (1952) egin behar da atzera Aretxabaletako lehenengo ziklo-kros lasterketaren berri izateko.  

Guk ez dugu hain atzera egin historian. Aretxabaletako Nazioarteko Kriteriuma izan da gure dokumentalaren hari nagusia. 1966an, UDAk sustatuta, Espainiako txapelketa antolatu zuten; hurrengo urtean, 1967an Nazioarteko lehenengo kriteriuma eta ordutik 1990era bitartean Nazioartekoa egin zen ia beti. 1992an Munduko Txapelketa erakartzeko asmoak zapuztu zirenean bertan behera geratu zen dena. Aretxabaletak asko galdu zuen, ezbairik gabe.

Beste maila batean bada ere, posible litzateke ostera ere kirol jarduera hori herrian errekuperatzea?   

Gaur egun txirrindulari profesionalek ez dute ziklo-krosik egiten errepideko denboraldia prestatzeko, eta Belgika, Holanda edo Alemaniako espezialistak gurera erakartzea ez da batere erraza. Euskal Herriko zenbait herritan ari dira maila altuko ziklo-krosa berreskuratu nahian, baina ez da batere samurra. Ormaiztegi, Asteasu, Igorre... Arrasaten ere bigarren edizioa egin berri dute, euskal zirkuitu barruan. Gure asmoen artean, oraingoz, ez dago ziklo-krosa berreskuratzea.

UDAko zuzendaritza taldearen esker on mezua: "Mila esker Aretxabaletako herriari"

Agurtzane Elkorok idatzitako lerroak, UDAko zuzendaritzaren izenean: "70. urteurreneko ospakizunetatik UDAko zuzendaritzakook herria aipatuko genuke, Aretxabaleta. Duela bi urte plan estrategikoa egin genuenean, UDA, herri sentimendua izena jarri genion. Eta urteurrenaren ospakizunetan erabat bete da, ehunka aretxabaletarrek ospatu dugu, edo antolakuntzaren parte izan gara egin ditugun ekintza guztietan; ereserkia, BTT irteera, Euskadiko Karate Txapelketa, Gipuzkoako Futbol sala txapelketa... Ezin ditugu denak aipatu, GOIENA bat beharrean bi beharko genituzke eta. Eskerrak eman nahi dizkiegu aretxabaletar guztiei eta horrela jarraitu dezaten animatu, UDA kirol elkartea babesten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak