Debagoieneko herri batzuetan handitu egin da atzerritarren kopurua, eta beste batzuetan, txikitu. Honako hauek dira herriz herriko datuak, 2015ekoekiko aldearekin:
• Antzuola: 91 (-13), %4,09
• Aramaio: 65 (-9), %4,26
• Aretxabaleta: 403 (-16), %5,77
• Arrasate: 1.902 (+60), %8,68
• Bergara: 1.131 (+30), %8,68
• Elgeta: 81 (-2), %7,37
• Eskoriatza: 237 (-11), %5,78
• Leintz Gatzaga: 16 (=), %6,53
• Oñati: 742 (+41), %6,58
Eustat-en arabera, EAEn bizi diren atzerritar gehienak amerikarrak dira, eta denetara ia 150.000 atzerritar bizi dira erkidegoan, biztanle guztien %6,9.
Atzerritarren %36 amerikarrak dira
Atzerriko biztanleen artean, %36 amerikarrak dira, Espainiako batez bestekoa (%23) baino dezente gehiago. Multzo horretan, biztanle gehienak Boliviakoak, Kolonbiakoak, Nikaraguakoak eta Paraguaikoak –guztiak Hego Amerikakoak– dira. Hauek atzerritar guztien %18,7 eta amerikarren %52 dira.
Aitzitik, EAEn bizi diren europarrak atzerritarren %26,9 dira; Espainian %45,5. Talde honetan errumaniarrak nabarmentzen dira, atzerritar guztien %12 dira, eta europarren %44,1, Espainia osoan baino ia ehuneko 10 puntu gehiago. Ondoren, errumaniarrengandik distantzia handira bada ere, portugaldarrak agertzen dira, EAEn bizi diren europarren %17ra helduz.
Gipuzkoan, frantses gehiago
EAEn, Espainian baino afrikar gehiago bizi dira: EAEn %28, Espainian %22,7. Ia erdiak (%49) marokoarrak dira. EAEko bigarren nazionalitate afrikar ugariena aljeriarrak dira: %14,2. Euskal AEko atzerritarren artean, ondoren, txinatar eta pakistandarrak agertzen dira (% 7).
Araban afrikarrak dira nagusi; Bizkaian, berriz, amerikarrak. Bi kasuetan % 40ren gainetik. Gipuzkoan europarren eta amerikarren proportzioak antzekoak dira, amerikarrena handixeagoa den arren.
Gipuzkoan frantses asko dagoenez, europarrak gehiago dira lurralde horretan besteetan baino. Gipuzkoak du afrikarren proportzio txikiena hiru lurraldeen artean; horietako %58 marokoarrak dira. Araban eta Bizkaian ere marokoarrak gehiengo dira afrikarren artean, %47 eta %44,3 hurrenez hurren, baina Gipuzkoan baino gutxiago. Bizkaian eta Gipuzkoan hurrengo nazionalitate garrantzitsuenak aljeriarrak eta senegaldarrak dira; Araban, berriz, hirugarren nazionalitate garrantzitsuena nigeriarra da.
Txinatarrak asiarren %59,9 dira Bizkaian; pakistandarrak, berriz, %19. Gipuzkoan eta Araban pakistandarrak dira gehiengoa, batez ere, Araban. Bertan bizi diren asiarren %60,3 dira.
2016ko urtarrilaren 1ean, atzerrian jaio eta Euskal AEn bizi ziren biztanleen kopurua 190.354ra heltzen zen, biztanle guztien %8,8; Espainian, berriz, %13,1ekoa zen.
57 udalerri, EAEko batez bestekoaren gainetik
57 udalerrik Euskal AE osoarena baino atzerrian jaiotako pertsonen portzentaje handiagoa dute: 19 Arabakoak dira, eta haietatik 17 udalerri %10en gainetik daude, gehienak Arabako Errioxakoak. Hauexek dira ehuneko handiena duten lau udalerriak: Nabaridas (%28ren gainetik), Berriatua (%14,6), Ordizia (%14,2) eta Markina-Xemein (%13,2).
Aitzitik, beste bost udalerritan ia ez da atzerritarrik bizi (%2 baino gutxiago). Lau Gipuzkoan daude (Orexa, Elduain, Aduna eta Gaztelu), Tolosaldean, eta bat Araban (Harana/Valle de Arana). Biztanle gutxiko herriak dira. Adunak –horien guztien artean handienak– 465 biztanle baino ez ditu.
Hiriburuek Euskal AEko gainerako herriek baino atzerritar portzentaje handiagoak dauzkate: Gasteizek handiena dauka, %11,8; Bilbok, berriz, %10,4 eta Donostiak %9,8, biztanle guztiak kontuan hartuta.