Bergarako Udaleko Euskara batzordeak eta Jardunek antolatu dute eta herriko euskaltzale eta kultura sortzailek batu nahi ditu. 19:00etatik 20:30era elkartuko dira, Irizar jauregiko Euskaldun Berria aretoan.
"Gaia oso zabala izanik, bereziki, Jardunen edo Euskara batzordearen inguruan antolatzen diren edo Euskara batzordeak laguntzen dituen egitasmoez jardungo dugu: Koldo Eleizalde lehiaketak, Gu ere bertsotan, Idazle Eskola, Jardunen antzerki eskola, Amodiozko gutunen lehiaketa… Edozein modutan, euskarazko sorkuntzaren inguruko beste edozein ideia ere ondo etorria izango da" adierazi dute antolatzaileek.
"Gaiaz interesa duten herritar guztiak"
Hori egiteko, gonbidatu dituzte aipatutako arloetako herriko sortzaileak, bestelako eragileak, hala nola, eskoletako irakasleak, lehiaketetako epaimahaikoak, ekitaldi-antolatzaileak edota "gaiaz interesa duten herritar guztiak".
Ekimenarekin lortu nahi dutena da euskarazko sorkuntzaren arloan herrian bideratzen diren egitasmoak ezagutzea, baloratzea eta horien inguruko hobekuntzak proposatzea. Hala nola, "diziplina desberdinetako eragileen arteko elkarlanerako aukerak aztertzea, esperientzia positiboei merezi duten aitorpena eskaintzea edota herriz kanpoko beste esperientzia edo asmo batzuk ezagutzea", dio Estepan Plazaola Udaleko euskara teknikariak.
Honako eskema prestatu dute gaurko tailer edo hausnarketa unerako:
- Sarrera.
- Pare bat aurkezpen labur-labur (10-12 minutu, bakoitza): Bergaran, genero bakoitzean, egiten dutenaren aurkezpena; Sormen-eskolak proiektua, Euskaltzaleen Topagunea.
- Gogoeta taldeka: zer hobe daiteke bakoitzaren arloaren barruan? Zer egin daiteke beste arlokoekin lankidetzan?
- Aurkezpena talde zabalean: taldeetan azaldutako ideia nagusiak, bi hitzetan.
- Ekintza ludiko labur bat.
Gaurkoa ez da, ordea, Euskararen Egunarekin lotuta Bergaran antolatu den ekimen bakarra. Zapatuan, Euskararen Egunean, Haurrentzako hizkuntza-jolasak izango dira Oxirondo aisialdi gunean (Azokaren gainean), 17:00etan.
20:00etan, Oihan Vegaren monologo saioa izango da Zabalotegi aretoan. Zergatik praktikatzen dugu sexua gazteleraz da izenburua eta duela bost urte Aretxabaletan estreinatutako monologoan du oinarria. Orduz geroztik 150. emanaldia du Oihan Vegak ikuskizun honekin. Emanaldi berezia izango da, hortaz.
21:00etan, azkenik, Bertso afaria izango da Osintxun, Jon Maia eta Onintza Enbeitarekin.