"Praktikan matxismoa ez da oraindik gainditu"

Xabi Gorostidi 2016ko aza. 24a, 17:13

Aurtengo Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren baitan ekintza ugari antolatu dira Aramaion, kontzientzia sortzeko eta gizartearen arazo estrukturala dela adierazteko. Aramaioko alkate Lierni Altuna herriko eragileekin batera aritu da aurten ere, azaroak 25arekin lotutako ekintzak prestatzen.


Gaur, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Hobeto ez balitzateke ezer ospatu beharko?
Ez dakit ospakizun edo salaketa egun bat den, egia esan. Baina, tamalez, urte asko eta askotan salaketa egun hau egon beharko dela uste dut.


Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna erronkaren aurrean Aramaioko udal gobernuak zein neurri hartu ditu?
Udal gobernu honek eginda dauka berdintasun diagnostiko bat eta baita berdintasun plan bat ere bai. Beraz, plana jarraitzen ari gara. Berriki, Gorbeialdeko Kuadrillan berdintasun teknikari bat kontratatu dute udalerri guztietarako, eta horrek ere zerbitzu bat emango digu. Hala, espero dugu honen laguntzarekin astindu handiagoa ematea planari. Azkenean, ditugun baliabideekin egiten dugu aurrera.  


Gorbeialdeko Kuadrillan ere badago kontzientzia gai honen inguruan. Horren adierazle dira begiraleentzako ikastaroak eta baita martxan jarritako emakumeen aurkako biolentziaren diagnosia?
Bai, azkenean, bertako Udal guztiek ikusten dugu gizartearen gaitz bat dela. Diru laguntza bati esker orain berdintasun teknikaria edukiko dugu, baina irailetik ari gara udalerriz udalerri diagnosi bat egiten. Herri bakoitzean emakumeen aurkako biolentziaren errealitatea aztertuko du. Oraindik bukatu gabe dago, eta zain gaude bertatik ateratzen diren datuak aztertzeko.  


Azaroaren 25aren inguruko ekintzak lan talde berezi baten prestatu dituzue. Nortzuk osatzen duzue?
Azken lau urteetan funtzionatu dugun lan talde berberarekin prestatu dugu aurten ere. Berau osatzen dugu Itur-zuri emakumeen elkarteak, Udalak eta gazte asanbladako partaide batzuk, gai hauetaz asko dakitenak.


Zein helbururekin prestatu dituzte aurtengo kontzentrazioa, bakarrizketa, hitzaldia eta tailerra?
Kontzentrazioaren helburua salaketa bera da, kontzientzia hartzeko. Askotan 10.000 gauzarekin ari gara aldi berean, eta hilketa baten albistea entzun arte ez dugu horri buruz hausnartzen. Gure ustez indarkeria matxista ez da pertsona solte batek egiten duen erokeria, arazo estruktural bat da, eta zentzu horretan doaz bakarrizketa, hitzaldia eta tailerra. Horretaz  gain, Emakunderen esku orriak banatu ditugu taberna eta komertzioetan, indarkeria kasuak antzeman eta neurriak hartzeko, eta pin batzuk banatuko ditugu gaitz honen aurkako jarrera ikusgai jartzeko.


Gazteengan kontzientzia gehiago igartzen duzu?
Berez Emakunderen azken ikerketak hartuz gero, datuek ez dute hori islatzen, eta nahiko egoera beldurgarria da. Biolentzia eta errespetu falta asko daude oraindik. Teorian, gizarte mailan denok aurka egotea lortu da. Baina praktikotasunean galdu egiten garela uste dut. Dena eginda dagoela dirudien arren, ez da helburua guztiz lortu. Hilketa kasuak eta matxismoa oraindik hor daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak