"Izugarria litzateke iazko 165.000 kiloak gainditzea"

Mireia Bikuña 2016ko aza. 18a, 13:29

Azaroaren 25ean eta 26an egingo dute urteroko janari bilketa erraldoia. Debagoienean, Arrasateko, Bergarako eta Aretxabaletako hainbat dendatan batuko dituzte produktuak. Atzo egin zuten kanpainaren aurkezpena Donostian eta han egon zen Jose Antonio Agirrebeña.

Aurtengo kanpaina ere ate joka duzue. Dena gertu?

Bai. Datozen egunetan azken lanak egingo ditugu, baina guztia dugu prest. 400 bat lagun egongo dira boluntario lanak egiten. Dendatan poltsak banatzen eta produktuak sailkatzen.

Bergarako elikagai bankuak lau bailara koordinatzen ditu.

Debagoiena, Debabarrena, Urola eta Goierri daude gure ardurapean. Azken horretan, Legazpitik Beasainera arteko herriak sartzen dira. Herri gehienetan, leku jakin batzuk egongo dira produktuak batzeko. Debagoienean, adibidez, Arrasateko Eroskin, BM-n, Dia-n eta Lidl-en; Bergarako Eroskin, Dia-n eta Super Amaran; eta Aretxabaletako Eroskin.

Eta, zeintzuk dira eskatzen dituzuen produktuak?

Horretan ez dago aldaketarik. Galtzen ez diren produktuak: esnea, pasta, arroza, lekaleak, olioa, atun latak... Bereziki eskatzen ditugu ume txikiendako direnak: esne hautsa, ipurdia garbitzeko toallak, ipurdirako kremak, biberoiak, txupeteak...

Nahiago duten herritarrek ekarpen ekonomikoa ere egin dezakete.

Iaz ipini genuen aukera hori lehen aldiz, eta erantzuna oso ona izan zen. 72.000 euro jaso genuen herritarren diru ekarpenekin. Diru horrekin urtean zehar sortzen diren beharrak ordaintzen ditugu. Bada, dirua eman gura duenak, dendan bertan egin dezake ekarpena.

Zein da aurtengo helburua?

Ez dugu zifra zehatzik buruan, baina, iazkoa errepikatzea izugarria izango zen. Iaz, guztira, 165.000 kilo janari batu genuen. Guk kudeatzen ditugun lau bailaratan 125.000 kilo. Hori gainditzea zaila izango da, baina, herritarrak oso kontzientziatuta daude, eta erantzun ona espero dugu.

Zenbat lagunen artean banatzen duzue batutako elikagaiak?

Egun ditugun datuak hauek dira: 4.500 heldu eta 3 urtetik beherako 465 ume. Astero jasotzen duten euren zatia, elkarteen bidez, udal ordezkarien bidez, gizarte laguntzaileen bidez... Horiek dira bitartekariak. Guregana ere etortzen dira zuzenean. Horiendako guztiendako izango da jasotzen duguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak