Iñaki Lizundia: "Kultura politiko berri bat da behar duguna"

Maite Txintxurreta 2016ko aza. 11a, 13:00

Birfundazio prozesuan dago Sortu alderdia, eta aro berrirako ‘Zohardia’ da aurkeztu den ponentzia bakarra. Zuzendaritza ekipoko kide da Eskoriatzako Iñaki Lizundia.

Sorturen birfundaziorako arrazoiak eta Zohardia ponentziaren nondik norakoan azaldu ditu zerrenda horretan Gipuzkoako ekintza politikoko arduradun  gisa azaltzen den Eskoriatzako Iñaki Lizundiak.

Zeintzuk dira Zohardia ponentziaren lehentasun nagusiak?

Gizartean neoliberalaren sekulako ondorioak pairatzen ari gara, bai norbanako moduan, baita herri bezala ere. Herri bezala momentu honetan erantzuna motela izaten ari da, eta prozesu independentista blokeo egoera batean dago. Bidegurutze horren aurrean, bi aukera daude: inertzia horretan jarraitzea ala burujabetzaren aldeko lan eraginkorra egitea. Horretarako, bere burua ezker abertzalean kokatzen duen orok  ideia horien alde borroka egiteko marko bat izan behar du. Erakunde berri bat behar da, egungo ereduak ez duelako ezker abertzalearen zabalera osoa hartzen. Era berean, erakunde horrek burujabetzarako bidea landu behar du.

Burujabetza, zertarako?

Burujabetzaren helburua da herritarrendako estatu duin bat lortzea, eta egungo egoera latzari herri moduan erantzutea. Izan ere, orain arte herri gisa erantzunak oso motelak izan dira.

Globalizazioaren aurrean jendarte  alternatibo bat lortu nahi duzue.

Erronka handia da, baina beharrezkoa. Bestela, bakoitzak bere burua salduta aurkitzen du. Erantzun kolektibo bat beharrezkoa da. Prozesu honen bidez jendea ahaldundu nahi dugu eraldaketa gauzatzeko.

Nola gauzatuko duzue erantzun kolektiboa emateko batasun hori?

Gehiengoa osatzeko bidea, batetik, esan bezala, pertsonak ahalduntzea da. Eta prozesu hori gure nazioaren izaera konfederala kontuan hartuta burutuko dugu. Hiru errealitate edo banaketa instituzional daude Euskal Herrian: Ipar Euskal Herria, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa deritzona. Uste dugu horietako bakoitzean egin behar dela prozesu bat gehiengoa lortzeko, beti ere erreferentzia nazionala presente izanda.

Beste alderdi eta eragileekin elkarlana baliatuko duzue?

Bai. Azken finean, lehentasun nazionalak konpartitzen ditugunok elkartu egin behar gara. Helburua da subjektu politiko bat lortzea eta esatea eskubidea daukagula guk erabakitzeko. Honezkero bidean zenbait pauso eman dira, Nafarroako aldaketako gobernua, esaterako. Kultura politiko berria behar dugu, demokrazian, jendearen ahalduntzean, eta elkarlanean oinarritua. Behetik eta horizontaltasunez eraiki behar da herria. Horretarako, gure apustu sendoak dira EH Bildu eta EH Bai.

Erresistentziatik egitasmora pasatzea da zuen helburua.

Ezker abertzaleak ezin du haizea mugitzera mugatzen den haizegailu bat izaten jarraitu. Haize berria sortzeko fasera salto egin behar dugu. Horretarako gure eskemetatik atera behar dugu. Izan ere, egia da batzuetan konformista bihurtu garela.

 

Sorturen birfundazio prozesua

Birfundazio prozesua hasi du Sortu alderdiak. Prozesuan zehar ponentzia (Otegi buru duen Zohardia izan da aurkeztu den bakarra) eta Zuzendaritza Ekipoa barne hauteskunde bidez aukeratuko dute (Bai, ez ala txuri bozkatuta). Horretarako sortu.eus webgunean izena eman behar da. Horrez gain, eztabaidarako batzar irekiak antolatuko dituzte herrietan.

Oraingoz hiru eztabaidarako gune zehaztu dituzte Debagoienean, hirurak ere azaroaren 19rako. Arrasaten, 10:30ean Kulturaten egingo dute; Bergaran, 10:00etan Aranzadi Ikastolan, eta Oñatin 10:00etan Arrano elkartean.
Birfundazioa urtarrilaren 21ean bukatuko da, Donostian egingo den kongresu nazionalean. Kongresu hori streaming bitartez zuzenean jarraitzeko aukera izango da, 10:30ean hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak