Txilioka, irrintzika... Ikastolatik herrira

Miren Arregi Amasorrain 2016ko aza. 11a, 11:37

Gaur aurkeztuko dira Kilometroak 2017ko leloa eta logoa, herriko hainbat taldek parte hartuko duten irekiera ekitaldian; Ikuskizuna 20:00etan izango da, Zubikoa Kiroldegian. Gaurkoarekin emango zaio hasiera, ekintzaz betea datorren urteari

Gaur, egubakoitza, emango zaie hasiera urte guztian zehar luzatuko diren Kilometroak 2017ko ekintzei. Dakizuen moduan, Bergarako Aranzadi Ikastolak Oñatiko Txantxiku Ikastolari utzi dio lekukoa eta hark izango du datorren urteko Kilometroak antolatzeko ardura. Gaur, Zubikoa Kiroldegian 20:00etan egingo den ikuskizunean aurkeztuko dira Kilometroak 2017ko leloa eta irudia; hori ikusteko ateak 19:30ean zabalduko dira.

Leloa eta irudia, auzolanean

Uztailean hasi ziren Txantxiku Ikastolan Kilometroak 2017k helarazi gura duen mezu horretan pentsatzen. Behin leloa erabakita, irudia lantzen hasi ziren hiru ikasle ohi: “Xanti Ugartek, Amaia Martinez de Arenazak eta Ander Etxanizek landu dute irudia, ildo komunikatiboa aintzat hartuta”, adierazi du Kilometroak 2017ko koordinatzaile Malen Ugartek. “Leloak eta logoak bat egitea garrantzitsua den arren, are funtsezkoagoa da ildo komunikatiboa transmititu gura den horren bueltan eraikitakoa izatea”, erantsi du.  Hala, Oñatiko Kilometrotako logo eta leloak, auzolana dute oinarrian. Auzolana, baina baita elkartasuna, irekitasuna, parekidetasuna eta aniztasuna.
Eta hain zuzen ere, horiek dira gaurko ikuskizunean irudikatuko diren balioak: “Besteak beste, Oñatiko kultura, euskara, anaitasuna eta elkarrekin lan egiteko dugun indarra irudikatuko ditu ikuskizunak”, dio zuzendari Iban Idigorasek.  Horretarako, antzerkia, musika, dantza, eta ikus-entzunezko euskarriak erabiliko dira. Eta gaineratu du: “Gaur oihu, irrintzi eta deiadar egingo dugu, honek horrela jarraitu dezan, euskaraz, ikastolatik herriarendako”.

50. urteurrena ere bai

Argi dago 2017a ospakizunez eta erronkaz betetako urtea izango dela Oñatiko Txantxiku Ikastolarendako, Kilometroak jaiaren ardura izateaz gain, 50. Urteurrena ospatuko baitu. Hain zuzen ere, gaurko ekitaldian, Txantxiku Ikastolaren 50 urteotako ibilbidearen bilakaera irudikatuko da;  esaterako, hasierako urteetako zailtasunak eta pedagogikoki izan duen bilakaera, gaur egun martxan dagoen Konfiantzaren Pedagogiaren garaira iritsi arte.

Helburuak, pedagogikoak

Aipatu moduan, Oñatiko Txantxiku Ikastolak 50 urte beteko ditu oñatiarrei eta bailarako herritarrei zerbitzua eskaintzen. Hartara, gaur egungo zerbitzu horien ezaugarriak gizarteratu eta etorkizuneko proiektuak bermatzeko ahalik eta babes ekonomiko handiena lortu gura du. Aitor Guridi presidenteak adierazi du, “gaur egungo eta etorkizuneko proiektu pedagogikoak bermatzeko” baliatuko dela ateratzen den dirua. Ildo beretik gaineratu du: “Proiektu horiekin herriko hezkuntza zerbitzuak aberastea dugu helburu.  Horien artean garrantzitsuena  martxan ipini dugun Konfiantzaren Pedagogia dugu. Konfiantzaren Pedagogia proiektuak berrikuntza ugari egin beharra ekarri dio ikastolari. Espazioaren antolaketa aldatu behar izan dugu eta ikastola beraren elementuak eta planteamendua aldatu behar izan ditugu”.

Lan ildoak, oinarri

Aipatu moduan, auzolana, irekitasuna, parekidetasuna eta aniztasuna dira Kilometroak 2017ren lan ildo nagusiak eta gaur aurkeztuko diren leloa eta logotipoa xede horien isla arbia izango dira. Balio horien gainean honela jardun da Kilometroak 2017ko koordinatzaile Malen Ugarte: “Auzolana dago oinarrian, batetik, gazteen artean galtzen dabilen lan egiteko modu bat dela uste dugulako eta beraz, interesgarria ikusten dugulako, horrelako jai bat biziko duten heinean, auzolana eta horrek dakarrena praktikan ipintzea”.  Eta gaineratu du: “Garatuko den proiektu berria auzolanean eraikitzea ezinbestekoa da. Hezkuntza komunitate barruan egingo den lanetik abiatuta, herriko beste eragileekin lankidetza lortzea, guztion parte hartzearekin, euskaren eta herriaren alde lan egiteko”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak