Tokikom jardunaldiak

"Gaur egun hizkuntza bat ezin liteke normalizatu hedabideetan ez badu presentziarik"

Ubane Madera 2016ko aza. 4a, 09:01

Kike Amonarriz soziolinguista eta komunikatzailea.

Euskal Filologian lizentziatutako soziolinguista, umorista eta telebista-aurkezlea da. Tolosako Udaleko euskara teknikaria eta Siadeco elkarteko soziolinguista izan da Kike Amonarriz. Abbadia saria jaso zuen 2015ean, euskararen erabilera arnasberritu, gizarteratu eta hedatzeko egindakoaren aitorpen modura; Tokikom jardunaldietan –azaroak 14– hizlarietako bat izango da. 

Toki komunikabideak euskararen transmisio katean da landuko duzun hitzaldiaren gaia; ze leku/garrantzi maila dute toki komunikabideek kate horretan?

Hasteko, euskarazko toki komunikabideak zertarako sortu ziren gogoratzea komeni zaigu. Izan ere, herri-aldizkarien mugimendua 90eko hamarkadan sortu zen euskara elkarteek bultzatuta helburu nagusi hauekin: euskarazko irakurgaiak euskaldunak zeuden etxe guztietara heltzea, gertuko informazioa euskaraz eskaintzea, euskara elkarteen eragina zabaltzea eta herri/eskualdeetako euskal komunitatea ahaldundu eta trinkotzea. Tokiko hedabideak oso baliabide garrantzitsuak izan dira eta dira euskararen transmisioari begira, gertuko komunitatean euskaraz bizi ahal izateko esparruak sortu edo irabazi dituztelako, eta tokiko euskarak prestigiatu.

Bestalde, erreferente eta profesional euskaldunak sortu dituzte, euskaraz egiten den guztiari ikusgarritasuna eta garrantzia eman diote eta bozgorailu ikaragarria izan dira euskal kulturarentzat. Beren funtzio eta helburuen garrantzia begi-bistakoa da. Baina, une honetan gure buruari egin behar diogun galdera, agian, beste hau da: zein neurritan ari dira betetzen aipatu ditugun helburuak eta funtzioak? Egia da etxe askotara iristen direla eta euskarari eta euskalgintzari egiten dioten ekarpena berebizikoa dela, baina iruditzen zait, batzuetatik besteetara alde handiak egon arren, oro har, ez direla iristen funtzio horiek guztiz betetzera: geografikoki hartzen duten eremua mugatua da, dauden lekuetan askotan ez dira heltzen euskaldunen gehiengoarengana... Bidea egin dugu, baina, lan handia dugu egiteke aurretik.

Transmisioa, sarri, ahozko jardunarekin lotu ohi dugu. Toki komunikabideek zelan lagundu dute transmisio horretan? Eta euskal komunitatearen sareari?

Transmisioa gauzatu dadin, ez da nahikoa etxean jasotzea; are gutxiago, transmisioa, batez ere, familietatik kanpo egiten den gurea bezalako hizkuntza bati dagokionez. Alde horretatik, tokiko komunikabideek hainbat esparrutako terminologia eta esapideak gizarteratzen lagundu dute, euskalkiak eta herrietako ondare linguistikoa transmititzen lagundu dute eta hizkera lokalen eta estandarraren arteko dikotomiari irtenbide praktikoa eman diote.

Hizkuntza hegemoniko edo estatu hizkuntzen ondoan bertako hizkuntzak sustatu eta babesteko ze punturaino dira beharrezko?

Gaur egun, hizkuntza bat ezin liteke normalizatu, hedabideetan ez badu presentziarik. Datozen hamarkadetan ez badugu lortzen onarpen eta eragin sozial handia izango duen euskarazko hedabide-sare zabala osatzea, euskararen normalizazio prozesuak nozitu egingo du gabezia hori. Gertutasuna lantzea da euskarazko komunikabideon indargune nagusietako bat; zer esanik ez, tokikoena. Eta horrek aukera ezin hobeak eskaintzen ditu, indar handiagoa duten hedabideak iritsi ezin daitezkeen leku eta esparruetara iristeko eta beste inon aurkitu ahal ezingo den informazioa emateko. Bestalde, eta etorkizunera begira, iruditzen zait hedabide mota guztien arteko harremanak eta sinergiak gehiago landu beharko liratekeela, eta hedabideen esparruan ditugun hutsune nabarmenenak osatu. Tokiko komunikabideek gertuko informazioa lantzen jarraitu behar dute eta nazio mailako hedabideekiko zubiak eraikitzen.

Uztargarriak dira toki komunikabideak nazio mailakoekin hizkuntzarekiko eraginkortasun maila handitzeko?

Zalantzarik gabe esango dut baietz. Medio bakoitzaren ezaugarriak eta nortasuna errespetatuz, elkarlana eta harreman-sareak zabaldu egin beharko lirateke: bai teknikoki, bai programen eta profesionalen aldetik, elkarren publizitatea eginez, eta abar. Tokikom-ek lan handia egin du norabide honetan tokiko komunikabideen esparruan, baina maila orokorragoan ere zabaldu beharko lirateke era horretako elkarlanak bideratzeko moduak.

Batzuek diote gehiegizko laguntzak jasotzen ote dituzten toki komunikabideek. Etxe handian diharduen profesional baten ikuspuntutik, horrela da?
Ez dut uste diru laguntzak gehiegizkoak direnik, ezta gutxiagorik ere. Hedabideen esparrua, gainera, abiada biziko aldaketan ari da eta hizkuntza hegemonikoen aldean ez badugu atzera geratu nahi eta etorkizuneko erronkei aurre egin, zalantzarik gabe, diskriminazio positiboa egiten jarraitu beharko da. Hori delako modu bakarra, hizkuntzaren normalizazioa erdiesteko eta herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzeko. Horrekin batera, hala ere, eta orain arte egin duten bezala, tokiko eta bestelako hedabideek premia, eskaera eta joera berrietara egokitzen joan beharko dute etengabe, hasieran aipatu ditugun helburu horiek lortze aldera; gure helburua ez baita bakarrik kaleratzea, gizartean ahalik eta eraginik eta onarpenik handiena lortzea baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak