Iñigo Uzin: "Barrura begira, interkooperazioa, eta kanpora begira, komunikazioa hobetu beharko genituzke"

Leire Kortabarria 2016ko aza. 7a, 08:00
Iñigo Uzin.

Mondragon Korporazioko Kontseilu Orokorreko presidentea da Iñigo Uzin abuztuaren 1a ezkero. Korporazioak bere kongresuan izendatu zuen kargurako. Kongresu hartan esan zena azpimarratu du Uzinek TU Lankide-k argitaratutako elkarrizketa zabalean: “Balio kooperatiboak eta errentagarritasuna dira Mondragonen etorkizuneko gakoak”.

Etorkizunera begira, enpresa-proiektuak finantzatzeko iturrien bilaketaz galdetzen dio Uzini TU Lankide-k: “Bagabiltza horretan lanean eta apalankatutako [zorpetzeko] tresnak sortuko ditugu beste partaide batzuekin, proiektu berrietarako. Horrez gain, kooperatiben arteko finantza-tresna berriak egongo dira, eta kooperatibek autofinantziazioa sortzea, ezin daitekeena ordezkatu; horretarako, errentagarriak izan behar gara”. Baina, Uzinen iritziz, “batez ere, arriskatzea merezi duten proiektuak behar dira, eta denok ahalegin handia egin behar dugu bilaketa horretan”.

Balioen inguruan galdetuta, Iñigo Uzinek esaten du kooperatiben balioak “aspaldi emanak” direla eta “egunero ekiteko moduan praktikara eraman” behar direla: “Definituta daukaguna betetzea den koherentzia ariketa egiteko gai baldin bagara, aurrerapauso handia eman izango dugu”.

Datozen urteotan, kooperatiba gehiago

Kongresuan onartu zen antolakuntza berri bat; bada, horretara trantsizioa “ezer bortxatu gabe” egingo dela ziurtatu du Uzinek, eta kooperatibei “eredu berrira igarotzen lagunduko” zaiela agindu du.

Gaineratu du Korporaziora kooperatiba gehiago batuko direla datozen urteotan: “Historiak erakusten du taldean egotea hobea dela, enpresa batek zailtasunak baldin baditu. Gauza gehiago egin daitezke batera bakarka baino, baita elkartasunaren eta eraldaketa sozialaren ikuspuntutik ere”.

"Solidarioak, ez bakarrik zailtasunen aurrean"

Bere agintaldian zeri eragin nahi dion galdetuta, bi gauza aipatzen ditu Iñigo Uzinek: “Korporazioaren barrura begira, interkooperazioa; gaur egungo interkooperazio maila hobetu egin daiteke”. Kooperatiben arteko eta kooperatiben eta beste enpresa batzuen arteko elkarlana azpimarratzen du. “Horrek zuzenean eragiten die errentagarritasunari eta iraunkortasunari, eta enplegu kooperatiboa sortzen eta mantentzen”. Bere iritziz, “solidarioak izan behar” dira kooperatibak “ez bakarrik kooperatibak zailtasunak dituenean; orduan diru asko kostatzen zaigu eta buelta eman ezineko egoera izan daiteke”. Korporaziotik kanpora begira, “jendartearenganako komunikazioa hobetu” beharra dagoela uste du Uzinek: “Garena, egiten duguna eta egin nahi duguna transmititu behar dugu, harrokeriarik gabe, baina gure ekarpenak dakarren erantzukizunetik”. Gaineratu duenez, “esan dezakegu, eta harrotasunez defendatu, ni kooperatiba honetakoa naizela eta nire kooperatiba Mondragonen dagoela”.

"Mondragon ondo defendatzen ari da"

Ekonomiaz galdetuta, Uzinek esan du 2015a ona izan zela eta 2016a ere ondo doala, baina oraindik “geratzen dela”: “Nazioarteko egoera ekonomikoa ziurgabetasunez beteta dago, baina Mondragon taldea ondo defendatzen da”. Ziurgabetasunak “iraun” egingo du, Uzinen iritziz, baina kooperatibek euren negozioaren kokapena “hobetzeko gai” izango diren itxaropena ere azaltzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak