Bailarako ordezkariekin eta arrakastaz egin da Berdintasun eta Kontziliazio Kongresua

Leire Kortabarria 2016ko aza. 3a, 13:20
Eskuman, Miren Elgarresta oñatiarra, Foru Berdintasun zuzendaria.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik egin den Berdintasun eta Kontziliazio Kongresuaren “oso balantze baikorra” egin du ahaldun nagusi Markel Olanok. Debagoieneko ordezkaritza egon da bertan; batetik, Berdintasun zuzendari nagusi Miren Elgarresta; baita Virginia Imaz klown-a (emanaldia egin zuen) eta, solasaldian, Emuneko ordezkariak ere.

Olanoren esanetan, “mahai gainean jarri diren ekarpen eta esperientzia aitzindariak balio handikoak eta arnas luzekoak” izan dira.

Urriaren 27an eta 28an, hainbat adituk, eta enpresa, erakunde eta elkarteetako ordezkarik gizon eta emakumeen arteko berdintasunari, eta bizitza profesional, familiar eta pertsonalaren kontziliazioari lotuta duten ezagutza partekatu zuten bertaratutako kideekin -200 lagun inguru-.

Olanoren esanetan, berdintasuna da belaunaldi honek duen erronka nagusienetako bat, eta dei egin zien herritarrei bide horretan eragiteko.

Aurreratu zuenez, Aldundia ez da mugatuko hausnarketa teorikora, baizik eta Kongresuan ateratako ondorioez baliatuko da bere ohiko politika eta programak, eta Etorkizuna Eraikiz programa aberasteko.
Azken eguneko jardunaldian, kontziliazioarekin eta berdintasunarekin zerikusia duten esperientzia aurreratuenak izan ziren ardatzetako bat, ipar Europako herrialdeen eskutik.

Islandian, berdintasun plana derrigorrezkoa da

Islandiako Genero Berdintasuneko Zentroko aholkulari Tryggvi Hallgrimssonek azaldu zuenez, 25 langiletik gorako enpresa guztiak daude derrigortuta berdintasun plan bat edukitzera, lau oinarrirekin: soldaten berdintasuna, garapen profesionala, diskriminazioaren eta sexu jazarpenaren aurkako borroka, eta kontziliazioa.

Islandiako legeak emakumeak haurdunaldiaren ondoren lanpostu berbera mantentzeko duen eskubidea bermatzen du eta erantzukidetasuna aldarrikatzen du etxearen kudeaketan. Era berean, udalek eguneko zaintzak diruz laguntzen dituzte haur bakoitzeko 200-300 euroko batez besteko inbertsioarekin hilero;  Gobernuak ekimen berria jarri du martxan asteroko lan ordu kopurua murrizteko, eta hiru hilabeteko aitatasun baimena eskaintzen du, aiten %90ek aprobetxatzen dutena.   

Hallgrimssonen arabera, Islandiak berdintasunean duen erronkarik handiena lan merkatuan kokatzen da. Emakumeen %80k lan egiten badute ere –munduko tasarik altuenetako bat-, “segregazioak” bere horretan dirau. Haietatik %34 lanaldi murriztua daukate; gizonen kasuan, berriz, %13koa da portzentajea.

Norvegian, 49 asteko baimena soldata osoarekin

Norvegiako Haurtzaro, Gazteria eta Familiaren Zuzendaritzako arduradun Petter Dotterudek, berriz, adierazi zuen “erakundeen maila guztiak” hartzen dituen lan esparru transbertsala dela berdintasuna. Berdintasunaren gakoa emakumeen “independentzia ekonomikoan” kokatu zuen. “Lan merkatuan emakumeen parte-hartze tasarik altuenetakoa daukagu, gizon eta emakumeen enplegu tasa ia parean dago, baina emakumeen irabaziak baxuagoak dira, lanpostu ezberdinetan aritzen dira eta diskriminazioa ez da desagertu. 10etik 4k denbora mugatuan egiten dute lan eta zuzendaritza karguetan gutxiago dira”, zehaztu du.

2015az geroztik, Genero Berdintasunari buruzko Liburu Zuria dauka Norvegiak. Liburu honek txikienen hezkuntzarako neurriak finkatzen ditu, berdintasuna balio gisa azpimarratuz.

Norvegiarrak azaldutakoaren arabera, 2015az geroztik, seme-alabak dituztenek 49 asteko baimena eska dezakete soldataren %100arekin, eta 59 astera luza dezakete baimena soldataren %80arekin. Bikoteen %68k gauzatzen dute azken aukera hori. Lan Inguruneko Legeak eskubideak errekonozitzen die gurasoei lanaldi murrizturako eta ordutegi malgutasunerako. Edoskitzea diruz laguntzen da, eta 700 euro arteko laguntzak ematen dira etxeko zaintza babesteko. Eskandinaviako herrialdea izan zen aurrenekoa aitatasun kuota ezartzen, 1993an –lau astekoa-.

"Euskadin, familiarismoa da nagusi"

Ondoren, berdintasun arloko erakunde laguntzailearen figuraren berri eman zuen Raquel Raposo Emakundeko Programa eta Formakuntza arloko arduradunak. Figura hau 1994an sortu zen Euskadin, Euskal Berdintasunaren Legearen barruan. Borondatezko aukera da, enpresa eta entitateei zuzendutakoa.
Raposoren arabera, programaren erronketako bat da enpresei babesa eskaintzea, ez bakarrik berdintasun planak egiterakoan, “baita horien exekuzioan eta neurrien ezapenean ere. Enpresa kultura errotik aldatu behar dugu”. Gaur egun, 83 erakunde laguntzaile daude guztira, gehienak 50 langile baino gutxiagoko enpresak: “Gutxiegi dira, gure ekonomia ehunaren tamaina aintzat hartuta”. Haren iritziz, ezinbestekoa da berdintasuna “hazkundea, berrikuntza eta kudeaketa aurreratua” bezalako esparruekin lotzea: ·Ezin da kudeaketa aurreratuaz hitz egin berdintasunik ez badago”.

Emakundeko arduradunarentzat, “enpresen kultura eta praktiketan aldaketa sakonak ezarri ezean, ezinezkoa izango da genero arrakala desagerraraztea. Argi gelditu da emakumeontzat ez dela nahikoa formatzea. Zaintzaren etika aldarrikatu behar dugu, eta alor honetan gizarte akordio berri bat erdietsi”.
Ildo beretik mintzatu zen Cristina García, UAMeko Berdintasun Unitatearen burua. Harentzat, zaintzak, eta zaintzen krisiari aurre egiteko jendarteak duen modua dira “kontziliazioaren elementu klabea”. Eustaten arabera, etxeko egitekoei egunero hiru ordu eskaintzen dizkiete emakumeek, eta ordubete eta 37 minutu gizonek. “Zaintzak lanak gehitzen badizkiegu, 3 ordu eta 45 minutuko kopurua pilatzen dute emakumeek, eta bi ordukoa gizonek. ‘Familiarismoa’-ren eredua dugu nagusi, eta horrek ez die mesederik egiten garapen pertsonalerako aukerei. Botere publikoen ardura da egoera honi buelta ematen laguntzea”, galdegin du.

Gogorarazi zuen gizonezko gutxik hartzen dutela eszedentzia adinekoen zaintzari aurre egin ahal izateko: “Jaiotze tasa dugu hizpide askotan eta hori oso inportantea da, baina adinekoen arretan jarri behar dugu pisua ere. Premiazko kontua da”. Garcíaren arabera, familia baimenak soldata baxuena duenak hartu ohi ditu, eta horrek “lan merkatuko genero arrakala areagotzen duen zirkulu kaltegarria dakar. Indarrean dugun ereduak desberdintasunak ditu oinarri, eta emakumeen ardura gisa erreproduzitzen du zaintza”, amaitu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak