Europako berrikuntza handiko herrialdeen mailan dago Euskadi

Leire Kortabarria 2016ko aza. 1a, 08:00

Euskal autonomia erkidegoa berrikuntza handiko herrialdeen mailan dago, Eustatek landutako Europako datuen arabera.

Europako Berrikuntzako Adierazleen Panelak –European Innovation Scoreboard (EIS) 2016, lehen Innovation Union Scoreboard (IUS)– 0,482ko balioa lortu du EAEn, EUSTATek landutako datuen arabera.
EIS etengabe berrikusten den adierazle-panel bat da, panela osatzen duten adierazleak berak zein balioak kalkulatzeko formula berraztertzen dira-eta. Izan ere, urtero gehitzen dira herrialdeetako daturik eguneratuenak, eta horrek serie osoa berriro kalkulatzea ekartzen du.

EIS 2016 panelaren arabera, EAEk gehitu egin du bere adierazlearen balioa azken urte honetan (0,478 zen 2015ean eta 0,482 da 2016an), eta 28 herrialdeetako Europako Batasunaren (EB-28) batez bestekora hurbildu da, lau ehunenekoetara geratu baita. Espainiaren balioa hamabi ehunenekotan gainditu du.
EB-28ko herrialdeak lau kategoriatan taldekatzen dira, lortutako puntuazioaren arabera eta Europako batez bestekoarekiko kokapenaren arabera. Lehen taldean, berrikuntzan liderrak diren herrialdeak daude, hau da, batez bestekoaren % 120 baino puntuazio handiagoa lortzen duten herrialdeak: Suedia (0,70), Danimarka (0,70), Finlandia (0,65), Alemania (0,63) eta Herbehereak (0,63). Dena dela, Europan Suitza da berrikuntzako abangoardiaren liderra (0,79).

Erresuma Batuaren, Frantziaren eta Austriaren pareko

Bigarren taldean, berrikuntza handiko herrialdeak daude, hau da, Europako Batasunaren batez bestekoaren % 90 eta % 120 arteko puntuazioa lortu duten herrialdeak. Kasu horretan daude, goitik beherako ordenan, Irlanda, Belgika, Erresuma Batua, Luxenburgo, Austria, Frantzia eta Eslovenia, 0,61 eta 0,48 arteko puntuazioekin. Euskal AE, 0,482ko puntuazioarekin, talde horren mailan kokatuko litzateke, EB-28aren batez bestekoaren % 92,4 lortuko bailuke.

Ondoren, hirugarren multzoan, neurrizko berrikuntza duten herrialdeak daude (batez bestekoaren % 50 eta % 90 artean). Multzo horretan daude Zipre, Estonia, Malta, Txekiar Errepublika, Italia, Portugal, Grezia, Espainia eta beste sei herrialde gehiago, 0,45 eta 0,28 arteko puntuazioekin. Azkenik, laugarren taldean, berrikuntza txikiko herrialdeak daude (batez bestekoaren % 50 azpitik), eta bertan Bulgaria eta Errumania daude, 0,24 eta 0,18 puntu baitituzte hurrenez hurren.

Hiru adierazletan nabarmentzen da Euskadi

Europako Berrikuntzako Adierazleen Panela –EIS 2016– hiru multzo nagusitan banatzen da, zortzi dimentsiorekin, guztira 25 adierazle izanik.

EAE dimentsio horietako hirutan nabarmentzen da Europako batez bestekoarekin alderatuta: Giza baliabideak, Loturak eta enpresa-ekimena, eta Ikerketa-sistema.

Giza baliabideetan, EAE hiru adierazleetan nabarmentzen da, Europako batez bestekoarekin alderatuta: 25 eta 34 urte arteko graduatu doktore berriak milako 2,02 dira EAEn eta EB-28an milako 1,84 dira; Hirugarren mailako ikasketak dituen 30 eta 34 urte arteko biztanleria % 48,9 da EAEn, eta Europako Batasuneko batez bestekoa % 38,5 da; eta Gutxienez bigarren mailako goi-hezkuntza bukatu duen 20 eta 24 urte arteko gazteria % 86,7 da EAEn eta % 82,6 da EB-28an.

Ikerketa Sisteman, EAEn nabarmentzen dira Milioi biztanleko nazioarteko koargitalpen zientifikoak, 1.302 –Europako Batasuneko batez bestekoa 459 denean–, eta Nazioartean gehien aipatutako argitalpen zientifikoak (bikainak) – % 10,53 dira EAEn eta % 10,51 dira EB-28an–. Aitzitik, zifra txikiagoekin agertzen da EBtik kanpoko doktoreak herrialdeko kopuru osoan, % 14,9 dira EAEn eta % 17,8 dira EB-28an.

Loturei eta enpresa-ekimenari dagokionez, EAEn nabarmentzen dira Barruko berrikuntza duten ETEak %32,1ekin –EB-28an %28,7 dira–, eta Berrikuntzaren arloan lankidetzan diharduten ETE berritzaileak % 14,6 dira EAEn eta % 10,3 dira Europako Batasunean.

Beste bi dimentsiotan, Enpresako inbertsioa eta Eraginak ekonomian dimentsioetan, EAEn antzeko kopuruak lortzen dira, baina zertxobait azpitik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak