Apirilean abiatu zuten kanpaina, eta ordutik 2.000 herritar gehiago animatu dira Osakidetzan euskarazko arreta eskatzera. Kanpainaren bultzatzaileak pozik azaldu dira emaitzekin. Dena den, urte bukaerarako 10.000 debagoiendarren atxikimendua lortzeko helburua jarri dute.
Lehentasunezko hizkuntza gisa euskara aukeratzean, paziente bakoitzaren Osakidetzako fitxan jasotzen dute. Horrek esan nahi du aukera dagoen guztietan, Osakidetzako zerbitzuetan arreta euskaraz jasoko duela paziente horrek.
Eskaera egiteko, osasun zentroko harreran egin daiteke, edo familiako medikuari edo erizainari esanda. Internet bidez ere egin daiteke eskaera, norberaren Osasun Karpetan sartuta.
Elkarlanerako batzorde "aitzindaria"
Debagoienean elkarlanerako mahaia duela bi urte pasa osatu zuten, eta ekimena aitzindaria izan da. Gaurtik aurrera, gainera, pausu bat gehiago eman du elkarlanerako batzorde honek. Lanean euskaraz jarduteko gai diren mediku, fisioterapeuta eta bestelako profesionalen zerrenda bat osatu dute, eta aurrerantzean posible den heinean euskarazko arreta jasotzeko eskaera egin duten pazienteak espezialista euskaldunengana bideratuko dituzte, bere fitxan hala jasota egongo delarik.
Ekimenaren bultzatzaileek nabarmendu dute espero dutela Debagoieneko esperientzia eredu izatea eta beste bailara batzuetara ere zabaltzea.