Kooperatiben Munduko Gailurrean parte hartu du Mondragon Korporazioak, Kanadan

Leire Kortabarria 2016ko urr. 17a, 14:53
Oskar Goitia, Gailurreko ekitaldi baten.

Kooperatibak: ekiteko boterea lelopean egin da Quebecen (Kanada) kooperatiben gaineko munduko gailurra urriaren 11 eta 13 artean, eta Mondragon Korporazioak parte hartu du bertan, TU Lankide-k jasotzen duen moduan.

100 herrialdeko 3.000 parte-hartzaile inguru batzartu ziren Quebecen. Gailurraren helburua da kooperatibak sortzen laguntzea eta haiek garatzea.

Aurtengo leloarekin nahi izan da kooperatibismoaren rola eta tokian, herrialdean eta nazioartean haien inpaktua aldarrikatu.

Nobel saridun Joseph Stiglitz-ekin

Parte-hartzaileen artean izan dira 2001eko Ekonomiako Nobel saridun Joseph Stiglitz; Kalifornia-Berkeleyko Unibertsitateko irakasle Robert Reich; berrikuntza eta lidergo arloetako estratega Navi Radjou; Quebec-eko Gobernuko Ekonomia, Zientzia eta Berrikuntza ministro Dominique Anglade; eta Desjardins Taldeko zuzendari orokor Monique Laroux.

Mondragon Korporazioaren partetik, bertan izan ziren hango Batzorde Iraunkorreko presidente Javier Goienetxea, idazkari orokor Arantza Laskurain, Mondragon Internacionaleko presidente Oskar Goitia eta Hedapen Kooperatiboko zuzendari Ander Etxeberria; Arrasateko alkate Maria Ubarretxena ere ordezkaritzako kide izan zen.

300 kooperatiba handienek % 7 gehiago fakturatu dute

Gailur horretan parte hartu dute 250 hizlari inguruk, 50 elkarrizketa-mahai egin dira eta 14 ikerkuntza-lan argitaratu dira. Lan horien artean dago 2016ko Kooperatiben Nazioarteko Behatokiarena, eta, horren arabera, munduko 300 kooperatiba handienek iaz baino % 7 gehiago fakturatu dute, 2,3 bilioi euro hartzeraino.

Gailurreko azken egunean eztabaidatu zen kooperatibek eta erakunde mutualistek Nazio Batuek markatutako 17 Garapen Jasangarriko Helburuak lortzen egin dezaketen lana; besteak beste, pobrezia amaitzea, gosea amaitzea, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, ur garbia eta saneamendua, energia prezio egokian eta kutsadurarik gabe, hiri eta komunitate iraunkorrak, ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, e.a.

Antolatzaileek honako bideoa argitaratu dute, parte-hartzaile batzuen inpresioak jasotzen dituena.

Honakoa da bi hilabeteko epean Kanadan Arrasateren presentziarekin egin den bigarren batzarra; aurrekoa irailaren 7tik 9ra izan zen, Montrealen; Gizarte Ekonomiaren Mundu mailako 3. Foroa izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak