Enpresako zuzendaritzak EREaren aplikazio minimoa proposatzen duela adierazi dute Fagor CNAko enpresa batzordetik: "azaroan bakarrik" aplikatzekoa eta, "era partzialean".
Proposamena ez onartzea erabaki dute langileek, haien esanetan ez duelako "irtenbiderik proposatzen" eta, bestetik, EREaren aurkezpenak, enpresaren etorkizunaren inguruan "kezka" sortzen duen "beste urrats" bat delako.
Langileek diote ez dutela "inolako zalantzarik" Fagor CNA proiektua "bideragarri" izan daitekeela eta ez dela "alarmismoan erortzeko" unea. Eta "argitasun, gardentasun, konpromiso eta seriotasun gehiago" eskatu diote zuzendaritzari.
Oharra amaitzen dute esanez Fagor Etxetresna Elektrikoen likidazioaren garaian "une gogorrak" bizi izan zituztela eta orduan inplikatu ziren moduan, "guztiak berriz ere inplikatzeko garaia" dela, "instituzioak barne", diote langileek, "bideragarri izan daitekeen eta bideragarri izan behar duen proiektuak", Fagor CNArenak, "aurrera egiteko".