IKTen sektoreak % 2,2ko pisua du euskal ekonomian

Leire Kortabarria 2016ko urr. 15a, 08:00

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien sektoreak (IKT) 2.469 enpresa eta 21.046 lanpostu zituen Euskadin 2014an, euskal ekonomiaren guztizkoaren % 2,2, Eustatek prestatutako datuen arabera.

Gainera, guztizko balio erantsiaren % 2,5 sortu zuen, 1.497 milioi, eta 3.287,6 milioi euroko negozio-zifrara iritsi zen.

Aurreko ekitaldiaren aldean, sektoreak ekonomia osoan duen pisuak bere horretan jarraitzen du enpleguari dagokionez, baina establezimendu kopurua hazi egin da (194 gehiago). Horrek erakusten du sektore horretako enpresen batez besteko tamaina txikitu egin dela, eta 8,5 pertsonatan kokatu zen 2014an. Negozio-zifrari dagokionez, 2014an % 3,9 jaitsi zen aurreko urtearen aldean.

Bereziki, I+G+b jarduerak

IKT sektorean, enpresen % 7,7k I+Gko jarduerak egiten dituzte, sektore guztietarako baino ehuneko handiagoa, % 1,1. Gainera, sektore horrek, enpresa guztien % 1,6 denak, I+G egiten dutenen % 11,7 biltzen ditu eta enpresa-sektorearen barne I+Gko guztizko gastuaren % 7,0 egiten du, 67,6 milioi eurorekin, guztizko gastuaren pisua zortzi hamarren areagotuta 2013aren aldean.

Sektore horretan I+G-n jarduten duten langileei dagokienez, 2014an 1.304 enplegatu izan ziren (horietatik 332 emakumeak izan ziren) arduraldi osoan baliokidetasunean, enpresa-sektoreak I+Grako bideratzen dituenen % 9,7 edo % 7,0, kontuan hartzen badira sektore guztiek bideratzen dituztenak.

IKTkoak, berritzaileagoak

Berrikuntzari dagokionez, 2014an, IKT sektoreko establezimenduen % 18,3 berritzaileak izan ziren, sektore guztien % 12,2ren aldean. Enpresaren tamaina kontuan hartzen bada, 10 enplegatu eta gehiago dituztenetan % 51,1eko ehunekoetara iritsi zen lehen kasuan, eta % 27,5, sektore guztietan.
Berrikuntza-jardueretan egin zuten gastuari buruz, IKT establezimenduek 175,2 milioi euro bideratu zituzten, enpresen guztizko gastuaren % 7,1. Gastu horretatik 142,3 milioi 10 enplegatu eta gehiagoko establezimenduenak izan ziren, hots, tamaina horretako enpresek gastatutako guztizkoaren % 6,9.

Merkataritza elektronikoak ezarpen txikia du

IKT teknologien erabilera sektore horretako enpresetan oso zabaldua dago, baina merkataritza elektronikoak, gainerako sektoreetan baino garatuago dagoen arren, ezarpen handia izan gabe jarraitzen du, batik bat salmenten aldetik. IKT sektorean bitarteko horren bidez erosi zuten establezimenduak % 54,8 ziren, eta salmentak egin zituztenak, % 12,9; sektoreen guztizkoan, berriz, % 23,1 eta % 6,0, hurrenez hurren.

Bestetik, IKT sektoreak ondasunen kanpo-merkataritzan duen eragina ez da adierazgarria. Esportazioak 22.512,6 milioiko guztizkotik 261,5 milioi eurokoak izan ziren bitartean, inportazioak 310,7 milioitara iritsi ziren, guztizko inportazioen 17.135,6 milioietatik. Horrek % 1,2 eta % 1,8 adierazten du, hurrenez hurren.
Truke horietako produktu ohikoenen artean, esportazioen aldetik, Osagai elektronikoak nabarmentzen dira, % 43,4, eta Bestelako IKT produktuak, % 34,2; eta inportazioetan, berriz, Bestelako IKT produktuak, % 33,4, eta Telekomunikazio-ekipamenduak, % 25,9.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak