Ekonomia Gurean hitzaldi formatuan antolatu da eta herritarron parte-hartzea ezinbestekoa da. Adituak izango dira gidari –Urko Aristi kazetariak aurkeztuko ditu saioak, eta enpresaburu eta adituak izango dira gonbidatu gisa– baina "ohorezko jasotzaileak" herritarrak izango dira, Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabalen hitzetan: "Gertutik ezagutu ahal izango dute, ekonomia eta enpresa munduan garrantzi handia izan duen jendearen eskutik, zer gertatu den eta gaurtik zer irakurketa egin dezakegun gaiaz. Euskal Herri mailako datuak izango dira hizpide, baina gura dena da gu bizi garen eskualdeko errealitatea ere ezagutzera ematea".
Eskualdeko berezitasunak
Debagoieneko ekonomia egiturari erreparatuko zaio, bereziki; gertutasuna da, hain zuzen ere, erabiltzen den aldagaia.
Debagoienaren kasuan, bi dira historikoki nagusitu diren ereduak: batetik, kooperatibak, eta bestetik, enpresa familiarra. Bi eredu horiek desberdin egin dute Debagoiena, eta desberdina da datuetan ere. Hala, Iban Arantzabalen esanetan, "ekonomia ereduak, esaterako, balio izan du emakume eta gizonen arteko ezberdintasun txikiena duen industria jarduera Debagoienean egotea. Hori pasatzen da hemen, eta ez beste inon".
Adituek Urko Aristiren galderei erantzungo diete, baina herritarren galde-erantzunetarako tartea ere egongo da.
Saioa Bergarako udaletxean izango da, eguaztenean, hilak 19, 19:30etik 20:30. Miguel Lazpiur enpresaburua, Miren Estensoro ekonomialaria eta Lander Beloki MUko Enpresagintza fakultateko dekanoa izango dira berbalariak.
Streaming bidez zuzenean
Hitzaldi formatua edukiko du Ekonomia Gurean-ek, baina ikus-entzunezkoen bidez ere zabalduko da. Hala, gaur, eguaztena, hitzaldia zuzenean streaming bidez jarraitzeko aukera izango da Goiena.eus atarian. Eta saioa grabatu egingo da gero emititzeko: hain zuzen ere, Goiena telebistan urriaren 26an emango da, eguaztena, 22:00etan.
Estreinaldia Debagoienean izango da, eta gero, Tokikomen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, beste eskualde batzuetara eramango da.