Konfiantza Indizea 55,1 da; Espainiakoa (54,8) eta Eurogunekoa (52,9) baino maila hobea. Emaitza horiek kalkulatzeko, hainbat aldagai kontuan hartu ditu Laboral Kutxak.
Enpresek ingurune ekonomikoari buruz dituzten espektatibei dagokienez, % 66,5ek uste dute egoerak bere horretan jarraituko duela, eta % 16,5ek, hobera egingo duela. “Beraz, ikuspegi baikorra da nagusi”, ondorioztatzen du txostengileak.
Fakturazio aurreikuspen onak
Enpresek fakturazioari buruz dituzten aurreikuspenak onak dira, 2016ko laugarren hiruhilekoari dagokionez. Hala, % 62,4ren iritziz, egoerak bere horretan segituko du, eta % 29,7ren ustez, onera egingo du. Beraz, fakturazio txarragoa espero duten enpresen kopurua % 7,9koa baino ez da.
2016ko laugarren hiruhilekoan jarduerak bere horretan segituko duela uste dutenen kopurua % 68,9koa da, eta egoerak hobera egingo duela uste dutenena, % 19,7koa. Inkestatuen % 11,4ren ustez, berriz, jarduerak txarrera egingo du.
Erantzunok ikusita, Laboral Kutxak honako zalantza hau mahai gainean jartzen du: “Fakturazioa eta jarduera hobetuko dela uste dutenek gehiago saltzea ala garestiago saltzea espero dute?” Dena den, emaitzen arabera, badirudi eskaera-bolumena hobetzea espero dutela. Hala, inkestatuen % 58,9k bolumenari eustea espero dute, eta % 31,1ek, hobetzea. % 10,0ek, berriz, txarrera egingo duela uste dute.
10 enpresatik 9k lan-taldeari eutsiko diote edo handitu egingo dute
Prezioei dagokienez, egonkor jarraituko dutela uste dute gehienek; izan ere % 81,1ek uste dute prezioek bere horretan segituko dutela laugarren hiruhilekoan zehar. Gainerako enpresetatik, % 4,3k uste dute prezioak handiagoak izango direla, eta % 14,6k, prezioak jaitsi egingo direla.
Eragiketen errentagarritasun-espektatibei dagokienez, % 67,3k uste dute errentagarritasunean ez dela aldaketarik izango, % 15,4k errentagarritasuna handiagoa izango dela eta % 17,3k txikiagoa izango dela.
Inbertsio-bolumenari dagokionez, enpresen %73,2k uste dute eutsi egingo diotela 2016ko laugarren hiruhilekoan. % 15,7k, berriz, inbertsio-bolumenak gora egitea espero dute. Beraz, inkestatuen % 11,1en ustez, inbertsio-bolumena jaitsi egingo da. Azkenik, enpresen % 77,3k uste dute enpleguari eutsi egingo zaiola, % 16,8k lan-taldea handitu egingo dela eta % 5,9k lan-taldea txikitu egingo dela.
Aurreko emaitza baino hobea
Inguruneari buruzko iritzia ez beste adierazleak kontuan hartuta kalkulatzen da Industria Konfiantzaren Indizea: 55,1. Aurreko hiruhilekoko datua, 55,0koa, handitu egin da. Datu horretatik honako interpretazio hau egiten da: 2016ko laugarren hiruhilekoko ekonomiaren bilakaerari buruz ikuspegi baikorragoa dutela enpresek. Gainera, indizearen balioa 50etik gorakoa izateak hedapen-eremuan egotea adierazten du, eta hori bat dator beste esparru geografiko batzuetan (Espainia eta Eurogunea) lortutako balioekin (54,8 eta 52,9, hurrenez hurren).