Errugbia ezagutzeko gonbitea egin die Arrasateko taldeak 14-15 urte bitarteko gazteei

Xabier Urtzelai 2016ko urr. 6a, 14:51

Azken urteotan 16 urtez azpikoen taldea osatzeko Arrasatekoek hainbat taldetako jokalariekin bat egin behar izan dute. Aurten, ordea, talde txukuna osatu dute eta ARTk ordezkaritza izango du kategoria horretan. Hala ere, taldea osatzeko eta errugbia gertuagotik ezagutzeko "gonbitea" egin diete 14 eta 15 urteko gazteei.

Azken urteetan aurreneko aldiz, Arrasate Errugbi Taldeak talde propioa izango du 16 urtez azpiko kategorian, horregatik klub zuri-moretik deia egin diete 14 eta 15 urte bitarteko neska-mutikoei "Mojategira gerturatu eta errugbia ezagutu dezaten". Sarrailagileek azken denboraldietan inguruko herrietako klubekin partekatu dute taldea infantil zein kadete mailetan, iaz Eibar eta Zarautzekin, hurrenez hurren; aurten, baina, harrobian jokalari multzo "majoa" batu da eta azkenean talde propioa ateratzeko parada izan dute. Hala eta guztiz ere, egoera ez da guztiz pozgarria Arrasate Errugbi Taldean, "jokalarien kopurua gutxienekoa bada ere, denboraldiari 16 urtez azpikoetan behar bezalako bermeekin ekin nahi badiogu gutxienez beste hiruzpalau jokalari beharko baigenituzke", dio Ane Agirre presidenteak. Izan ere, aurten Euskadiko Errugbi Federazioak aukera eman die klubei kategoria horretan 12 jokalariekin jokatzeko, ohikoa dena baino hiru gutxiago –errugbi partidu ofizialetan taldeak 15 jokalariz egoten dira osatuta-.

Arrasate Errugbi Taldeko 16 urtez azpikoen taldea 13 jokalariz osatuta dago une honetan, "horregatik adin horretako gazteei dei berezia egiten diegu Mojategira gerturatu eta ekipoa sendotzen lagundu gaitzaten", gaineratzen du Agirrek. Arrasate Errugbi Taldeko infantilek astero-astero birritan entrenatzen dute, astearte eta ostegunetan arratsaldeko 17:30 eta 19:00ak bitartean Mojategin. Aurten 16 urtez azpikoen ardura Julen Barrutiak izango du, "entrenatzaile gaztea eta gogotsu datorrena, senior mailako taldeko jokalaria eta ideia berriak dakarrena", azpimarratzen dute klub zuri-moretik. Arrasatearrek urriko lehenengo asteburuan ekin zioten liga txapelketari, "horregatik guregana etortzen animatzen dena garaiz dabil oraindik errugbi zein taldekideak ezagutzeko", diote.

Bidelagunak

Arrasate Errugbi Taldeak bidelagun ugari izan ditu harrobiko kategorietan azken denboraldietan. 2014tik 2016ra, esaterako, kadeteek Zarautzekin batera partekatu dute taldea; infantil mailakoek, aldiz, Eibarrekin. Hori baino lehen, klub zuri-moreak kolaborazio-hitzarmena sinatu zuen Durango Errugbi Taldearekin eta, horren baitan, bi klubek talde partekatuak atera zituzten harrobiko kategorietan; hitzarmena senior mailako taldearendako ere bazen.

Kontuak kontu, eta unean uneko hitzarmen hauen bitartez, klub zuri-moreak Arrasate zein inguruko herrietako neska-mutikoei aukera eman die errugbiaz gozatzeko, baita lehiatzeko ere. "Aurtengoa, baina, aukera ezin hobea da, talde propioa edukitzeak abantaila ugari suposatuko baititu: entrenamendu guztiak etxean bertan egitea, horrek saihesten dituen logistika arazoekin, taldekideak hobeto ezagutu, eta abar", azpimarratzen du Agirrek. Esan bezala, nahi duenak Arrasate Errugbi Taldeko ateak parez pare zabalik dauzka; taldeko kide izateko Mojategira gerturatzea baino ez dago: "Gogoratu: handia zein txikia izan, azkarra edo motela, argala edo sendoa... leku bat duzu gure artean! Gerturatu Mojategira asteartea edo ostegunetan, arratsaldeko 17:30ean. Zure zain gaude! Harrotasunez, ART!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak