"Euskal kulturako ezezaguna da Aranzadi"

Julen Iriondo 2016ko urr. 6a, 10:00
Felix Leturia, Alberto Santana eta Mikel Agirre.

Bergarako UNEDen 40. urtemuga dela-eta, mahai-ingurua egin dute hari buruz. Antropologo bergararrak euskal arrazaren gainean egindako lana nabarmendu dute Felix Leturiak, Alberto Santanak eta Mikel Agirrek.

1860. urtean Bergaran jaioa, farmazia ikasketak zituen –natur zientzien alorreko beste batzuen artean–, eta irakasle ere horretan jardun zuen, Bartzelonan –bertan hil zen 1945ean–. Bazuen, ordea, bestelako pasio bat, unibertsitatean ekainean eskolak amaitzean berriro sorterrira etorrarazten zuena –udaro etortzen zen–: antropologia eta euskal arrazaren gaineko ikerketa. Hala azaldu zuten martitzen arratsaldean UNEDen egindako mahai-inguruan parte hartu zuten Felix Leturia antropologoak, Alberto Santana historialariak eta Mikel Agirre historiaurrelariak –hiruak zentroko irakasleak–.

"Antropologian aitzindari, ez bakarrik Euskal Herrian, baizik eta Espainian eta Europan"; hala definitu zuen Agirrek Telesforo Aranzadi. "Europan pil-pilean zegoen arazo historiko bat" izan zuen ikergai: "Euskaldunon jatorria". Eta horretarako aztertu zituen askotarikoak, "euskal arraza" ezaugarritu nahian. Gai arantzatsua, arraza kontuak zirela-eta garaitsu hartan gertatutako sarraski handiak kontuan izanda –Aranzadi bera ere ohartua zen "politikako profesionalek" arrazaren ingurukoen erabilpen okerra egin zezaketela–; aitzitik: "Telesforok defendatzen du euskaldunen berezitasuna, baina ez euskaldunen nagusitasun morala; norberarena ezagutzeak ez dakarrela kanpokoa ukatzea", zioen Felix Leturiak. Areago, "mestizaiaren" defendatzaile sutsu izan zela zioen Alberto Santanak.

Arraza eta kultura lotzen ei zituen Aranzadik; Aranzadik, eta haren ikasle nagusi izan zen Jose Migel Barandiaranek: "Kultura alorreko adierazpenak eta desberdintasunak arraza ezaugarrien ondorio direla zioten, arraza, ezaugarri morfologiko, anatomiko eta fisiologiko multzo gisa ulertuta, neurgarriak eta zenbagarriak direnak, denborarekin homogeneizatzen direnak, izaera fisiko eta ezaugarri psikologiko eta manifestazio espiritual jakinak dituen morfologia kulturala sortuz", Leturiaren azalpenen arabera. "

Eta horregatik aztertzen ditu pertsonen ezaugarriak –indusketetan ibiltzen zen–, eta bizimodua. Horrela zioen Mikel Agirrek: "Antropologia fisikoaren metodologian aitzindari izan zen: sistema estatistiko berriak erabiltzen ditu, sortzen ditu kraneometriaren definiziorako metodo berriak… bere garaian mugarri izan zirenak". Eta Santanak gaineratu "euskal eredu kultural bat, euskal arraza bat", baden frogatzeko –zientifikoki, lehen aldiz– barneratu zela "ordura arte zientziarentzat erabat itxita zeuden esparruetan": "Adibidez, aztertzen du euskal gizarte baserritarrak sortzen duen kultura materiala, tresnak… Neurketa zehatzak egiten ditu...".

Datu asko eta asko batu zituen Aranzadik; egotzi izan zaio, dena den, "ondorio gutxi" atera izana: "Ez zituen datuak interpretatzen, oso zuhurra zelako", zioen Mikel Agirrek; "Nik uste denbora falta izan zuela", Santanak. Bat zetozen, dena den, haren lana ondorengoentzat oso erabilgarri dela esatean. Eta martitzeneko mahai-inguruarekin euren aitortza egin nahi izan zioten Aranzadiri, hark egindakoak duen garrantzia aitortu: "Aranzadi da euskal kulturako ezezaguna".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak