Etxeberria eta Pereda: "Ez gaude ados nahastuta bildutako hondakinak zabortegietara eramatearekin"

Ubane Madera 2016ko urr. 4a, 09:00
Joxe Etxeberria eta Josu Pereda.

Batzar Nagusietan ordezkaritza duten politikariei eskualdeko plataformaren sorrera eta ibilbidea azaldu ondoren –PPkoari izan ezik, joan egin behar izan zuen–, Josu Peredak eta Joxe Etxeberriak –Debagoiena Eredu Zabortegirik Ez! Plataformako kideek– azpimarratu zieten Debagoienean hondakinen bilketan izan den garapenaren gakoa dela "bilketa selektiboa hondakin guztientzat" ezarri izana; eta "derrigortasuna etxeetan hondakinak sailkatzerakoan". 

Derrigortasun horrek ze ondorio ekarri du eskualdean?
2011n, eskualdean bilketa selektibo maila %37 zen. Organikoa ez zen berezita batzen, eta herritarrari sekula ez zitzaion mezurik bidali esanez etxean hondakinak behar bezala sailkatu behar zituenik. 2012an Mankomunitatetik aldaketa abiarazi zen. Oinarrizkoa izan zen organikoa berezita batzen hastea, eta bai zerbitzuetan, industrian eta komertzioetan ere hondakinak sailkatuta batzen hasi ginela. Era berean, ordura arte herritarren eskubidea zen bilketaren zentzua aldatu, eta eskubidea izatetik betebehar izatera aldatu zen. Uste dugu herritarra erraz asko jabetu zela aldaketaren beharraz. Horren ondorioz, eta faseka, inbertsioak ere ezin direlako kolpean egin, Debagoieneko zazpi herritan hiru urtetan hondakinak biltzeko era aldatu zen. Berria ezarri eta hilabetean lortu ziren %75etik gorako bilketa selektibo mailak. Gaur egun, %80tik gorako mailak ditugu. Aipatu beharra dago etxeetan sortzen ditugun hondakinen artean bakarrik %10-15 dela birziklagarria ez dena, hau da, benetako errefusa. Oraindik Debagoienean badugu zeregina hobetzen. Hala ere, oso pozik egoteko moduko emaitzak ditugu eta herritarrei zorionak emateko modukoak. 

“Bilketa ganorazkoa" antolatu beharra aldarrikatu zenuten Batzar Nagusietan; zela egiten da hori?
Azpiegiturak eta bitartekoak jartzen, inbertsioak egiten bilketa horren kostuak nork bere gain hartzen eta ahaleginak egiten, batez ere, komunikazioan. Gure kasuan ere komunikazioan egon zen gakoa. Mezu bakarra eta bateratua eman zitzaien herritarrei eragileen hitzaldi bitartez. Horrek sinistu eragin zion herritarrari betebehar bat zuela, eta ez eskubidea. Hondakinen kudeaketan bi fase daude: bilketa eta tratamendua. Batak zelan egin bestea baldintzatzen du. Bilketa ez bada selektiboki egiten, ezin dira berreskuratu, eta hor ez dago birziklapen tasarik, eta alderantziz. Zergatik sortzen dira 165.000 tona hondakin nahasi Gipuzkoan urtero?  Ez delako bilketa selektibo egokirik martxan jartzen eskualdeetan. Hori egingo balitz, 165.000 tona horiek izango lirateke 60.000 tona, asko jota. Guk Zabortegirik Ez Debagoiena Eredu aipatzen dugunean horixe da: Debagoienean posible izan bada bilketa maila honetara iristea, beste edozein eskualdetan ere egingarria da. Egin behar duguna da ulertarazi jendeari derrigortasuna nahitaezkoa dela honek funtzionatzeko. Epelen Zabortegirik Ez esaten dugunean da horrelako zabor motarik ez dugula nahi. Eta hortxe kokatzen dugu aipatu egin izan den elkartasun hitzaren esanahia; hau da, eskualde guztiek bilketa selektibo eraginkorrak ezarri ostean egon daitekeen elkartasuna, uste baitugu zaborra ez dena, zabor bihurtzen ari direnen eta ez direnen arteko elkartasuna ezinezkoa da eta.

Joan den astean jakin genuen Gipuzkoako 100.000 tona hondakin Mutiloara eramango dituztela, ez Epelera…
Ez dio axola. Epelen edo Mutiloan organikoa behar den moduan ez batzeak zabortegi bati eta inguruneari dakarzkion arazoak berberak dira.

Zeintzuk dira azpimarratzen dituzuen arazo horiek?
1-Despilfarroa. Ez gaude ados zabortegira balioa duten materiala ekartzearekin. Europako mezuen kontra doa, gainera; 2- Beste eskualde batzuetan organikoa berezita batzen ez denez, zabortegira doan hondakin nahasi horrek izango luke organiko asko. Eta hondakindegi batean kutsadura sortzen duena organikoa da, lurrean zein atmosferan. 3- Ibilgailuen etengabeko joan-etorria sortuko litzateke inguruan. 4- Epelen jasotzen diren industriako hondakinendako beste bailara bat okupatu beharko litzateke. Mutiloan gauza bera egin beharko da, han hondakin arriskutsuak jasotzen dituztelako.
Erantzunen bat eman zizueten Batzar Nagusietako ordezkariek?
Espero dugu emaitza positiboak izatea. Esperantza horrekin joan gara. Arrazoi askorengatik: erraza da, egingarria da, eta animatu nahiko genuke beste eskualde batzuetan, eta baita ere beste herrialde batzuetan hondakinen bilketa selektiboa martxan jartzeko. Era berean, uste dugu eskualde guztietan bilketa ganorazkoa ez antolatzea dela erabaki politiko bat. uste dugu eskualde guztietan bilketa ganorazkoa ez antolatzea dela erabaki politiko bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak