Kilometroak 2016 Bergara

Sinbolismoz eta umorez jantzitako hasiera ekitaldia izan du Kilometroak 2016k

Monika Belastegi Aranzabal 2016ko urr. 2a, 10:37

Abian da Kilometroak 2016 jaia. Aranzadi ikastolako jolaslekuan egin dute hasiera ekitaldia herritar askoren babesarekin eta agintariak han zirela. Izan ere, aurtengoa, herritarren ekarpenekin eta lanarekin egindako Kilometroak izan dela irudikatu nahi izan du Aranzadi Ikastolak, gaurko Kilometroak jaiaren antolatzaileak. Aitziber Lopez de Aretxaga Aranzadi Ikastolako lehendakariak, Markel Olano diputatu nagusiak eta Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak hartu dute hitza ekitaldian, besteak beste.

Eta, hain zuzen, herritarren ekarpenekin eta lanarekin egindako Kilometorka izan dela islatzeko, hainbat herri eragileren artean osatu du Demasa irudia. Irudia osatzen izan dira: Lokatza Ziklismo Eskola, Bergarako Erraldoi Taldea, Aspace, San Joxepe erretiratuen elkartea, Taila Eskola, Blai-blai prozesua, Beart Bergarako Artisten Elkartea eta Zeramika Elkartea, horien artean. Irudiari, azken ekarpena egiteko, Aranzadi Ikastolako lehendakariak, Aitziber Lopez de Aretxagak jarri du azkeneko D beltza.

Umorea ere ez da falta izan, eta hori, Mikel Laskurain aktore bergararrak jarri du, Maddi Mujika ekitaldiaren aurkezlearekin batera. Une hunkigarria etorri da Manex Alberdi dantzariaren aurreskuarekin, Debagoieneko hainbat herritako txistulariekin osatutako taldearekin.

Era horretara, Aranzadi Ikastolako jolastokian egin den ekitaldian, eman zaio hasiera ofiziala Bergarako Kilometroak 2016 jai egunari.

Aipatzekoa da, aurten ez dela zinta mozketarik egin, ate irekiera baizik; 40. Kilometroak denez, aurrera begirako bidea hasten duen irekiera islatu nahi izan da era horretara. 

Esandako guztiaren ondoren hartu dute agintariek hitza: Aitziber Lopez de Aretxaga, Aranzadi Ikastolako lehendakariak; Elena Lete, Bergarako alkateak; Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak; Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusiak; eta Nekane Artola, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak. Horiez gain, alderdi politikoetako eta hezkuntza eta kultura elkarte eta taldeetako beste haibat ordezkari ere izan dira hasiera ektialdian.

Aitziber Lopez de Aretxaga, Aranzadi Ikastolako lehendakaria

Aranzadi Ikastolako lehendakari Aitziber Lopez Aretxagak gogora ekarri du aurtengoa hirugarren urtea dela Kilometroak antolatzen dutena: "1991 eta 2007koaren ostean, aurtengoa antolatzen dugun hirugarrena da, euskararen aldapa tipi-tapa igo genuen lehenengoan, Argi daukagu! esan genuen bigarrenean eta ikastolak, demasekoak direla agerian laga nahi izan dugu oraingoan".

Herri eragileei eta herritarrei egin die ostean erreferentzia, nabarmenduz hauen lana. "Aranzadi Ikastolaren hezkuntza komunitatea buru-belarri aritu da eta dihardu lanean, baina, komunitate hurbiletik harago, herritarrak eta herri eragileak izan ditugu bidelagun, eskuz esku, elkarlanean. Benetan diotsuet demasekoa izan dala eta bihotzez eskertu nahi dizuet egindako ahalegin guztia, zeren herria biziko bada, herritarren inplikazioa ezinbestekoa da.

Dena den, Bergarako Udalaren aldetik jasotako zailtasunak agerian utzi nahi izan ditu: "Baina inplikazio honek erakunde publikoen laguntza ere eskatzen du. Ezer gutxi egingo dute herritarrek erakunde publikoak atzetik ez badaude eta ezer gutxi egingo dute instituzioek, herritarren inplikaziorik gabe. Berriz ere herritarrok erakutsi duzue desberdinen arteko auzolanerako ekimena. Aldiz, horrelako jaietan ez ohikoak izan diren eskabide burokratiko eta gehiegizko teknifikatzeak, herria eta udala eskutik joatea zaildu dute". 

Cristina Uriarte, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua

Cristina Uriarte sailburuak gazteei eskaini dizkie lehen berbak. "Agian zaila egiten zaizue egun honek bilatzen duen helburua ondo ulertzea. Zuentzako normala da euskaraz bizitzea, euskara egunero, une oro, erabiltzea. Baina ez da beti horrela izan. Lan eta esfortzu asko dago errealitate honen atzean. Euskarari diogun maitasunak ekarri gaitu honaino. Inork ez dezala pentsa hala ere bidea egina dagoenik. Kilometroak bezalako jaiek hori gogorarazi behar digute. Ikastolek, eta Euskadin ditugun ikastetxe guztiek lanean dihardute euskal hezkuntzaren alde, kalitatezko hezkuntza euskaldun baten alde". 

Berriki zendu den Imanol Urbieta ere gogoan izan du Uriarte sailburuak. "Gazteenok ez duzue, seguruenik, nor den jakingo, baina seguru berak utzitako ondarea ezagutzen duzuela: Mac Mikel, Txiki-txiki-txikia, edota Ran Rober Ran abestiak, bereak ziren, berak gu guztioi oparitutakoak. Xirula Mirula metodoa asmatu zuen, lan benetan berritzailea, sasoi ilun haietan".

Hezkuntza Legea ere izan du aipagai. "Badakizue gainera ez direla urte errazak izan, inposatu nahi diguten hezkuntza lege bat medio" esan du. Ez dut lege horren izena aipatu ere egingo. Tamalez, denok ezagutzen duzue-" esan du LOMCe-ri buruz. "Guk, lege horri aurre egiteaz gain, gure bidea jorratzea erabaki genuen. Eta helburu horretan, Eusko Jaurlaritzak hainbat bidelagun izan ditu. Benetan eskertzekoa", esan du. Eta Euskal Hezkuntza Lege berriaren premia azpimarratu du: "Euskal Hezkuntza lege berri bat zor diogu euskal gizarteari. Adostasunean, elkarlanean, elkarrenganako enpatian, eta hezkuntzari zor diogun errespetuan oinarrituta.

Elena Lete, Bergarako alkatea

Elena Lete Bergarako alkateak gerturatutakoei ongi etorria eman nahi izan die lehenengoz, eta Euskal Herriko ikastolen elkarteari eta Aranzadi Ikastolari eskerrak eman gonbidapenarengatik.

"Atzo Jose Francoren dokumental bat ikusi nuen, Gipuzkoan antolatu ziren lehen kilometroen jaialdiren inguruan", esan du. Beasainen ospatu zen eta 15.000 lagun elkartzea lortu zuten. Mikel Laboa eta Jose Miguel Barandiaran ere izan ziren zirela aipatu du.

Aipatu du, "gaurko jaia oso desberdina izango dela, argi dago beti doa aldatzen eta". Hala ere, ardatz batzuk beti mantentzen direla nabarmendu du. "Gaur ardatz berritzaile eta bultzatzaileak ditugula gure artean. Lortu duzue erakunde desberdinak elkarlanean egotea eta desberdintasunak alde batera lagatze". Eta eguna horrela igarotzea espero duela esan du.

Bergaran ikastolen inguruko jai desberdinak izan ditugula nabarmendu nahi izan du eta gaurko egunean "euskararen alde tipi tapa egingo dugula argi daukagu, guztiak elkarrekin demasa gozatzeko" luzapena egin die herritarrei.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia

Markel Olano Diputatu Nagusiak ere Beasaingo Kilometroak gogoratu ditu. Izan ere bera beasaindarra izanik ondo gogoratzen du duela 40 urteko egun hura: "Duela 39 urte Beasainen izan zen lehenengo Kilometroak ospatu genuenean ni ikastolako ikaslea nintzen eta bi hitz genituen buruan: euskara eta ikastola".

Horrelako ekitaldi erraldoiak antolatzeko Auzolanaren garrantzia aipatu du Diputatu Nagusiak: "Lehenengo Kilometroak jaiaren antolaketan herri osoak hartu zuen parte: herritarrak, elkarteak, enpresak… Helburu batekin euskara berpiztea".

Ordutik euskarak berpizkunde bat bizi izan duela gaineratu du Olanok, baina gaur egun autokritika egiteko garaia dela adierazi du: "Bidegurutzean gaude, badugu ze hobetzeko, elkarren artean eseri, herritarrak eta erakunde publikoak eta erabaki zer egin behar dugun hobetzeko".

Gizartean ikastolek izan duten funtzioari buruz ere hitz egin du Olanok: "Garai hartan Hezkuntza Sistema isla zena, orain itsaso bihurtu da. Horregatik ikastolak aldarrikatu behar dira. Gure hizkuntza eta hezkuntza".

Bukatzeko Olanok jakintzaren aldeko apustua egin du.

Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria

Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkartearen Lehendakariak azpimarratu du Kilometroak jaiaren auzolana. "Harritu" eta "harrotu" egiten duen jaia dela esan du.

"Harritu, harrigarria baita jai honetan ematen den parte hartze handia. Zenbat borondatezko lan, zenbat boluntario, zenbat ordu, zenbat egun hau guztia aurrera ateratzeko…, jai hau ez baita egun bakarreko kontu bat".

"Harrotu, harrotasunez, eta ez harrokeriaz, ikastolen komunitatearen ezaugarri diren auzolana, elkarlana eta konpromisoa erakusten direlako jai hauetan, eta egunero erakusten dutelako gure ikastolek ere. Horregatik, gaur, auzolanean gogotsu zabiltzaten guraso, irakasle, ikasle, langile, herritar eta beste herri batzuetatik gaur Bergarara lanera etorri zareten guztioi, mila esker".

Ikastoletan eta Aranzadi Ikastolan, zehazki, eman diren urratsak kalitatezko euskarazko hezkuntza eskaintzeko aipatu du: "Berrikuntza pedagogiko ugari ezarri ditugu ikastolok ikasturte honetan, eta Aranzadi ikastola ere horren isla da. Haur Hezkuntzan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan. Berritu egin dugu gure eskaintza pedagogikoa, gure eredu pedagogikoa, Euskal Herri osorako eredua. Baina, berritu, hobetzeko berritu dugu, eta berritzen dihardugu.

Hitzaldia amaitu du, berriki zendu diren Imanol Urbieta eta Juanito Zelaia aipatuz. "Imanol Urbieta aste honetan joan zaigu; musikaren bidez dena irakatsi zigun Imanolek. Juanito Zelaia, duela bi hilabete eskas joan zitzaigun. Hemen eskualde honetan aski ezaguna, baina baita hemendik kanpo ere, enpresaren mundutik euskal kulturari eta ikastolei eginiko ekarpenagatik".

Ekitaldira batu dira euskal erakunde publiko guztietako ordezkariak, Eusko Legebiltzarreko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak buru, eta baita euskalgintzako hainbat ordezkari ere.

Umorea, sinbolismoa eta aldarrikapena presente, hortaz, Kilometroak jaiaren hasiera ekitaldian. Aurtengoan ez da ohiko zinta mozketarik izan. Kilometroak festaren 40. edizioa da Bergarakoa eta urte hauetan guztietan, jaiaren antolaketak, ezberdinen arteko elkarlanerako bidea eman du. Une honetan, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak, jaiaren nondik norakoaren gainean hausnartzen dihardu, bide berria marraztu nahian. Horregatik, zinta moztu beharrean, bidea ireki egin da gaurko Kilometroak jaian, 40.enean.

Bergarako Udal Musika Bandaren laguntzarekin batera, irekiera ofiziala eman zaio aurtengo Kilometroak jaiari. 

Erlazionatuak

Irekiera ekitaldiko argazkiak

Monika Belastegi Aranzabal 2016 urr 02 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak