Kilometroak 2016 Bergara

Kilometroak egunera begira

Aranzadiko ikasle batzuk ikastolaren aurrean.

Domekan ospatuko da Kilometroak 2016 festa eta Bergaran egunari begira daude, boluntarioak azken lanak egiten ari direla. Egitarau zabala prest dago; autobus bereziak izango dira, lineak indartuz, eta eskualdeko herrietatik Bergarara joateko bizikleta martxak antolatu dituzte.

Autobus zerbitzu berezia

Lurraldebusek eta PESAk joan-etorrien beharretara egokitu dute busen zerbitzu-eskaintza. Debagoieneko DG03, DG04 eta DG05 lineetako zerbitzuak lanegunetako ordutegiarekin ibiliko dira. DG08 Oñati-Eibar lineak ordubetez behin egingo ditu bidaldiak. Gainera, DG07 Donostia-Arrasate lineak ordubetez behingo maiztasuna izango du. DG01 Bilbo-Bergara lineako autobusek errefortzuak izango dituzte igandeetako bidaldietan.

Horretaz gain, zerbitzuak antolatuko dira Eibartik Bergarara, Euskotrenen bidez Eibarrerantz doazen bidaiariak eroateko. Tratamendu bera izango du Zumarraga-Bergara lineak, RENFEren bidez doazen bidaiariak hartzeko.

Bergaran geldialdi bakarra

Igandean, Donostiatik, Zarauztik, Bilbotik edo Gasteiztik Bergararaino joan behar dutenei gomendatzen zaie bidaia-txartelak aldez aurretik erostea txarteldegietan, salmenta-makina automatikoetan edo bidaia-txartelak Internet bidez erosteko plataforman (www.pesa.net).

Informazio gehiago

Kontsultatu ordutegiak hemen: http://www.pesa.net/pesa/eu/horarios. Tickerra eta txarteldegietako pantailak: Bergara. Urriaren 2a. Kilometroak 2016. Zerbitzu bereziak. Kontsultatu albistea edo deitu 900 12 14 00 telefonora.

  • DG01:Bilbo-Bergara.
  • DG03 linea: Eskoriatza-Aretxabaleta-Arrasate-Oñati-Legazpi-Zumarraga-Antzuola-Bergara-Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatza zirkularra.
  • DG04 linea: Eskoriatza-Aretxabaleta-Arrasate-Bergara-Antzuola-Zumarraga-Legazpi-Oñati-Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatza zirkularra.
  • DG05: Gasteiz-Arrasate-Eibar.
  • DG08: Oñati-Eibar.
  • DG07: Donostia-Arrasate.

Herri barruko trafikoan izango duen eragina

Bergarako udaltzaingoak jakinarazi duenez, herrirako sarrera guztiak itxita egongo dira igandean, 08:15etik 20:00 ingurua arte. Salbuespena izango da Antzuola aldeko sarreratik, Urteagatik, Burdinaterako ardatza eta Bolu-Masterreka-Zubieta-San Lorentzokoa, Hondartzaraino.

Edozelan ere, herri barrura sartu edo egun horretan kanpora atera nahi duten herriguneko bizilagunek ez dute arazorik izango horretarako.

Masterreka edo Zubietatik Bideberrirako sarrera-irteera itxita egongo da.

Ertzainak egongo dira Ibarrako, Tximelako eta Hondartzako biribilguneetan eta Amillagako bidegurutzean –Mekolaldera bidean–. Bestalde, Ibargaraiko bus geltokiko bidegurutzean, autobusek bakarrik izango dute baimenduta sarrera herrira; edo antolakuntzaren baimen berezia dutenek.

Aparkalekuak

Herriguneko hainbat aparkaleku libre utzi beharko dira. Kilometroak jaiko zirkuituko gune diren Azokako eta Matxiategiko aparkalekuak libre utzi beharko dira larunbat 14:00etarako. Bestalde, Ibargarai, Espoloia eta beste kale batzuetatik ere kendu egingo dituzte aparkalekuak; larunbat 18:00etarako libre laga beharko dira. Horien alternatiba moduan, Mariaren Lagundia, Ipintza eta San Martin ikastetxeetako patioak aparkaleku moduan erabili ahalko dute kale horietako bizilagunek.

Oinez edo bizikletaz

Bergarako udaltzaingotik aholkatu dute autoak ahalik eta gutxien erabiltzea, oso premiazko kontuengatik bakarrik. "Sarrera eta irteera guztiak itxita egon arren, premiazko gauzak badira, beti egongo da pasatzeko aukera. Hala ere, gure gomendioa da oinez, bizikletan edota Herri-busean –normal funtzionatuko du– mugitzea", adierazi du Jon Ander Arriola Bergarako udaltzainak.

Udaltzaingoak, era berean, herritarrei eskatu die, "mesedez", kolaboratzeko eta autoa kendu behar izanez gero, ahalik eta azkarren kentzeko.

Bizikleta martxak

Aranzadi Ikastolak, kilometroak 2016ren antolatzaileak, dei egin die Debarroko herritarrei, bizikleta erabil dezaten Bergarara hurbiltzeko igandean, Kilometroak egunean. Hala, modu "eroso, jasangarri, osasungarri eta merkeenean" mugitu ahalko dira herritik herrira. Debagoienean zein Debabarrenean, elkarren artean bidegorri bidez lotuta daude ia herri guztiak. Horrek ahalbidetzen du autoa edo bus publikoa erabili behar ez izatea garraiatzeko. "Eguraldia ere lagun izango dugula ematen du; hortaz, igandean, erabili bizikleta" esan du Ekaitz Aranberri Kilometroak 2016ko koordinatzaileak.

Hala, igandean, Arrasate, Oñati, Antzuola eta Soraluzetik antolatuko dituzte bizikleta martxak. Bi martxa izango dira herri horietatik. Bata, 09:00etan aterako da; bestea, 10:30ean. Antzuolatik, bigarrena, 10:00etan aterako da.

Arrasaten, Eroskiko aparkalekutik abiatuta; Oñatin, Etxe Aunditik; Antzuolatik, plazatik, eta, Soraluzetik, bidegorri hasieratik.

Txirrindulari talde, zale eta AMPO talde ziklistaren laguntza izango dute bizikletan garraiatzera animatzen direnak.

Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta AMPO kooperatibak Kilometroak 2016 jaiari egin dieten ekarpenari esker, Bergaran, Agorrosingo kirolgunearen aurrealdean eta Labegaraietan, Kilometroak 2016ko ibilbidearen iparraldean eta hegoaldean, egokitu dira bizikletentzako aparkalekuak. AMPO taldeko txirrindulariak Bergaran izan dira oraingo astean bidegorria bertatik bertara iksten, Aranzadi Ikastolako ikasle batzuekin batera.

5 kilometro eta bost gune

Zirkuituari dagokionez, ia 5 km ditu eta oso urbanoa da. Aipagarria da, Aspacerekin egin duten lanari esker, gurpildun aulkian ere egiteko modukoa izango dela. Bestalde, zirkuitu alternatibo bat ere izango da, Bergarako Udalarekin landu dena. Hau, aldapatsuagoa izango da, mendi bidea da, baina Bergara goitik ezagutzeko aukera ematen du.

Hiru sarrera izango ditu zirkuituak. Bi muturretan, Labegaraietan eta Matxiategin, eta beste bat ohiko autobus geltokian.

Guneak, 5 izango dira, herrigunean banatuta: Ikastola, Espoloia, Labegaraieta, Matxiategi eta Azoka. Berezia da Espoloi ondoko Arrizuriaga parkea. Haurrekin egindako parte hartze prozesu baten bitartez, Blai-blai prozesuaren bitartez, haurrek eurek diseinatu dute gunea.

Hainbat zerbitzu eskainiko dituzte zirkuituan zehar. Ohiko txosna eta eskaintzetatik aparte, aurten, Lur-lan baserritar elkarteak bertako baserritarren produktuekin egindako bazkaria emango du Azokako jantokian.

Eraso sexisten eta alkoholaren kontsumo arduratsuaren gaineko lanketa

Prebentzioaren alorretik hainbat lanketa egin dira urte osoan barrena Kilometroak 2016n. Hala, batetik, edari alkoholdunen banaketa arduratsua sustatzeko dekalogoa landu da. Bestalde, igandean moduko jai erraldoi baten eraso sexistaren gertatuko balitz zela jokatu behar den jakiteko jarraibide batzuk landu dira eta gai honen gaineko protokoloa ere bai, taberna edo txosna guneetarako. Herriko ostaleriekin batera landu da.

Hona, eraso sexisten gaineko protokoloa:

"Eraso sexista bat ikusten baduzu, erasoa jasaten ari denarengana jo eta ea laguntzarik behar duen galde iezaiozu, zeure kabuz erabakirik hartu aurretik:

  • Ezetz badio, ez gara tematuko.
  • Baietz badio gure laguntza eskainiko diogu.
  • Indarkeria sumatzen badugu segurtasunekoekin harremanetan jarriko gara.
  • Hurbilen dagoen gunean egongo diren prebentzio batzordeko kideengana lagunduko diogu, hala nahi badu.

Norbait zuregana badator erasoa salatzera:

  • Lehentasuna duen kontua da. Beraz, salaketa jasotzen duen langileak, egiten ari dena utzi eta pertsona horri kasu egingo dio.
  • Arreta handiz entzun erasotuak esateko duena (azalpena, beharrak...) eta ez jarri zalantzan kontatzen diguna.
  • Hurbilen dagoen gunean egongo diren prebentzio batzordeko kideengana lagunduko diogu".

Bestalde, edari alkoholdunen banaketa arduratsuarena:

  • "Alkoholik gabeko edarien kontsumoa sustatuko dugu.
  • Adin txikikoei alkoholdun edaririk ez diegu salduko; zalantzazko kasuetan ziurtatu egingo dugu adina.
  • Alkoholdun edariak zirkuituan sartzea debekatua dago.
  • Jendaurrean arituko direnek ez dute edari alkoholdunen edo bestelako drogen kontsumoaren propagandarik egingo.
  • Alkoholdun edaria banatzen den gune guztietan helduak egongo dira eta lanean arituko direnen inplikazioa eta laguntza behar dugu.
  • Alkoholdun edariak hartzearen hautua egiten duenarekin graduazio baxuko edarien kontsumoa sustatuko da: ardoa, sagardoa, garagardoa.
  • Intoxikazio zantzuak dituztenei ez zaie alkoholik salduko.
  • Intoxikazio zantzuak dituztenek ezingo dute probetan/jokoetan parte hartu.
  • Intoxikazio zantzuak dituztenei berehalako laguntza eskainiko zaie eta adin txikikoen kasuan guraso, tutore edota laguntzaileekin harremanetan jarriko gara.
  • Alkoholaren banaketa arduratsuarekin eta hemen azaltzen diren neurriekin bat egin dezaten eskatuko diegu ostalaritza, merkataritza (txikizko zein handizkako salmenta egiten duena) eta gizarte eragileei".

Baserriko produktuekin egindako menua

Kilometroak egunean, igandean, gune guztietan izango da jateko aukera, txosnetan. Baina bi gunetan herri bazkariak izango dira eta menu bereziak eskainiko dira. Bata, 15 euroren truke, Udal Pilotalekuan. Bestea, Azokan, 5. gunean, 25 euroren truke. Lur-Lan Baserritarren Elkarteak eskainitakoa. 13:00etatik 16:30era bitartean.

Azken honetarako, bi txanda izango dira: 13:00-14:30 eta 14:30-16:30. Lehen txandarako txartelak salgai daude www.kilometroak.eus webgunean eta, bertatik aldez aurretik erosiz gero, 5 euro merkeago ateratzen da: 20 euro.

Menua honakoa da:

Aperitiboa

  • Kalabaza krema
  • Udazkeneko entsalada epela, hegaluze konfitatua eta antxoekin, perexil olioan.
  • Murietako tomate eta piper bio ezberdinak.
  • Etxean konfitatutako Getariko hegaluzea eta Kantauriko antxoak, Hernaniko perrexila eta Nafarroako ozpin eta olioarekin prestatutako ozpin-olioan.
  • Basatxerri solomo kiribildua sasoiko barazki eta frutaz betea, bere saltsa eta guarnizioarekin.
  • Postreak: Mahats Garnatxa sorbetea, Hondarribiko udazkeneko marrubi txikiekin. / Euskal Herriko gazta taulatxoa.
  • Edateko: Lezaun Tempranillo Bio, Bodegas Lezaun, Lakar. / Egiarte Rosado bio, Bodegas Lezaun, Lakar. / Ardo zuria Ostatu, Samaniego. / Sagardoa. Eusko Label Eula, Urnieta. / Ura.

Argazki-rallya

2016ko Kilometroak jaiaren Aztarna Solidarioa aurkitzeko helburuarekin, Kilometroak egunean argazki-rallya egingo da Bergaran. Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen eta Kilometroak 2016ren laguntzarekin.

Parte hartzeko izena aldez aurretik eman daiteke, edo, bestela, egunean ibilbidean bertan. Argazki digitalak ateratzeko gailua ere behar da, parte hartzeko euskarri digitalean aurkeztu beharko dira-eta argazkiak.

Hiru sari banatuko dira, hiru argazki onenentzako:

  • Kulturen arteko Gastro-dastaketa lehenengo hiru saridunentzako. Laguntzailea: SOS Arrazakeria.
  • Lehenengoak, gainera, opari-txartela jasoko du. laguntzailea: ROKPA elkartea.

Izen-ematea: www.gipuzkoasolidarioa.info webgunean aste bete lehenago. Eta Kilometroak jaiaren Gipuzkoa Solidarioko txokoan.

Egitarau osoa

1. GUNEA: IKASTOLA

  • 09:30: Hasiera ekitaldia.
  • 10:00: Zirkuitu irekiera.
  • 10:00: Erronkaren aurkezpena.
  • 10:00-18:30: Puzgarriak.
  • 10:30: Moittuai taldearen emanaldia.
  • 11:00: Erronkaren lehen proba.
  • 12:00: Moises Azpiazu dantza taldearen emanaldia.
  • 12:00: Omenaldia eta lekukoa ematea.
  • 13:00: Erronkaren bigarren proba.
  • 14:00-18:30: Irrien Lagunak.
  • 19:00: Itxiera.

2. GUNEA: ESPOLOIA eta ARRIZURIAGA

  • 10:00: Oso fan taldearen emanaldia.
  • 11:00: Iker Laurobaren emanaldia.
  • 11:00: Erronkaren lehen proba.
  • 12:00: Burun Danga taldearen emanaldia.
  • 12:00: Blai-blai, Haurren basoa.
  • 12:00: Oihal akrobazia.
  • 12:30: Ipuin kontalaria.
  • 13:00: Perlak taldearen emanaldia.
  • 13:00: Erronkaren bigarren proba.
  • 14:00: Eraul taldearen emanaldia.
  • 14:00: Blai-blai, Haurren basoa.
  • 14:30: Anariren emanaldia.
  • 15:00: Oihal akrobazia.
  • 16:00: Joseba B. Lenoir Gang taldearen emanaldia.
  • 17:00: Imanol Ituño magoaren Magia parrastan ikuskizuna.
  • 17:30: Sorkun-en emanaldia.
  • 19:00: Itxiera.

3. GUNEA: LABEGARAIETA

  • 10:00: Trialsin erakustaldia: FunBox factory.
  • 11:00. Kometa taldearen emanaldia.
  • 12:30: Autobus Magikoa taldearen emanaldia.
  • 14:00: Emon taldearen emanaldia (Demasa Kilometroak 2016ko abestia zuzenean).
  • 14:00: Trialsin erakustaldia: FunBox factory.
  • 14:00: Bazkaria Erronkarientzat.
  • 15:00: Oihan Vegaren Dj saioa.
  • 15:30: Erronkaren errepeska eta finala.
  • 17:30: Skakeitan taldearen emanaldia.
  • 19:00: Itxiera.

4. GUNEA: MATXIATEGI

  • 10:00: Fan & Go taldearen emanaldia.
  • 11:00: Erronkaren lehen proba.
  • 12:00. Ze esatek!! taldearen emanaldia.
  • 12:00: Asier Muniainen carver skate erakustaldia.
  • 13:00: Erronkaren bigarren proba.
  • 14:00: Doctor Deseo (euskaraz).
  • 15:30: Fly Shit taldearen emanaldia.
  • 17:00: Azkaiter Trioren emanaldia.
  • 19:00: Itxiera.

5. GUNEA: AZOKA

  • 10:00: 2zio taldearen emanaldia.
  • 11:00: Erronkaren lehen proba.
  • 11:00-13:00: Erraldoiak eta Buruhandiak.
  • 12:00: Tio Teronen semeak taldearen dantza emanaldia.
  • 13:00: Erronkaren bigarren emanaldia.
  • 13:00-16:30: Herri bazkaria (Lurlan), 25 euro.
  • 13:00-16:30: Herri bazkaria (Frontoian), 15 euro.
  • 14:30: Aukeran taldearen dantza emanaldia.
  • 15:30: Anje Duhalderen emanaldia.
  • 17:00: Oxabi taldearen emanaldia.
  • 19:00: Itxiera.
Erlazionatuak

Kilometroak festarako prestaketa eta oharrak

Bergara

Domekan da Kilometroak Bergaran, eta prestaketa lanetan ari diren lantaldeak geratu gabe dabiltza lanean, dena prest egon dadin etzi.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.