Artea eta kooperatibismoa elkarlanean

Maite Txintxurreta 2016ko ira. 27a, 13:58
Kooperarock egitasmoan parte hartzen duten erakundeen ordezkariak gaurko aurkezpenean

Kooperatibismoaren balioak artearen bitartez zabaltzea du helburu Kooperarock proiektuak. Donostia 2016k, Lanki ikertegiak, Teatro Paraiso konpainiak eta Mondragon Unibertsitateak hartzen dute parte egitasmo honetan, eta gaur aurkeztu dute Eskoriatzako campusean.

"Kooperatibagintzaren inguruko balioak eta ezagutza zabaltzea. Dibulgazioaren bidez, alde batetik, baina beste alde batetik, kontuan izanez Europako Kultur Hiriburua garela, kultura eta artea horretara bideratuz, eta nolabait gogoeta horren parte  eginik, elkar elikatu zezaten ezagutzak eta arteak berak". Horixe da urte hasieran martxan jarri zuten Kooperarock egitasmoaren helburua, Xabier Paya Donostia 2016ko zuzendari orokorrak azaldu duenez.

Sorreraz geroztik, egitasmoaren parte diren erakundeak Euskal Herriko Unibertsitatearekin, OlatuKoopekin edota Arrosa irrati sarearekin elkarlanean aritu dira, kooperatibismoaren inguruko hausnarketa prozesu sakon bat burutzen. Lanki ikertegiko Igor Ortegak azaldu du lau baliorengan jarri nahi izan dutela bereziki azpimarra: "Batetik hezkuntzaren balioan, lana ulertzeko moduetan, elkartasunaren balioan eta guretzako ere garrantzitsua den eraldaketa sozialaren balio nagusi horretan".

 

Kooperarock proiektua lantzerako orduan pertsona eta talde desberdinen arteko elkarlana eta transbertsalitatearen garrantzia nabarmendu dute gaurko aurkezpenean.

 

Hausnarketatik agertokira

Balio horiek ardatz hartuta eta hausnarketa prozesuaren osteko fase moduan, bi arte proiekturi ekin diete.

Batetik, urriaren 5ean Huheziren Aretxabaletako campusean Belaunaldien arteko elkarrizketak izeneko dokumental laburra aurkeztuko dute. Lan honek adin desberdinetako jendea kooperatibismoari buruz solasean erakusten du.

Bestetik, abian da honezkero Teatro Paraiso antzerki konpainiarekin batera burutzen diharduten proiektua ere. Haurrei zuzenduta dago; izan ere, "epe luzera begira pentsatutako ekimena" dela azaldu du Donostia 2016 fundazioko Saioa Torrek.

Hala, Teatro Paraisokoek mediazio artistikoa lantzen dihardute Euskal Herriko bost ikastetxerekin, tartean Arizmendi Ikastola kooperatibarekin. Neska mutikoen ekarpenak jasota eta Lankik landutako hausnarketa prozesuaren ondorioekin, konpainiak antzezlan bat sortuko du, 7 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua.

Antzezlan horren aurreestreinaldia Arrasaten egingo dute abenduaren erdialdean, eta estreinaldi ofiziala Donostian izango da, Gabonetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak