Enpresen lehiakortasuna neurtzeko doako tresna aurkeztu dute Laboral Kutxak eta MIKek

Leire Kortabarria 2016ko ira. 21a, 17:24
Josu Arraiza, Oscar Mugertza eta David Sanchez.

Enpresei lehiakorragoak izaten laguntzeko “helburu garbiarekin” sortu dute Laboral Kutxak eta MIKek Compyte izeneko tresna, eguaztenean Bilbon aurkeztu dutena. On-line tresna da eta doakoa da erabilera, Laboral Kutxaren bezero diren enpresendako zein beste guztiendako.

Aurkezpena egin dute honako hauek: Josu Arraiza, Laboral Kutxako Enpresen ataleko zuzendaria; Oscar Mugertza, Laboral Kutxako Enpresa Negozioaren Garapeneko zuzendaria; eta David Sanchez, MIKeko zuzendaria.

Compyte on-line tresna bat da, eta enpresa baten lehiakortasun maila zein den jakitea, lehiakideekin konparatzea eta galdutako tartea berreskuratzeko landu beharreko faktoreak zein diren jakitea ahalbidetzen du. Enpresaren erantzunen arabera egokitzen den test batean oinarrituta dago. Hainbat faktore hartzen dira kontuan: sektorea, tamaina, antzinatasuna, hazkunde-maila eta abar.

Testa mediku-azterketa edo mediku-txekeo bat bezalakoa da: lehiakortasun-faktore bakoitza enpresan duen inplementazio-fasearen arabera baloratzen da, eta balioa hainbat aldagairen arabera haztatzen da. Horren emaitza 0tik 100era arteko puntuazio bat da, eta puntuazio hori sektore bakoitzeko enpresa bikainenarekin aldera daiteke.

Halaber, enpresa bakoitzak bere puntuazioa eta lehiakideena jasotzen du lehiakortasunaren bost zutabeetan: berrikuntza, ekintzailetza, nazioartekotzea, pertsonen kudeaketa eta finantzaketa. Eta, azkenik, bost zutabeak 20 lehiakortasun-faktoretan bereizten dira. Azterketak, halaber, neurririk handienean garatu behar diren faktoreak eta faktorerik azpimarragarrienak zein diren adierazten du.


Compyte doako tresna da, eta enpresa guztientzat dago eskuragarri. Autoebaluazioa erabiltzaile bakoitzak egiten du, bere enpresaren ahuleziak eta indarrak zein diren era konfidentzialean jakiteko. Eta, agregazio bidez, indarrak baliatzen edo arazoak konpontzen lagun dezaketen erakunde publiko edo pribatu guztiekin partekatzeko baliagarriak izango diren ondorio orokor batzuk lortu ahal izango dira. 
Hona hemen helbidea: www.compyte.eus. 


Norberak bere diagnostikoa

Arduradunen esanetan, enpresa bakoitzari zuzeneko lehiakideen aldean duen lehiakortasun maila neurtzea eta lehiakortasuna epe ertain eta luzera hobetzeko gako nagusiak ondorioztatzea ahalbidetuko dion tresna diseinatu dute. Asmoa da enpresei “testuinguru globalizatu eta aldakor honetan” hobetzen laguntzea; izan ere, “erakundeek etengabe pentsatu behar dute nola hobetu”.

Enpresen errealitatea ondo ezagutzea eta Pyme2020 Lehiakortasunaren Behatokian enpresei buruz jasota dagoen informazioa edukitzea izan da Compyte tresna garatzeko abiapuntua.

Oscar Mugertzak Compyte nola erabili azaldu du: “Compyte autodiagnostikorako tresna bat da, eta galdutako tartea berreskuratzeko aukera ematen dio enpresa bakoitzari. Lehiakortasun-txosten ugari daude, baina ez dira enpresa bakoitzarentzat eta emaitzak lehiakideenekin alderatuta egiten”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak