Irailaren 25eko hauteskundeetako emaitzek Eusko Legebiltzarrean indar politiko bakar bati gehiengo garbia, eta, zer esanik ez, erabateko gehiengoa ematea nekeza izango da oraingo honetan. Jokoan da, baita ere, oposizioko ahots nagusia zeinek izango duen.
Elkarrekin-Podemos koalizioaren presentziak eta hautagaitza horren aldaerak Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan erdietsitako emaitzek erakutsi zuten moduan (bototan lehen indarra izatea lortu zuen EAEn eta Debagoienean, berriz, hiru- garrena, baina EH Bildurekiko zein EAJrekiko oso gertu), mapa politiko berria gauzatuko da hauteskundeen ondoren Euskal Autonomia Erkidegoan.
Hala, legealdirako itunak, gai jakinekiko akordioak, oposizioaren jarduteko modu berriak... Gailentzeko aukerak nabarmenak izango dira hautetsontziekiko iraileko zitaren ondoren.
Behar berriak
Edozein modutan, balizko batasun horiek guztiak baldintzatuta izango dira kanpainan bertan zein hauteskundeen ondoren indar politikoek mahai gainean jarriko dituzten lehentasunen eta eskaintzen arabera.
Izan ere, mapa politikoa aldatu den moduan, azken lau urteotan nabarmen aldatu dira euskal gizartea osatzen duten komunitateen lehentasunak eta beharrak. Krisi ekonomikoak ekarri dituen errealitate berriak, langabezia tasaren handitzea, erabakitzeko eskubidearen aitortzaren aldarrikapena, elkarbizitzarako prozesua, abertzaletasuna, LOMCEren aplikazioa, BEZaren igoerak, oro har, eta, bereziki, hainbat esparrutan izan duen eragina... Alderdi politikoek gai horiekin guztiekin izango duten planteamendua zein jokabidea erabakigarria izango da etorkizuneko Eusko Legebiltzarraren erretratua egiteko.
Esparru nagusiak
Hori horrela, gizarteko sei arlo esanguratsutan eragile edo aditu diren beste horrenbeste pertsonak euren arloetan ikusten dituzten lehentasunekiko duten ikuspegia partekatu dute GOIENA paperekoan, sortuko den gobernu berriari begira. Euskadiren estatus politikoa, ingurumena, euskal- gintza, hezkuntza, ekonomia eta kultura mahai gainean jarrita, oro har, aldaketa beharra sumatzen dute guztiek ere.
Juanjo Alvarez (Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna):
"Erabakitzeko eskubidea onartu eta bultzatzen duten hiru ikuspegi politikoren presentziak (EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos) eta ganberan hiruren baturak erabateko gehiengoa izango duenak ahalbidetzen du premisa hau bete ahal izatea: euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea batasun puntua izan behar da. Inposizioen gainetik eraiki eta lan egin behar da, serio, argudioekin. eztabaida politikoan izango da gai hori apurketarako estrategia modura planteatu gura duenik. Batzuendako, edozein aurrerapauso edo sakontze “subiranotasun abentura” izango da; beste batzuendako, garrantzi bako lore-jokoak besterik ez. Adostasun zabala lortzeko gakoa da metodologia, aurrerapausoak adostea politiko berria mugatzeko norantz jo. Birplanteatu beharreko gaiak asko dira: identitatea, lurraldetasuna, subjektu politikoa, Espainiako estatuarekiko, Frantziarekiko eta Europarekiko elkarbizitza, subiranotasuna, independentzia. Desadostasuna zentratu behar da Euskadiren aitortza identitarioan, nazio bezala, benetako demokrazia plurinazionala ezartzeko ikuskera fagozitatzaile estatalistaren aurrean".
Nerea Lazpiur (Arrasateko Udaleko Garapen Iraunkorreko teknikaria):
"Ekonomia ereduak eta ekoizpen sistemak baldintzatzen du baliabide naturalen kontsumoa. Ingurumenaren gain jarri dugu izugarrizko presioa. Baina, sistemak aldaketa eskatzen du. Ingurumen politikak txertatu behar dira esparru guztietan, eta konpromisoak praktikan jarri. Klima aldaketaren eragina murriztu nahi bada, berotegi efektua eragiten duten gasak gutxitu behar dira. Sektore elektrikoa da gason emisioen erantzule nagusiena. Beraz, eredu energetikoari buelta eman behar zaio, energia berriztagarrien alde eginez. Baina urteotan ikusi dugu energia berriztagarrien sektorearen estimulu falta. Neurri asko hartu dira estatuan energia berriztagarriak ekoiztea ekonomikoki bideragarri ez izatea eragin dutenak. ondorioz, inbertsioek ihes egin eta sektoreak atzera egin du. Baina berriztagarrien sektoreak gaur egun beste energia iturriek baino gehiago ekoizten du eta ahalmena dauka merkatuko elektrizitate-eskaria asetzeko. Iraunkortasunaren eta ingurumenaren aldeko apustua nahi bada, efektuak ezagututa, haizea, ura eta eguzkia izanda, zertarako erre ikatza eta gasa? Eta noski, nuklearrik, ez, eskerrik asko".
Eñaut Muxika (Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteko lehendakaria):
"Begira diezaiogun gure historiari: frankismoaren garaian estrategia bateratu bat izan zen kultura bakarra hedatzeko Espainiako estatu osoan. Horren adibide ditugu azkenaldian berrietan izan ditugun Sanjurjoren hitzak. Garai honek kalte handia eragin zion gure buruarekiko errespetuari; zoritxarrez, euskara bigarren mailako hizkuntza zela erakutsi zieten gure arbaso gehienei. Geroztik izan ditugun herri mugimenduek, eragileek eta gobernuek euskararen ezagutza eta erabilera hedatzeko ahalegin itzela egin zuten, baina gaur egun badirudi nolabaiteko geldialdi batera iritsi garela. Oraindik euskara eremu askotan ez da lehen mailako hizkuntza, ez ditugu gureak diren hizkuntzak balioesten. gaur egun ditugun inguruneen gehiengo handia erdalduna da, eta hauek ez diote euskarari inolako baliorik eskaintzen. Hori da beharrezko duguna, hizkuntzei bere balioa emango dieten pertsonak, bai etxean, kalean, komunikabideetan, kulturan, lanean, zerbitzuetan zein gobernuan. eta horixe da jokoan dagoena, errespetua".
Bixente Atxa (Mondragon Unibertsitateko errektorea):
"Ekonomia honetan baliabide garrantzitsuena pertsonak izango dira eta gure erronka Europako edo munduko gazte jantzienak heziko dituen hezkuntza eta unibertsitate eredu onena izatea da. Eta ezinbestekoa da hori posible dela sinestea. Hezkuntza, ikerketa eta berrikuntzan egin behar den inbertsioak ez du alderdi politikoez ez esparru publiko edo pribatuez ulertzen. Nire esperantza irailaren 25eko emaitzek alderdi politikoei hezkuntza, ikerketa eta berrikuntzaren aldeko hitzarmen bat sinatzeko aukera ematea da. gure erronkarik handiena demografia da, talentu gaztea sortu behar dugu, lehenik eta behin, hemengoa eta kanpoko talentua erakartzeko gai bagara, hobeto. Kalitate altuko oinarrizko hezkuntza, heziketa profesional eta unibertsitarioa ditugu, ikastetxe eta unibertsitate publiko eta ez publikoekin; gure kasuan, kooperatiba. Gure eztabaida partekatzen ditugun helburuetan kokatzea nahi nuke, eta ez ereduetan. Ez badugu elkarrekin aurrera egiten eta guztiok hobetzen, ondorioak Euskadik eta bertako pertsonek jasan beharko dituzte".
Joseba Sagastigordia (Garaia Parke Teknologikoko zuzendaria):
"Ekonomia ez da dirua bakarrik, gogo-aldartea ere bada; herri serioa gara, dinamikoa, izualdi bakoa, kudeatzen dugu etengabe medioetan egon barik –zarata ateratzeke–, baina horrek ez du ziurtatzen adierazle sozioekonomikoak bila gabiltzan ongizate horri bideratuta daudenik. Hasi gara ikusten zela BPG eta langabezia moduko bi adierazle badabiltzan krisi hasierako norabidea hartzen, eta zela produkzio industrialari lotutako adierazle jakin batzuek bultza egiten dieten bi adierazleoi baina adi, susperraldi ekonomikoa eta gure industriari ematen zaion bultzada oraindik krisi garai betekoak dira, beldurrez gaude, eta zuhurtziaren diskurtsopean. Herri proiektu mailan berba egiteak, erronkak identifikatzeak eta adosteak, ekintza-plana bultzatzeak gogo-aldartean eragiten duten elementu ilusionanteak dira. I-25ean gobernu berria osatuko da, baditugu adibide argiak esaten dutenak zer ez den egin behar zenbakiak bat ez datozenean, eta, olatuak mugitzen jarraitu nahi dugula badakigunez, kolaborazioa eta kolaborazioa, ez dago besterik; baliozta ditzagun erronkak eta lanean segi dezagun".
Marije Ugalde (Bergarako Musika Eskolako zuzendaria):
"Parametro sozioekonomikoan, Euskal Herrian Espainiako estatuko autonomia batzuekiko abantaila handia dugula uste dugu euskaldun askok. Per capita errenta, langabezia-tasa, gastu soziala edo osasun asistentzia-mailan, Europako herrialde garatuenetatik estatua baino gertuago gaude. Baina kulturari buruz ez nuke gauza bera esango. Gure herriak ez dio arlo honi nahikoa arreta jartzen. Hemengo irakurtze tasa, kultur ondasunen kontsumoa, gastu publikoa, kultur ekoizpena edo kulturari lotutako lanpostuen okupazioa lehen aipatutako herrialdeetatik oso urrun daude. Hauteskunde hauetan erraza izango da hori ikustea, kultura inork aipatuko ez duelako. Politikariek ez dute ikusten beharrezko esparru honi buruzko promesa ikusgarriak egitea. Hurrengo gobernuari eskatuko nioke hezkuntza kulturalean gehiago inbertitzeko. Planak sortzea, etorkizunean kultura kontsumitzaileak edukitzeko. Irakurleak, antzerkizaleak, musika, artea... Eta egitura sortzea oinarriak gogortuz, goi mailako eskolak, antzokiak, auditoriuma... Euskal Herrian formazio ona lortu ahal izan duten artistei esker betetzeko".