Euskarazko hedabideentzako diru-laguntzak %26 igoko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko ira. 7a, 13:31

659.700 eurotik 831.600 eurora igoko ditu Gipuzkoako Diputazioak euskarazko aldizkako publikazioei bideratutako diru-laguntzak, %26.05a hain zuzen ere.

Imanol Lasa foru bozeramaleak azaldu duenez, 172.000 euroko gorakada hau EAJ-PSE alderdien arteko gobernuak euskarazko aldizkako publikazioak "euskara suspertzeko prozesuan agente estrategikotzat" hartzen dituztelako egin dute.

Gainera, Diputazioak laguntza-lerro berri bat sortu du eskualdeen arteko kolaborazioak sustatuko dituzten toki hedabideen proiektuendako. Lehen deialdian, 100.000 euroko diru-laguntza izango du arlo honek.

"Auzolana bultzatu nahi dugu arlo honetan komunean produktuak eskaintzeko, zerbitzuak edo egiturak sortzeko, edota pauso horrek emateko ikasketak sortzeko", azaldu du Lasak.

Gipuzkoa toki hedabide gehien dituen herrialdea dela gaineratu du bozeramaleak, eta laguntza ekonomiko honekin, Foru Aldunditik euren "garapenean eta sendotzean" lagundu nahi dutela azpimarratu du.

"Apustu garrantzitsua egiten ari da Foru Aldundia, bai ekonomikoki eta bai filosofikoki hizkuntz berdintasuna sustatzeko", adierazi du Imanol Lasak. Gainera diru-laguntza hauek legegintzaldian "jarraitzeko bokazioa" izango dutela azpimarratu du Lasak.

 

Euskarazko idatzizko hedabideei babesa

Bestalde, Kontseiluak oniritzia eman die euskarazko aldizkako argitalpenak, eta euskarazko  tokiko hedabideen esparruan eskualdeko lankidetza proiektuak sustatzeko diru-laguntza deialdiei. Guztira, 931.615 euro bideratuko ditu Aldundiak laguntzetan. Aldizkako argitalpenen kasuan, kopurua 170.000 euro inguru handitu du foru erakundeak, euskararen biziberritze prozesuan “eragile estrategikotzat” baititu argitalpenak.

Beste berritasuna bigarren deialdian dago, tokiko hedabideen arteko lankidetza bultzatzera zuzendutakoan, alegia. “Toki komunikabideak eskualdeka auzolanera animatu nahi ditugu: berdin produktu bateratuak egiteko, zerbitzu edota egitura komunak sortzeko, edo bide horietan abiatu aurreko azterketak egiteko. Gipuzkoan daude herri mailako komunikabide gehien eta eskualdeko auzolan honen bidez haiek indartzen eta garatzen lagundu nahi dugu”, esan du Lasak. Gaineratu duenez, Foru Gobernua apustu garrantzitsua egiten ari da, “ekonomikoki zein filosofikoki”, hizkuntza berdintasunean pausoak emateko, eta deialdi berria zein ohikoaren igoera “legealdian irauteko asmoarekin” egin dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak