Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016

Irailaren 25erako makinak martxan, gaur zortzi hasiko da boto eskea

Ubane Madera 2016ko ira. 2a, 08:38

Legebiltzarrean egindako osoko bilkuretako bat.

Azken urte eta erdian laugarren aldiz, erakunde publiko bateko ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Kasu horretan Eusko Legebiltzarra osatuko duten 75 kideak aukeratzeko emango da botoa irailaren 25ean, eta horretara daude deituak 1.778.776 herritar. Debagoieneko kasuan (Aramaio barne), 50.400 herritar pasa dira. 

Baldintzatutako hauteskundeak izango dira, EH Bildu koalizioaren lehendakarigai Arnaldo Otegiren hautagaitza kanpo utzi du-eta Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak. Hain justu, astelehenean aldarrikatu zituzten hauteskunde-zerrendak, Otegiren izena zerrendatik kanpo utzita. Honenbestez, zerrendako bigarrena den Maddalen Iriarte dago orain EH Bilduren zerrendaren lehen postuan Gipuzkoatik.
Edozein modutan, atzo, eguena, Donostiako epaitegietara iritsi zen auzia, eta biharko, zapatua, erabaki beharko luke epaileak. Behin bide hori ere agortuta, Otegiren hautagaitzaren inguruko azken erabakia Auzitegi Konstituzionalak hartu beharko luke. Irailaren 5era arte dago bertara babes bila jotzeko epea, eta irailaren 9rako, hauteskunde-kanpaina hasten den unerako, jakin beharko da Otegi Legebiltzarrerako zerrendetan egongo den ala ez.

16 hautagaitza

Guztira 17 alderdi politiko aurkeztu dira hiru lurralde historikoetan. Baina, Partido Libertario alderdiarena, Bizkaian bakarrik aurkeztu zena, ez du aldarrikatu batzordeak, ez baititu zuzendu hauteman ziren irregulartasunak; horrela, 16 dira onartutakoak. Gipuzkoari dagokionez, hamahiru hautagaitza aurkeztu dituzte (orain lau urte baino bi gutxiago).
Kasuak kasu, onartutako hautagaietako bat den Elkarrekin-Podemos koalizioa izango da oraingo hauteskundeetan Eusko Legebiltzarraren argazkia eta ondorengo gobernua definituko duen aldagaietako bat, erreferente moduan hartuta Espainiako hauteskundeetako emaitzetan, bototan, koalizioa izan zela lehen indarra Euskadin.

Debagoiendarrak EH Bildun

Bestalde, alderdien zerrendetan hainbat debagoiendar daude.
EH Bilduren Gipuzkoako zerrendan, azken agintaldian legebiltzarkide izan diren ibarreko hiru hautagai daude (haien ordena Otegiren kanporatzeak baldintzatuko du): zerrendan 3.a Pello Urizar arrasatearra da; 4.a, Rebeka Ubera elgetarra; eta Maider Otamendi eskoriatzarra, 8.a. Urizar EAko idazkari nagusia da 2009az geroztik, eta hainbat urtetan Arrasateko udaleko zinegotzia ere izandakoa da. Ubera, bestalde, 2014tik Aralarko idazkari nagusia da, legebiltzarkide izan aurretik, Elgetako zinegotzi eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide ere izandakoa. Otamendi urtetan izan da Eskoriatzan zinegotzi, eta Aldundiko Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari kargua ere izan du.

Zerrenda berean daude baita ere Larraitz Ugarte oñatiarra (6.) eta Arrasateko zinegotzi ohi Ander Rodriguez (10.). 2011 eta 2015a bitartean, biak ere Aldundiko diputatu izan ziren; Ugarte, Azpiegiturak eta Mugikortasunekoa; eta Rodriguez, Gizarte Politikakoa. Antzuolako alkate ohi eta Gipuzkoako Diputazioko Lurralde Garapeneko zuzendari izandako Pedro Iturbe (12.a), Bergarako Udaleko kirol teknikari Unai Asurmendi (17.a) eta Arrasaten bizi den eta MUn irakaslea eta kooperatibigintzan ikerlaria den Igor Ortega (19.a) ere badaude EH Bilduren Gipuzkoako zerrendan.

EAJn ere bertakoak

EAJri dagokionez, Gipuzkoako zerrendan 9.a da Aitor Urrutia eskoriatzarra. 2015ko irailaren amaieraz geroztik legebiltzarkidea izan da Urrutia, eta aurretik, 2007tik 2014ra bitartean, Eskoriatzako udaleko zinegotzia ere izandakoa da. Gipuzkoako zerrenda ixten beste bi debagoiendar daude: 24.a Maria Ubarretxena da, egungo Arrasateko alkatea eta Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiaren zuzendari ohia, eta 25.a, Igor Oiarbide, Bergarako kiroletako zinegotzia. Jeltzaleen Arabako zerrendan ere bada debagoiendarrik: azken lau urteotan ere legebiltzarkide izan den eta gaur egun Antzuolako Udalean zinegotzi den Luis Javier Telleria 4.a da.

Lau sozialista Gipuzkoakoan

PSE-EEn, aldiz, Gipuzkoako zerrendan hirugarren dago Rafaela Romero arrasatearra. 1995 eta 1998 artean Arrasateko Udaleko zinegotzia izan zen, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere badu eskarmentua: 2007 eta 2011 artean berauen lehendakari izan zen, esaterako. Gaur egun Debagoieneko bi herritan zinegotzi diren beste bi ere badaude sozialisten zerrendan: Antzuolako udalbatzako kide eta 2009tik legebiltzarkide den Miren Gallastegi (4.) eta Arrasateko Udalean zinegotzi Oscar Garcia (16.). Urtetan Arrasateko eta Oñatiko zinegotzi izandako eta 2001etik legebiltzarkide izan den Blanca Roncal, bestalde, 24.a da sozialisten zerrendan.

PPko Arabako zerrendan

2003tik 2011ra arte Arrasateko zinegotzia izan zen Itziar Lamarain, bestalde, PPren Arabako zerrendan dago, 15. postuan. 2011n ere lortu zuen zinegotzi izateko boto adina, baina karguari uko egin zion, Arabako aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatu izendatu zuten eta.

Elkarrekin-Podemos-en ere bai

Bukatzeko, Ahal Duguk, Equok eta Ezker Anitzak sortu duten Elkarrekin Podemos koalizioan, hiru bergarar daude Gipuzkoako zerrendan: Farmazian lizentziaduna eta Bergarako Zirkuluko Berditasun Arduraduna den Maite Unamuno 12.a da; Jose Maria Sasieta, Bergarako Zirkuluko kidea, 18.a, eta Antonia Galiot, 21.a. Galiot Ezker Batua-Berdeak-en Bergararko zerrendaburua izan zen 2011ko Udal hauteskundeetan.

Posta bidezko botoa

Irailaren 9an hasiko da hauteskunde kanpaina; ordura arte, hautagaiek debekatuta dute botoa eskatzea. Hauteskunde egunean botoa ematera joan ezin dutenek, posta bidez eman ahalko dute. Irailaren 15era arte egin daiteke hori, posta bidez bozkatzeko eskaera-inprimakia beteta eta sinatuta. Hura postetxe guztietan dago, eta euskadi.eus-en ere deskarga daiteke. Behin inprimakia beteta, Correosen aurkeztu behar da. Horrez gain, hainbat alderdik ere eskaintzen dute posta bidez botoa emateko laguntza (inf. gehiago, Herriak atalean). Eskaera egin duenari irailaren 5etik 18ra bidaliko zaizkio posta ziurtatu bidez botoa emateko behar dituen agiriak, eta irailaren 21a du botoa bidaltzeko azken eguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak