Herritarrek lehentasunak zehaztu eta ekarpenak egin ahal izango dizkiote aurrekontu proiektuari. Hiru bide egongo dira horretarako: etxez etxe banatutako esku-orriak beteta, Internet bidez eta irail bukaeratik aurrera eskualdez eskualde ibiliko den partaidetza-karpara joanda.
Aurrekontu Irekien bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak “berme osoa duen partaidetza eredua eskaini nahi die herritarrei, lehen aldiz, ikuspegi errealista batekin eta Aldundiaren eskumen eta zereginekin koherentea dena”. Aintzat hartuko diren ekarpenek, gainera, diputatuak argitu duenez, Batzar Nagusien berrespena jasoko dute aurrekontuak onartzen direnean.
Partaidetza plataforma
Gipuzkoa.eus atariko Partaidetza atalean webgune berezia ipini da prozesu guztia bideratzeko. Webgunean aurrekontuei buruzko informazioa ematen da, batetik. Era grafiko eta argian Aldundiaren diru-kontuen berri ematen da, atalez atal.
Bestetik, erabiltzaileari aurrekontua aurkezten zaio eta proposamen horren aurrean bi ariketa egin beharko ditu bere lehentasunak zehazteko. Lehenik, 16 proiektu ala jarduera aurkezten dira eta horietatik 8 hautatu ditzake erabiltzaileak, lehentasunen ala interesen arabera. Ekimen zehatzei buruz galdetu eta gero, aurrekontu osoa aurkezten zaio simulatzaile baten bitartez. Bigarren ariketan, erabiltzaileak aurrekontuko diru partidak egokitu ditzake bere lehentasunen arabera.
Lurralde osoan 300.000 esku-orri banatu dira, etxez etxe. Esku-orrian proiektuak ere hautatu daitezke eta aurrekontuak lehenetsi 1etik 10erako puntuazio baten bitartez. Esku-orriak Foru Aldundiko Erregistroan ala tokian tokikoetan utz daitezke.
Karpa ibiltaria
Azkenik, kanpainaren osagarri, irailaren 26tik urriaren 13ra bitartean, Gipuzkoako eskualde guztietatik partaidetzarako karpa ibiltaria igaroko da. Guztira 16 udalerri bisitatuko ditu karpak eta informatzaileen laguntzarekin, herritarrek Aurrekontu Irekietan parte hartzeko aukera izango dute. Nahi dutenek, etxean betetako esku-orria karpan uzteko aukera ere izango dute. Karpa Debagoieneko hiru herri handienetan egongo da, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin; eta baita honako beste herrietan ere: Andoain, Azpeitia, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Irun, Ordizia, Tolosa, Urretxu, Villabona, Zarautz eta Zumaia.
Kontu-ematea, urri amaieran
Iritzia jasotzeko prozesua urriaren 14an amaituko da eta ondoren memoria bat osatuko da, aurrekontuen proposamenarekin batera aurkeztuko dena. Txostenean azalduko da zein ekarpen hartu den aintzat eta erabakiaren arrazoia.